euskaraespañol

Euskal musika eta dantza tradizionala UPV/EHUra helduko da

AIKO taldeak eta UPV/EHUk sinatu duten hitzarmenari esker, Dantzaldi Ibiltaria ekimena unibertsitateko kideengana zabalduko da

Lehenengo argitaratze data: 2014/08/08

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta AIKO Taldeak, euskal dantza tradizionalak berreskuratzen ari den musikarien eta dantza-maisuen elkarteak, hitzarmen bat sinatu berri dute eta, horri esker, unibertsitateko komunitateari eskainiko zaizkio Dantzaldi Ibiltariaren ikastaroak. Ekimen original horretan, lantegi, mintegi eta erromeriak barne, UPV/EHUren Bilboko paraninfoan, Bizkaia Aretoan, eskainiko ditu saioak astelehenero urritik ekainera bitartean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiak eta AIKO Taldeko Sabin Bikandik sinatu dute hitzarmena.

Dantzaldi Ibiltariaren programazioaren bidez, AIKOk mailakako ikastaroetan eskainiko ditu euskal dantza tradizionalaren errepertorioa, metodo erraza inguru ludikoan erabiliz eta dantza herrikoia gizarteratzera lagunduz. Aukera erakargarri eta naturala da dantzari ekiteko, 2.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte dagoeneko ikastaro, lantegi, mintegi eta erromerietan.

Bilboko Abandoibarra zonaldeko Bizkaia Aretoa eszenatoki bihurtu zen iazko udaberrian ere, AIKO Taldeak girotutako zenbait erromeriek jendetza bildu zuten. Álvaro Sizak diseinatutako Bizkaia Aretoa eraikinak, Iberdrola dorrearen ondoan lekututa, Udaberriko dantzaldiak programaren hiru erromeria hartu zituen, Kulturbasque kultur programazioaren baitan.

Mintegiak Irakasleen Eskolan

Sustrai tradizionaleko musika eta dantzaren zabalkunde soziala sustatzea kultur ondasun gisa; musika eta dantza tradizionalarekin, eta folklorearekin oro har, lotutako ezagutzak aktiboki transmititzeko laguntzea; eta musika eta dantza tradizionalak aisi jarduera gisa normalizatzeko laguntzea dira, besteak beste, AIKO Taldearen eta UPV/EHUren arteko hitzarmen honen xedeetariko batzuk.

Xedeok lortu ahal izateko, dantzak, kontzertuak eta entzunaldiak eskainiko dira, eta horrez gain, jarduera pedagogikoak eta dibulgaziozkoak, hala nola, ikastaroak, mintegiak eta lantegiak.

Bizkaia Aretoko Dantzaldi Ibiltariaren ikastaroez gain, UPV/EHUrekin sinatu hitzarmenari esker, mintegi espezifiko bat eskainiko zaie Irakasle Eskolako ikasleei, Londoneko Unibertsitateko Etno-Musikologia Doktore Sabin Bikandik eskainia, txistularia eta konpositorea, AIKO Taldeko sortzaileetariko bat da.

AIKO Taldeari buruz

AIKO Taldea, bokazio komuna duten musikari eta dantza-irakasleek osatutako kultur elkartea da, 'era natural, erlaxatu eta dibertigarrian musika jo eta dantzan egitea' helburu duena. Horretarako, irakaskuntza-metodo erraz eta jostagarria proposatzen dute Dantzaldi Ibiltaria delako ekimenaren bitartez. Ikasketa musika eta dantzarekiko erabateko gozamena bihurtzen duen metodologia propioa da. Ikastaro egonkorren eta tailer, mintegi eta erromerien bitartez, Dantzaldi Ibiltariak aukera erakargarri eta naturala eskaintzen du dantzan hasteko eta jauzi, soka-dantza, jota, porrua, balsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa eta abarrarekin gozatzeko.

Musikaz eta dantzaz erabat gozatzea bideratzen duen beraien metodologia propioa sortu dute. Ekimen honek egiteko modua berrasmatzea dakar, jatorrira bueltatzea, aspaldiko herri ospakizunetan dantzan egiten zen xumetasun eta naturaltasunera itzultzea.

Antolatzen dituen jardueren artean ditugu tailerrak, topaketak, erromeriak, nahiz, musika tradizionalaren grabaketak eta argitalpenak, liburu eta DVDak. Dantzaldi Ibiltarian asteroko eskolak 2014ko urritik 2015ko ekainera: Bilbon (Bizkaia Aretoa), Donostian, Iruñean, Azkainen, Durangon, Galdakaon, Gernikan, Markinan, Sopelan...