euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk bat egin du Gasteizko Klima Akordioarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/05

Irudia
Manoli Igartua eta Maider Etxebarria | Argazkia: Nuria González

Maider Etxebarria alkateak eta Alavés-Baskonia Taldeko, Mobility Lab Vitoria-Gasteiz Fundazioko, Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroa, Arabako Parke Teknologikoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ordezkariek Vitoria-Gasteizko Akordio Klimatikoa sinatu dute eta, ondorioz, lehen bost atxikimenduak lortu ditu. "Bost erakunde horiek aitzindariak izan dira gure Klima Akordioari eta 2030erako ezarritako klima-neutraltasuneko erronkak lortzeko egin behar dugun bideari atxikitzeko orduan", azaldu du Maider Etxebarriak.

Ekitaldia egin dute udaletxeko harrera-aretoan, eta honako hauek hartu dute bertan parte: Alfonso Fernández de Trocónizek, Alavés-Baskonia Taldeko ordezkari gisa, Jone Berriozabal Berdintasuna, Euskera eta Gobernantzako foru-diputatuak, Mobility Lab Fundazioaren izenean, Jose Luis Elejaldek, Tecnaliako energia-, klima- eta hiri-trantsizioko zuzendariak, Miren Bilbaok, Arabako Parke Teknologikoko gerenteak; eta Manoli Igartuak, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak.

Gasteizko Klima Akordioarekiko atxikimenduen helburua da “sinatzaileek 2030ean erakundeetan eta udalerri osoan neutraltasun klimatikoa lortzeko beren gain hartutako konpromisoak” jasotzea, bai eta pilatutako esperientzia eta ikaskuntza kapitalizatzea eta beste lurralde-ingurune eta jarduera esparru batzuetan haien erreplikagarritasuna hobetzea ere.

Ildo horretan, Manoli Igartuak nabarmendu du UPV/EHUk bat egiten duela Gasteizko Klima Akordioarekin, "unibertsitate publiko gisa dugun konpromisoa berresteko, erronka sozial handiei aurre egiteko eta jasangarritasunerantz aurrera egiteko, garapen iraunkorraren aldeko gure EHUagenda 2030ekin bat etorrita".

"Konpromiso horren adibide garbia da berriki UnicitiES 2030 programan parte hartu dugula, Udala lagun dela. Programa hau Unibertsitate Ministerioaren ekimen bat da, titulazio amaierako lanak (GrAL/MAL) egin daitezen, udaleko teknikariekiko lankidetzan, konponbideak elkarrekin sortu eta hiri eraldaketa jasangarria sustatzea helburu. Proiektu hauen bidez, erronka espezifikoei heldu nahi diegu 2030ean lortu beharreko neutraltasun klimatikorako bidean, UPV/EHUk gizarte iraunkorrago baterako trantsizioan duen funtzio estrategikoa indartuz, beti ere", azpimarratu du errektoreordeak.