euskaraespañol

Nekane Balluerka errektoreak ikasturte akademiko honetarako Jardueren Programa aurkeztu du

Egungo Aldezleak bere kandidatura aurkeztu du berrautaketarako, baina ez du behar besteko babesa jaso

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/23

Irudia
Nekane Balluerka klaustroan. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Gaur, Unibertsitateko Klaustroak Leioa-Erandioko gunearen Areto Nagusian egindako bileran, 2016-2017 ikasturtean garatuko den Jardueren Programaren aurkezpena egin du Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak. Momentu honetan aurkezteko arrazoia izan da zuzendaritza talde berriak aurreko hilabetean, urtarrilean, hartu zuela kargua. Hala, ezinbestekoa, zen, une honetan, unibertsitatearen komunitateari, zeina klaustroan ordezkatuta dagoen, ildo nagusiak helaraztea.

Errektoreak aurkeztu duen Jardueren egitasmoa bederatzi programatan edo ardatzetan antolatu da. "Ikasteko unibertsitatea" programaren baitan, gaur egungo tituluak hobetzeko eta, berritzaileagoak eta erakargarriagoak diren beste batzuk proposatzeko egingo da lan. Gainera, Automozioko Ingeniaritza gradua ezartzeko beharrezkoak diren urratsak emango ditugu, bai eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduan bitariko ibilbidea edo ibilbide duala diseinatzeko ere.

"Unibertsitate ikertzailea" izenburuko programaren baitan, deialdi berriak abiaraziko dira honako helburuetarako: doktorego tesien kantitatea eta kalitatea areagotzeko; irakasle eta ikertzaileek ikerketa proiektuetan duten parte hartzea areagotu eta lidergoa izateko aukerak sustatzeko; ikerketa tradizio txikiko arloetan talde berriak sortzeko, eta nazioarteko ikerketa taldeekin lankidetza bultzatzeko. Horrez gainera, hainbat mekanismo ezarriko ditugu nazioarteko erreferentzia duten artikuluak argitaratzea bultzatzeko, eta mugikortasun programa bat sortuko dugu gure ikertzaileek inguruko enpresetan eta erakundeetan parte har dezaten.

"Irakaskuntzarekin konprometituriko unibertsitatea". Irakaskuntza jarduera ebaluatzeko programen erabilera normalizatzeko jardungo da, irakasleen garapen akademiko profesionala sustatuko da, eta irakasle onenek lankideak trebatzeko programetan parte har dezaten bultzatuko da.

"Aukera profesionalak eskaintzen dituen unibertsitatea". Horren baitan, administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, lanpostuak baloratzeko prozesuei eta monografien eguneraketari ekingo da berriro. Kudeaketako egitura UPV/EHUren egungo premietara egokitzeko urratsak emango dira, gainera. Helburu hori lortzeko, Erreferentziazko Langile Zerrenda eguneratuko da, 2014ko iraileko bermeen akordioa garatzeko pausoak emango dira. eta hainbat unibertsitate zerbitzuren egitura berrikusiko da. Bestalde, laneko eta familiako bizitza bateratzea errazteko neurri berriak hartuko eta telelana ezartzeko aurrerapenak egingo dira.

"Elkarrekin bizitzeko unibertsitatea" programarekin ingurune adeitsu bat eta elkar bizitza sustatuko duena egin nahi da unibertsitatean, azpiegiturak, moldatu, erabilerraztasuna hobetu eta ohitura osasungarriak bultzatuz.

"Gure inguruan errotutako unibertsitate bat" programaren bidez, euskararen erabilera unibertsitate bizitzaren arlo guztietan normalizatu nahi da, hizkuntza profil berriak planteatuz, prestakuntza eskainiz eta euskarazko hezkuntza eskaintza areagotuz, nola graduetan hala graduondokoetan.

"Mundura irekitako unibertsitatea" programak, berriz, Graduondoko Latinoamerikako Sarea eta Nazioarteko Bikaintasun Campusa finkatu, nazioarteko sailkapenetan hobetzeko aukerak identifikatu, eta prestakuntza eskaintzaren nazioartekotzea bultzatu nahi du, titulu bikoitzak nahiz baterako tituluak bultzatuta bazkide estrategikoekin batera. Era berean, mugikortasun birtuala indartu nahi da. 

