Tituluaren gakoak
Gizarte Antropologiak gizarte bizitzaren konplexutasuna eta haren dibertsitatea aztertzen ditu, garai eta testuinguru desberdinetan. Horrez gain, gaur egungo gertaera sozial zein kulturalen aldaketak eta haien ondorioak aztertzen ditu, prozesu horietan aintzat hartuz desberdintasun sozioekonomikoak; klasea, generoa, sexualitateak, erlijioak eta adina bezalako prozesu eta aldagaiak; migrazio prozesuak eta gizarte politikak; edota herri kulturaren eta kultura tradizionalaren adierazpen konplexuak, besteak beste. Gizartearen gaineko foku anitzeko erradiografia sakonei eta konplexuei bide ematen die antropologiak. Hain zuen, arkitektura graduko ikasleei ezagutza antropologikoek gizarteek eta kolektiboek espazioarekin duten harremana modu konplexuan aztertzen lagunduko diote, gizakiak bere ingurunearekin duen harremana, ingurune hori modelatzeko moduak eta horiek eraikitzeko irudikapenak aztertzeko. Finean, hiri eta bestelako testuinguruetako espazioen giza dimentsioa aztertzeko tresnak eskuratuko dira.