euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikerketa Onkologikoko Talentu Berrien Ramiro Carregal saria jaso du Arkaitz Carracedok

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/06

Irudia

Ikerketa onkologikoarekiko duen konpromisoa eta minbiziaren biologia molekularraren ulermenean erreferente nazionala izatea aitortzen ditu sariak; maiatzaren 29an eman zioten, Santiago de Compostelan egindako zeremonian

Ikerketa Onkologikoko Talentu Berrien Ramiro Carregal saria eman diote Arkaitz Carracedori. UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakaslea da, Ikerbasqueko ikertzailea eta CIC bioGUNEko Zelulen Seinaleztapena eta Minbiziaren Metabolismoa Ikertaldeko burua.

Maiatzaren 29an eman zioten saria, Santiago de Compostelan, Ikerketa Onkologikoko Ramiro Carregal Nazioarteko Sarien banaketan.

Minbiziaren aurkako borrokaren gaineko ezagutzan aurrera egiteko ekarpen garrantzitsuak egiten dituzten ikertzaileak ezagutzera ematea da Ikerketa Onkologikoko Talentu Berrien Ramiro Carregal Sariaren helburua. Beste ikertzaile gazte batzuk inspiratu nahi ditu sariak, gaixotasun horren gaineko ulermena eta tratamendua arakatzen eta ekarpenak egiten jarrai dezaten.

“Carracedo irakasleak minbiziaren biologia molekularra ulertzeko egindako ekarpen esanguratsua” nabarmendu du Ramiro Carregal Sariaren epaimahaiak, eta “biomedikuntzaren arloan ekarpen esanguratsuak egiteko gaitasuna, denboran zehar modu jarraituan eta hainbat ikerketa ingurunetan”. Gainera, “oraindik ibilbide laburra izan arren, erreferente bilakatu da minbiziaren ikerketan, bai estatu mailan, bai nazioartean”.

Ibilbide bikainarengatik, duen sormenarengatik eta lan egiteko modu dinamikoagatik laudatu dute Arkaitz Carracedo. Nazioarteko aldizkari ospetsuenetan egin dituen argitalpenek haren ikerketaren bikaintasuna modu objektiboan neurtzeko balio dute.

Sariak ikerketa onkologikoaren garrantzia nabarmentzen du, eta minbiziaren ezagutzan, ulermenean eta tratamenduan aurrerapen garrantzitsuak egiten ari diren talentu berriak aitortzen ditu.