"Gizartearekin konprometituriko unibertsitatea" izeneko beste programa bat ere badago. Horren bidez, ikasleei laguntza ematen jarraituko dugu, haien askotariko egoerak aintzat hartuta: ezgaitasuna, urrakortasun ekonomikoa, espetxeetako ikasleak, errefuxiatuak, etab.  Jasangarritasuna kontzeptu globalizatzaile gisa ulertuko dugu, non barne hartzen diren inklusioa, gizarte eta ingurumen konpromisoa, garapenerako lankidetza eta giza baliabideak. 

Amaitzeko, "Gobernu ona sustatzen duen unibertsitatea" programaren bidez, lanean jarraituko dugu administrazio elektronikoa garatzeko, leihatila bakarraren eredua definitzeko eta gardentasun maila hobetzeko. Halaber, sailen berrantolaketa diseinatu, eta Kontabilitate Analitikoaren Sistema martxan jartzeko urratsak egingo dira, kanpo eta barne bitartekoak indartuta eta kudeaketa ekonomiko gardena, erraza eta ulergarria eginda. Programa horren baitan, unibertsitateko kolektiboen arteko komunikazioa eta harremanak bultzatu, eta haien parte hartzea sustatuko dugu, gobernantza estrategietan. Bereziki bultzatuko da ehualumni proiektua.

Nekane Balluerka errektorearen iritziz, "anbizio handiko jarduera plan bat da, nahiz eta horren ezarpenerako ikasturte erdiko tarte txikia besterik ez dugun. Nolanahi ere, aurretik egindako lana dugu abiapuntu, eta, era berean, jakin badakigu programa hauei jarraipena emango zaiela datozen urteetan. Unibertsitate publiko bat gara, gizarte balioetan sortzen dena, ikertzeko bokazioa duena, euskal gizartean eta kulturan errotuta dagoena eta, aldi berean, nazioarteko bikaintasuna eta hedakuntza bilatzen duena. Printzipio horiek daude jarduera programa honen oinarrian".

Aldezle

Bestalde, Itziar Etxebarriak, egungo Adezleak, bost urteko kudeaketa bukatu ostean, hautagaitza berriz aurkeztu du, baina bere kandidaturak ez du babes nahiko jaso. Han ziren 127 klaustrokideen bi herenak eman behar zuen haren aldeko botoa. Zenbaketa honakoa izan da: 112 boto eman dira, 83k alde egin du, 28 zuri eta baliogabeko 1. Etxebarriak funtzioetan jarraituko du, Aldezlea hautatzeko prozedura berria erabakitzen den bitartean.

Bozketa aurretik, Aldezleak urteko txostena aurkeztu dio Klaustroari, non, besteak beste, erakundearen lehenengo bost urte horien balantzea ere egiten den. "Gaur egun, Aldezlea guztiz finkatuta dagoen erakunde bat dela esan genezake. Datozen urteetako zeregina izango da erakundea sendotzea eta haren potentzialtasun guztiak garatzea, unibertsitateko kideen konfiantza eta atxikimendu gero eta handiagoa lortzeko. Nolanahi ere den, merezi izan du bost urte hauetan eginiko lanak" adierazi du.

2016. urtean, 109 pertsona joan ziren aldezlearen bulegora, eta 117 gai planteatu zituzten guztira, kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak kontuan hartuta. Ikusten denez, aztertutako kasuak jaisten ari dira. Joera hori nahiko orokorra da beste unibertsitate batzuetan, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikasleen kontsulten jaitsieraren bidez azal daiteke. "Irakasle-ikertzaileek eta AZPko langileek planteatutako aztergaien kopurua joan den urtekoaren parekoa izan da; kontua da behera egin dutela ikasleek planteatutako aztergaiek", adierazten da txostenean.

Aldezlearen bulegora joan ziren 109 pertsonen artetik, 59 emakumeak ziren, eta 50, gizonak; kopuru horiek bat datoz, gutxi-asko, UPV/EHUren barruko proportzioarekin. Campusen araberako banaketari dagokionez, bai Bizkaian bai Araban, kasuek gora egin zuten 2012. eta 2014. urteen bitartean, eta gero, behera; Gipuzkoan, aldiz, gorako joerari eutsi diote.

