euskaraespañol

Eguneko irudia

Europako kostaldeek itsas isuriekiko duten arriskua ebaluatu dute

UPV/EHUko ikerketa batek arrisku-indize bat proposatu du, Europako kostaldeek isuriekiko duten zaurgarritasuna neurtu eta alderatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/07

Irudia

Kostaldeko eskualde batzuek itsasoko petrolio-isurien aurrean izan dezaketen arrisku erlatiboa adierazten duen indize estatistiko batek, UPV/EHUko Ekonometria eta Estatistikako ikertzaile Javier Fernández-Machok proposatuak, ohartarazten du Atlantikoko europar herrialdeek arrisku handiagoa dutela Europako beste ur batzuetako kostako herrialdeek baino. Itsasoko eta kostaldeko zonen zaurgarritasuna gutxitzen eta babes-politikak diseinatzen lagundu dezakeen tresna bat da.

Europako kostaldeko eskualdeek itsasoko petrolio-isurien eraginak jasateko duten arriskua neurtzeko eta alderatzeko metodo bat proposatu du  Javier Fernández-Macho irakasleak. Poluzio-mota horrekiko kostaldeko eskualdeek duten arrisku erlatiboaren eta zaurgarritasunaren ranking bat ezarri du ikerketan proposatuko eta probatutako eredu estatistikoak, eta Fernández-Machoren iritziz, "itsasoko eta kostaldeetako baliabide sentikorren zaurgarritasuna gutxitzeko eta babesteko politikak diseinatzen lagundu dezake eredua aplikatzeak".

"Indizea ez da sortu isuri batek eragin dezakeen kaltea kasu bakoitzean ebaluatzeko; aitzitik, eskualde bakoitzak Europako gainerako eskualdeekiko duen isuri-arrisku erlatiboak azaleratzea du helburu —azaldu du—. Arrisku handiena zer eskualdetan dagoen jakiteko ordenazio bat da; hartara, beharbada, arrisku gehien duten lurraldeetan proposatu beharko dira irtenbideak beste batzuetan baino lehenago".

Ikertzaileak eredu konputazional bat erabili du, Europako kostalde osoan itsasoko petrolio-isurien eragina simulatzeko. Eredua osatzeko lau aldagai garrantzitsu izan ditu kontuan: kostaldetik itsasoko istripua gertatzen den tokiraino dagoen distantzia, gertakariaren ondorioz askatutako isuriaren tamaina, kaltea jasan dezakeen kostaldeko zonaren forma eta luzera, eta gertakariaren tokian eta datan izan diren ur-lasterren eragina.

Europako uretan 1970 eta 2014 bitartean izan diren 301 gertakari eta istripuen datuetan oinarritzen da eredua. Mundu osoko ur ozeanikoetako nazioarteko garraioarekin lotutako ontzi-enpresek eta instituzioek osatutako ITOPF erakundearen datu-base publikotik eskuratu ditu datuok ikertzaileak. Horrekin guztiarekin, Eurostat - Europako Estatistika Bulegoak definitutako 429 lurralde-unitateren eta 156 kosta-eskualderen arrisku erlatiboa ebaluatu du, eta mapa batean marraztu.

Erresuma Batuak du kalteak jasateko arrisku handiagoa

Europako kostaldeko eskualdeen artean heterogenotasun handia dagoela adierazten dute ikerketaren emaitzek. Halaber, aditzera ematen dute Atlantikoko kostaldean daudela batez ere itsas isuria izateko arrisku handieneko eremuak. Bereziki, Erresuma Batuko kostaldeek dute eragin handiagoa; izan ere, itsas isuriak izateko arrisku handieneko 25 lurralde-unitatetik bost baino ez dira Erresuma Batutik kanpokoak.

Fernández-Machok adierazi duenez, ikerketa honetan ateratako ondorioak nahiko zentzuzkoak dira. Adibide gisa Erresuma Batuarekin lotutako emaitzak aipatzen ditu: "Mantxako Kanalean itsas zirkulazio handia dago, eta toki batzuetan kanala oso estua denez, oso pentsatzekoa da denborarekin istripu handi gehiago gertatzea han, kostaldetik gertu beste toki batzuetan baino". Halaber, ikertzaileak adierazi duenez, "egoera aldatzeko politikak aplikatzen ez diren bitartean, oso erraza da historikoki ezagutzen duguna etorkizunera estrapolatzea"; alegia, probabilitate handia dago istripu larriak izan diren tokietan berriz gertatzeko. Horregatik, UPV/EHUko ikertzaileak ohartarazi duenez, "Europako kostaldeak, eta bereziki Atlantikoko kostaldea, arrisku handian daude, eta behar-beharrezkoa da politikak aplikatzea, bai Europa mailan, bai estatu mailan, bai tokian bertan, petrolio-isuriek eragin ditzaketen arazo larriak arintzeko".

Euskal kostaldeari dagokionez, ikertzailearen arabera, "hauek ez dira itsas garraio handiko eremuak, ezta petrolio-ontzi handiak pasatzen diren eremuak ere. Guri eragin dakigukeen kaltea itsas lasterrek eragindakoak dira, neurri handi batean, isuria gure kostaldera ekar baitezakete. Beraz, gure arrisku-mailak nahiko baxuak dira".

Ikerketa honek nazioarteko ikertzaileen arreta piztu du, interesa baitute ikusteko nola egokitu daitekeen mota honetako indize bat beste ingurune geografikoko uretara.

Informazio osagarria

Javier Fernández-Macho doktorea UPV/EHUko Ekonometria eta Estatistika Saileko Sustainable Economics and Welfare unitateko koordinatzailea da. Unitate horren helburuetako bat da herritarren bizi-kalitatea sustatzen lagunduko duten ikerketak bultzatzea, garapen jasangarriko ereduen ikerketan aurrera eginez, orobat, biodibertsitatearen babesa eta ekosistemen kontserbazioa bultzatzea, lurreko zein itsasoko baliabideen erabilera jasangarria lortzen laguntzeko.

Erreferentzia bibliografikoa