euskaraespañol

Nola murriztu CO2 isurpenak zementua eta hormigoia eratzean

Hegoi Manzanok, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak, Europako doktorego sare bat koordinatzen du material horiei buruz ikertzeko

  • News

First publication date: 10/06/2024

Image
Hegoi Manzano eta Aden Rana | Photo: Fernando Casabella. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa.

Zementua eta hormigoia ekoiztean CO2 isurpenak murriztea helburu duen Europako proiektu bat koordinatzen du Hego Manzanok, UPV/EHUko Fisika Saileko ikertzaileak.  Urtean 4 bilioi tona Portland zementu ekoizten direla kalkulatzen da, eta kilogramo bakoitza ekoizteko, gutxi gorabehera, 1 kg CO2 isurtzen dela. Zementuaren ekoizpenak ingurumenean duen inpaktua arintzeko teknologietako bat CO2 hori atzematean eta zementu berriak garatzeko lehengai gisa erabiltzean oinarritzen da; zementu berri horiek jasangarriagoak izango lirateke, eta ez horren kutsakorrak.

EBren Horizonte Europa ikerketa eta berrikuntza programak, Marie Sklodowska-Curie (MSCA) ekintzen baitan, Contrabass izeneko proiektua (zero-co2 cement through carbonation of calcium silicates and aluminates) finantzatu du, kaltzio karbonatozko zementu berri horien fisika eta kimika arloko alderdietan sakontzeko. Finantzaketaren zenbatekoa 2.171.340,00 €-koa da, eta UPV/EHUk 251.971,20 € jasoko ditu.

“Kaltzio karbonatozko zementu berri horien hidratazio prozesuaren oinarriak ulertzea, Portland zementuarekiko aldeak ulertzea eta materialaren propietateak optimizatzeko moduak topatzea da Contrabass proiektuaren helburua”, azaldu du Hegoi Manzano ikertzaileak.

Proiektua gauzatzeko Europako Doktorego Sarea sortu dute, eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Saileko Manzano irakasleak koordinatzen du sarea. Europako 8 herrialdetako 10 unibertsitatek, beste 5 bazkide akademikok (horien artean, CSIC) eta 5 bazkide industrialek osatzen dute partzuergoa. Bazkide industrialen artean daude Europako zementu enpresa nagusiak (HOLCIM, Heidelberg, TITAN) eta eraikuntzarako gehigarrien enpresak (SIKA eta Chryso).

“Parte hartzen duten 10 unibertsitateek finantzaketa jasotzen dute doktoregai bat kontratatzeko eta haren ikerketaren gastuak ordaintzeko. Doktoregai bakoitzak arazo beraren alderdi ezberdin bati buruz egiten du tesia, eta jarduera akademikoak partekatzen dituzte; halaber, trukerako egonaldiak egiten dituzte ikastegi eta enpresetan, haien prestakuntza hobetzeko”, esan du Manzano irakasleak.

UPV/EHUren kasuan, doktorego tesia proiektu honetan garatuko duen doktoregaia Aden Rana frantsesa da. Ikertzaile horrek Matematika eta Fisikako Lizentzia Bikoitza ikasi zuen Pariseko Est Créteil Unibertsitatean (2018-2021). UPV/EHUn, eskala atomikoan modelizatzen ditu kaltzio karbonatoaren nukleazio eta hazkunde prozesuak.