Tituluaren gakoak
Ahoko inplantologia etengabe garatzen eta berritzen ari den odontologiaren adar bat da. Inplantologia tratamendu batean sortzen diren konplikazio eta porrot gehienak planifikazio faltagatik izaten dira. Graduondoko honek beharrezkoa den prestakuntza eskaintzen du odontologia, estomatologia eta aho-masailetako kirurgiaren arloko profesionalek inplanteen terapeutikaren plangintza integrala egiteko gaitasuna egiazta dezaten.
Prestakuntza programan, oinarrizko ezagutza ematen da, paziente bakoitzari banakako aplikazio klinikoa egiteko, diagnostikoaren, plangintzaren, kirurgiaren eta errestaurazioaren arloetan. Teknika aurreratuei dagokienez, ehun gogorrak eta bigunak birsortzeko ezagutza berritzaileena erakusten da, baita ahoko mikrokirurgiaren prozedurak ere.
Irakasle taldea mistoa da: UPV/EHUko irakasleak eta eremu pribatuko ikertzaileak eta akreditatu klinikoak. Metodologian, berriz, eduki teorikoarekin batera, tailer aurreklinikoak eta praktika klinikoak egiten dira pazienteekin.