euskaraespañol

ARTESHOP ekimenaren IV. edizioa hasi da

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako 75 artelan egongo dira ikusgai Bilboko 75 establezimendutan ekainaren 15era bitartean

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/05

Irudia

Marta Ajuria Bilboko Udaleko Merkataritza eta Turismo Saileko zinegotzi ordezkariak, Natxo Rodriguez UPV/EHUko Unibertsitate Hedapeneko dekanordeak eta Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko zuzendariak gonbidapena luzatu dute gaur, "ARTESHOP: establezimendu bat, artelan bat" izeneko ekimenaren IV. edizioan parte hartuko duten 75 establezimenduetan jarri diren 75 artelanak bisitatzeko. Ekainaren 5etik 15era, sormenak, arteak eta kulturak Bilboko saltegiak beteko dituzte. Gaur, "75 museo berri" inauguratuko dira gure hirian, artista berrien beste horrenbeste artelanekin. Arterik berriena da, etorkizunera begira joera markatuko duena. Ekimen berritzaile honi esker, artea eta merkataritza harmonizatzen dira, gizarte-interes berean eta eremu fisiko berean: Bilboko hirian.
ARTESHOPen laugarren edizio honetan, 75 ikaslek eta beste horrenbeste saltegik parte hartuko dute harreman emankor honetan. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek, euren lanak egiterakoan, Bilbao Arte Fundazioko hamar artistaren laguntza izango dute. Artista horiek komisariotza-lana egingo dute. Artista horietako zazpik, gainera, baterako erakusketa egingo dute Erriberako Merkatuan: Pau Figueres, Alberto Albor, Kepa Garraza, Antonio Ruiz Montesinos, Taxio Ardanaz, Álvaro Gil eta Manuel Casellas. Gainerako hirurek, hau da, Iker Serranok, Ismael Iglesiasek eta Juan Carlos Arangok Plaza Biribilean dagoen Bilbao Bizkaia Turismo Bulego berrian erakutsiko dituzte euren artelanak.

EPAIMAHAIA, SARIAK ETA BERRIKUNTZAK

15.000 mapa argitaratu dira, eramateko erraza den formatu argiarekin. Horrela, ARTESHOP 2014 ekimenean parte hartuko duten saltegietatik euren ibilbidea diseinatu gura dutenek, erabateko irizpide-askatasunez egin ahal izango dute.

Artelan irabazleak hautatzeko prozesuak bi fase ditu: lehenengo fasean, Bilbao Arte Fundazioko hiru artistak egin diren proiektuak ebaluatuko dituzte eta hamar finalisten hautaketa egingo dute. Bigarren fasean, epaimahai batek erabakiko du nortzuk izango diren ARTESHOPeko hiru sarien irabazleak. Lehenak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 900 euro eta hirugarrenak 600 euro. Epaimahai horretan honako hauek egongo dira: Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria; Marta Arzak, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza eta Interpretazioko zuzendariordea; Naia del Castillo, artista; Iñaki Billelabeitia, UPV/EHUko Arte eta Teknologia Saileko zuzendaria; eta Juan Carlos Erkoreka, Bilbao Dendak-eko presidentea.

ARTESHOPen historian lehenengoz emango zaio "Jendearen sari berezia" arteshopbilbao.com webgunean boto gehien jasotzen dituen lanari. Proiektu irabazleak 600 euro jasoko ditu. Bozketan parte hartzen dutenen artean 100 euroko hamar txartel izendun zozketatuko dira, programan parte hartu duten 75 establezimenduetan gastatzeko ekainaren 17tik uztailaren 16ra bitartean.

Facebook-eko argazki-lehiaketa da beste berrikuntzetako bat. Partaideek argazki bat bidali ahalko dute, Arteshopeko artelanetakoren baten ondoan. "Atsegin dut" gehien jasotzen duten 10 argazkiek sarrera bat irabaziko dute, Guggenheim Bilbao Museoan Georges Braqueren erakusketako bisita gidatura joateko.

Sariak ekainaren 13an entregatuko dira, arratsaldeko zortzietan, Bilboko Zabalguneko Merkatuan egingo den galan. Bertan, hauek parte hartuko dute: ikasleek, artistek eta merkatariek, baita ordezkari instituzional eta sozialek ere.

Ekintza artistikoaren produkzio-gastuetarako, Bilbao Ekintzak 200 euroko diru-laguntza emango die lehiaketan parte hartuko duten Arte Ederren Fakultateko ikasleei, eta 300 euroko diru-laguntza, berriz, Bilbao Arte Fundazioko artistei. Horrez gain, proiektua garatzeko, 200 euro emango zaizkio hautatutako ikasle bakoitzari, eta Bilbao Arteko artistek 300 euro jasoko dituzte, Erriberako Merkatuan egindako jardueragatik.