euskaraespañol

Eguneko irudia

Egungo Euskararen Hiztegia aurrera doa, eta B letra amaitu du

Euskara-euskara hiztegirik zehatzenak 56.500 sarrera ditu dagoeneko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/09

Irudia
Errektore, Nekane Balluerka Julio Gallastegui eta Pello Salabururekin. Foto: UPV/EHU

UPV/EHUko Euskara Institutua eta Laboral Kutxa azkeneko zortzi urte honetan ibili dira elkarrekin lanean, Sareko Euskal Gramatika (SEG) abian jarri zen urte beretik. SEG da une honetan, amaitua ez bada ere, sarean dagoen euskal gramatikarik osoena. Astero sartzen da material berria. Izan ere, Euskara Institutuak sarean jartzen ditu bere lan guztiak, jendearen eskura doan. SEG horretaz aparte baditu mende honetako testuen gainean eraikitako corpus zabalak eta hiztegiak ere. Hiztegi horietako bat da Egungo Euskararen Hiztegia (EEH), gaur egungo testuetan oinarritzen dena.

EHH hiztegi hori da une honetan XXI. mendeko euskara-euskara hiztegirik zehatzena eta Laboral Kutxak eman duen laguntzari esker ari da Euskara Institutua garatzen. UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak, Laboral Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallasteguik eta Euskara Institutuko zuzendari Pello Salaburuk aurkeztu dute oso-osorik berriki amaitu den B letra. Une honetan bi letra bakarrik falta dira hiztegia amaitzeko: A eta E. Gainerako letra guztien orrazketa ere egin da, Euskara Institutuaren Egungo Testuen Corpusa (ETC) izeneko corpus erraldoiak ematen duen informazioan oinarritua. Ibon Sarasola ikertzailearen ardurapean egiten ari garen EEH hiztegiak biltzen dituen datuak oso urrun uzten dituzte gainerako euskal hiztegi guztiak. Hauek dira datu adierazgarri batzuk:

Sarrera kopurua: 56.425
Azpisarrera eta adierak: 203.666
Adibide kopurua: 419.886
Hitz multzoak: 342.925

Adibide kopurua handia da, baina horrek ez du esan nahi horiek direla corpusean ageri diren adibide guztiak. Milaka eta milaka gehiago dago: horiek dira adibide aukeratuak, behin bazterturik informazio berria ematen ez duten adibideak. Hitz multzoak, berriz, oso interesgarriak dira hitzen erabileraren testuinguruaren berri izateko. Hitz batzuek beti badute joera beste batzuen ondoan agertzeko: "parte hartu" edo "aintzat hartu" dira asko erabiltzen diren elkartze horietako batzuk. Aldiz, "eskupoltsa hartu" edo "egurkada hartu" askoz ere gutxiagotan ageri dira testuetan.

Material hori guztia paperera eramenez gero letra xeheko 10.000 orrialde baino gehiago beharko genituzke.
Gaur aurkeztu den B letra egiteko urte luze bat behar izan da, material asko eskatzen duen letra baita (eta berdin gertatzen da egin gabe dauden A eta E letrekin ere):

Sarrera kopurua: 6.532
Sarrera + Adierak: 17.765
Adibideak: 56.595
Hitz multzoak: 95.927

Aurkezpena aprobetxatu du Euskal Herriko Unibertsitateak eskerrak emateko Laboral Kutxari urte hauetan zehar eman duen laguntzagatik. "Oso garrantzizkoa da enpresa pribatua inplikatzea unibertsitatearen zereginetan", adierazi du Pello Salaburuk.

"XXI. mendeko euskara idatzian oinarrituta, euskara ikasteko, euskaraz idazteko eta euskara aberasteko ezinbestekoak dira tresna eta baliabide hauek, eta azpimarratu nahiko nuke, guztion eskura sarean doan eskaintzen diren lan sendoak izanik, milaka eta milaka pertsonek kontsultatzen dituztela", azaldu du Julio Gallasteguik.

Bestalde, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka pozik agertu da proiektua bide onetik doalako: "Azpimarratu nahi dut Euskal Herriko Unibertsitateak duen konpromisoa euskararekiko eta euskal kulturarekiko ere. Guztiz amaitu gabe ere, Egungo Euskal Hiztegia geldituko da erreferentzia gisa. Eskerrak eman nahi dizkiot Euskara Insitutuari lan hauengatik guztiengatik; eta Laboral Kutxari emandako sustapenagatik, proiektu hau aurrera eramateko ezinbestekoa izan delako babes hori".