euskaraespañol

Image of the day

Pertsona nagusien zaintzaileen ongizatea hobetzen da ariketa fisiko gainbegiratuarekin

Ageing On ikerketa-taldeak frogatu du zaintzaileen min lunbarra nabarmen hobetzen dela 12 asteko ariketa fisikoko programa bati esker

  • Research

First publication date: 30/05/2024

Ander Espin Elorza
Ezkerretik eskubira, Jon Irazusta, Ander Espin eta Ana Rodriguez | Photo: Fernando Casabella, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Pertsona nagusien zaintzaile profesionalekin egindako ikerketa batean agerian geratu da garrantzitsua dela zaintza-langileentzat ariketa fisikoa era jarraituan egitea, bai min lunbarra gutxitzeko, bai onura psikoafektiboak eragiten dizkielako. Zenbait enpresa hasi dira Ageing On ikerketa-taldeak prestatutako onlineko programa ezartzen.

Batez ere adin ertain eta nagusiko emakumezkoa, langileria orokorrarekin lotuta adinez nagusiagoa dena; min lunbarraren prebalentzia oso altua duena, eta harekin lotura duten zenbait arazo psikoafektibo ere izan ditzakeena; horren guztiaren ondorioz bizi-kalitate okerragoa izan dezakeena… Horixe da gaur egun pertsona nagusien zaintzaileen profil orokorra. Nork zaintzen ditu zaintzaileak? Galdera edo aldarrikapen hori ez da berria gure gizartean. “Nola zaindu ditzakegu zaintzaileak?” galdegin diote UPV/EHUko Ageing On ikerketa-taldeko kideek beren buruari.

Ageing On taldean, besteak beste, pertsona nagusien funtzionaltasuna mantentzeko ariketa fisikoko programak garatzen dituzte. “Baina konturatu ginen bazegoela beste kolektibo bat, pertsona nagusien zaintzaileena, ariketa fisiko indibidualizatuaren onurez baliatu zitekeena; izan ere, zaintzaileen artean min lunbarraren prebalentzia oso altua da, eta zuzenki eta oso era negatiboan eragiten du haien ongizatean”, dio Ana Rodriguez Larrad ikertzaileak. Hala, kolektibo horren ongizatearekin lotutako aldagaiak identifikatu eta horietan eragiteko esku-hartzeak diseinatu eta ebaluatu dituzte zenbait urtez: “200 zaintzailetik gora aztertu genituen zer arazo zeukaten ikusteko, non eragin genezakeen, zer izan zitekeen eraginkorra eta zer ez…”.

Orain, “min lunbarra arintzeko programa bat probatu dugu sei erakundetako langileekin —azaldu du Ander Espin Elorza ikertzaileak—. Hamabi astez aritu dira taldean eta lantokian gorputz-pisua eta goma elastikoak erabiliz indar-ariketa errazak egiten, langile bakoitzaren neurrira eta intentsitate moderatuan entrenatzen era progresibo batean”. Programa amaitutakoan ikusi dute langileen min lunbarra murriztu egin dela. “Gainera, planifikatutako saioen erdira etorri direnek hobekuntzak izan dituzte arlo psikoafektiboan ere; izan ere, depresio-arriskua jaitsi da, sendagai hipnotiko eta antsiolitikoen erabilera murriztu da, eta bizi-kalitatea hobetu”, erantsi du Espinek. Nolanahi ere, programa amaitu eta 48 astera egindako probetan, min lunbarraren gaineko onurak leundu zirela ematen du, eta horrek agerian utziko luke “garrantzitsua dela ariketa fisikoa era jarraituan egitea”.

Bideo-dei bidezko saioak enpresetan

Ikerketan, gainera, langileen egoera fisikoaren balorazioa online egiteko tresna bat baliozkotu dute, bai eta ariketa-programak bideokonferentzia bidez egin ere —izan ere, ikerketa COVIDaren pandemiaren testuinguruan egin zuten—. “Saioak online eta urrunetik egiteak izan ditzake zenbait abantaila, hala nola ekonomikoa, pandemia-egoeran gauzatu ahal izatea eta abar”, dio Espinek. Eta “halako programak beste zaintzaile-mota batzuetara ere heda daitezke, adibidez, zaintza informalaz arduratzen diren pertsonetara; bai eta mingarriak diren beste zonalde batzuetara ere: sorbalda, eskumuturrak…”, zehaztu du Rodriguezek.

Ikertzen jarraitzen dute Ageing On taldeko ikertzaileek. Ariketa fisikoko programa gainbegiratuek urtebetera baja-egunak murriztea ekartzen dutela dioten datu positiboak dituzte esku artean, nahiz eta oraindik gehiago sakondu behar duten horretan. “Ariketa fisikoaren inplementazioak langileen ongizateari begira ekar ditzakeen onurez gainera, zaintza hobea eskaintzeko aukera ere ematen du”, dio Rodriguezek. Horrenbestez, enpresa batzuk harremanetan jarri dira, dagoeneko, Ageing On ikerketa-taldearekin programa inplementatzeko: “Programak inplementatzeko askatasun handia ematen du, eta emaitza onak ematen ditu”, adierazi dute.

Informazio osagarria

Ander Espin Elorzak Ana Rodriguez Larrad eta Jon Irazusta Astiazaranen zuzendaritzapean egindako tesiaren emaitzak dira horiek. Ikerketan erakunde hauek hartu dute parte: Aspaldiko fundazioa, SSI taldea, Caser Residencial,  IMQ Igurco eta Colisée. Zaintza-langileen egoera karakterizatzeko aurretiko lanetan, Eusko Jaurlaritzaren Elkartek proiektu baten languntza izan dute, eta Tecnalia, Mondragon Unibertsitatea, Matia, Osalan eta Vicomtech-ekin aritu ziren lankidetzan.

Ageing On taldeko Ander Espin eta Ana Rodriguez ikertzaileek eskolak ematen dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko Fisioterapiako Graduan (Leioako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean) eta Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterrean.

Bibliographic reference