euskaraespañol

Adineko pertsonek zenbat eta ariketa fisiko gehiago egin, orduan eta osasun parametro hobeak egongo dira

Ariketa fisikoa eta elikadura osasun adierazleekin eta antioxidatzaileekin lotuta daude, baina modu desberdinean generoaren arabera

Lehenengo argitaratze data: 2014/09/29

Irudia

Bizi-ohiturak (elikadura eta ariketa fisikoa, esaterako) adineko pertsona autonomoen osasun adierazleekin lotuta daude eta zahartze osasuntsua izaten lagun dezakete. Ana Belén Fraile UPV/EHUko doktorearen "Influencia de la alimentación y la actividad física en parámetros de salud y estrés oxidativo de personas mayores autónomas" tesiak ariketa fisikoa gehiago eta sarriago egiteak arrisku kardiobaskularra gutxiagotzea, arteria-presioa eta odoleko azukrea eta kolesterola hobeto kontrolatzea  eta jarduera antioxidatzaile endogenoa haztea dakartzala erakusten du. Elikagaien aukeraketa ere kontuan hartu beharreko faktorea da zahartze-prozesuan bizi-kalitatea hobetzeko. Pertsonen generoaren arabera ariketa fisikoak eta elikadurak eragin desberdina dutela ere erakusten du tesiak.

Zahartzearekin batera, organismoaren funtzioen mailakako gainbehera gertatzen da eta horren ondorio azpimarragarrienetariko batzuk erorketak eta adineko pertsonek independentzia galtzea eragiten duten dementzien agerpena lirateke, dakartzaten kostu sozio-sanitario altuekin. Horregatik, adineko pertsona autonomoen ohiturak eta osasun parametroekin duten erlazioa ezagutzea lagungarria da bizitzaren aro horretan osasuna hobetu eta mantentzeko estrategiak planifikatzeko.

Ikerketa gauzatzeko, Ana Belén Fraile erizainak Gipuzkoako Donostialdea eskualdean bizi diren eta batez beste 70,3 urte dituzten ehun pertsona autonomoren (65 emakume eta 35 gizon) ezaugarriak aztertu zituen. Probak 2010 eta 2011 bitartean egin ziren: balorazio antropometrikoa (adina, altuera, pisua, gorputzeko masaren indizea), odolaren analisia (glukosa, kolesterola, oxidazio-estresa), arterietako tentsioa hartzea, elikadurari eta elikagaien kontsumoari buruzko galdetegia eta bost egunetan jarraian egindako ariketa fisikoaren neurketa objektiboa egitea azelerometro baten bidez.

Zahartze osasuntsua izateko ariketa eta elikadura


Matia Institutu Gerontologikoaren laguntzarekin egin zen ikerketa. Helburua elikadurak eta ariketa fisikoak arteria-presioarekin, balio antropometrikoekin, odoleko parametro orokorrekin eta oxidazio-estresari dagozkionekin (azken hori giharren gainbehera gutxiagotzen eta zelulen zahartzea gelditzen laguntzen duten jarduera entzimatiko antioxidatzaileekin lotuta dago) duten lotura zehaztea izan da. Agertu diren loturak desberdinak dira adineko pertsonen generoaren arabera.

Ariketa fisikoak osasunean duen eraginari dagokionez, tesian adierazitakoaren arabera, emakumeen kasuan ariketa fisiko nahikoa egiteak eta gizonen kasuan pixka bat egiteak arteria-presioa hobeto kontrolatzen laguntzen du. Era berean, emakumezkoen taldean, ariketa fisikoaren intentsitatea eta maiztasuna handitzea parametro antropometriko baxuagoak izatearekin lotuta dago (gorputzeko masaren indizea esaterako), eta baita profil gluzemiko (azukre maila) eta lipidiko (kolesterol eta triglizerido maila) hobeekin ere. Horrek arrisku kardiobaskular gutxiago dutela eta antioxidatzaile endogeno gehiago dituztela esan nahi du. Gizonen kasuan, arikera fisiko gehiago egitea parametro antropometriko hobeak izatearekin eta  zelula-mintza gutxiago kaltetzearekin lotzen da. Ariketa fisikoa indartsua denean, profil lipidiko hobearekin lotzen da.

Elikadurari dagokionez, elikagai batzuk gizentasunarekin, antioxidatzaileen tasarekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotzen duten datuak aurkitu dira. Frailek garatutako ikerketan hautemandakoaren arabera, emakumeen kasuan fruitu lehor gehiago jateak parametro antropometrikoak hobetzea (pisua eta gorputzeko masa esaterako), arteria-presioa jaistea eta arrisku kardiobaskularra gutxiagotzea dakartza. Talde beraren kasuan, barazki eta fruta freskoak, esnekiak eta arrautzak jateak profil lipidiko hobea izatea dakar. Gizonen kasuan, esneki, produktu findu, izozki eta haragi gantzatsu gehiago jateak odolean azukre, kolesterol eta triglizerido maila handiagoa izatea dakar. Oro har, gantz gabeko haragia edo haragi gantzatsua jatea gizentasunarekin lotutako parametroekin erlazionatzen da, eta produktu finduen eta gozokien kontsumoa arteria-presioaren balioak handitzearekin, batez ere sistolikoa edo tentsio altua.

Egileari buruz

Ana Belén Fraile Bermúdez (Barakaldo, 1975) UPV/EHUko doktorea da, Erizaintzako graduduna Unibertsitate Konplutentsean, Erizaintzako diplomaduna UPV/EHUn eta UPV/EHUren Leioako Erizaintza Eskolako irakaslea. "Influencia de la alimentación y la actividad física en parámetros de salud y estrés oxidativo de personas mayores autónomas" tesia idatzi du, Fátima Ruiz Litago eta Amaia Irazusta Astiazaran doktoreek zuzendaritzapean. Farmakologia. Medikamenduen Garapena, Baliospena eta Erabilera Arrazionala Unibertsitate Masterra dauka Ana Belén Frailek eta ikerketan aritzen da adineko pertsonen Giza Fisiologia, Elikadura Ohiturak eta Ariketaren Fisiologiaren alorretan.