Aztergai motei erreparatuz gero, 2016an 64 kontsulta, 47 kexa eta 6 bitartekaritza eskaera jaso ziren. "Ikus daitekeenez, 2015arekin alderatuta, kontsulta kopurua –azken hiru urteetan argi igo ondoren– jaitsi da 2016an, eta kexak eta bitartekaritza eskaerak, berriz, joan den urteko maila bertsuan mantendu dira", esaten da txostenean.

Esku hartzeen gaiak ere ez dira gehiegi aldatu urte hauetan. Ikasleen artean, ebaluazioari, irakaskuntzaren kudeaketari, matrikulari edo ebaluazio bereziari lotutako gaiak dira nagusi; irakasleen artean, berriz, irakaslanaren banaketari edo lan baldintzei lotutako gaiak agertzen dira gehienbat. AZPko langileei dagokienez, azken urteotan gora egin dute lan baldintzei lotutako gaiek. "Hori dela eta, espero dugu Errektoregoak, zeina, inondik ere, planteatzen ari garen honetaz guztiaz jakitun baita, datozen urteetan borrokan jarraitzea fronte guztietan, UPV/EHUren ikerketa, irakaskuntza eta kudeaketa garatzeko baldintzak eta aurrekontuak hobetzeko" adierazi du Itziar Etxeberriak.

Aldezleak kexak bideratzeko pertsona eta organoengana jo behar izan duenean, haien erantzuna oso positiboa izan bada ere, "arazo bat bada, urtero errepikatzen dena eta aurreko txostenetan aipatu izan duguna: epean ez erantzutea. 2016an, hobetu egin da joan den urtearekin alderatuta, baina sektore batzuetan zuzendu gabe dago oraindik jarduteko modu erabat gaitzesgarri hori " baieztatu du.

Bost urteko ibilaldia

Itziar Etxebarriak, txostenaren amaieran, Aldezlearen bulegoaren bost urteko ibilaldiaren balantzea egin du. Denbora tarte horretan, UPV/EHUko ikastegi, campus eta kolektibo guztietako 507 pertsonari egin zaie arreta, eta askotariko kexa, kontsulta eta arazoak planteatu dituzte, guztira: 654 aztergai. "Oro har, pozik nago egin dugun lanarekin, nahiz eta ziurrenik gauzak ez ditugun beti nahi bezain ongi egin. Barkamena eskatu nahi diet gure lana espero zuten bezain ongi ikusi ez duten pertsonei" adierazi du Itziar Etxebarriak.

Aldezlearentzat irakasleen eta AZPko langileen gatazkak izan dira jarduera zailenak, eta horrelakoetan prestutasunez, ausardiaz eta zuhurtziaz jokatzen saiatu da. "Gure jardueretan, independenteak eta inpartzialak izaten saiatu gara beti, ez bakarrik gure unibertsitatearen Estatutuek horrela agintzen dutelako, justizia eta pertsonen eskubideak zaindu behar dituen gurea bezalako erakunde batean besterik egitea ezinezkoa izango litzatekeelako baizik. Ez da beti erraza izan, baina uste dut lortu dugula" nabarmendu du.

Urte hauetan egindako lanari buruz egin daitezkeen balorazioak alde batera utzita, ukaezina da aldezleak balio handiko ekarpena egin diezaiokeela unibertsitatearen funtzionamenduari. "Izan ere, unibertsitateko kideen eskubideak zaintzeko oinarrizkoa izateaz gainera, administrazioari lagun diezaioke hainbat arazori aurre egiteko; sistemaren akatsak, hutsuneak eta gabeziak agerian jar ditzake; eta, araudiak eta, oro har, unibertsitatearen funtzionamendua hobetzen lagun dezake. Azkenik, gogoeta zabal bat ere bultza dezake unibertsitatean azken urteotan gertatzen ari diren aldaketei buruz, gogoeta garrantzitsua eta beharrezkoa, eguneroko zeregin eta betebehar ugariek soseguz egiten uzten ez digutena" amaitu du.