euskaraespañol

UPV/EHUko Medikuntzako bi graduatu, BAMEko (MIR) lehen 100en artean

Erizaintzako graduatu bi, Zientzia eta Teknologia Fakultateko lau eta Farmaziako hiru, BAEE, BAEFE, BABE eta BAFEko lehen 50en artean

  • News

First publication date: 19/04/2021

Ikasleak, praktikak egiten, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko laborategietan

Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko bi graduatu daude, martxoaren 27an egin zen BAMEko (Barneko Mediku Egoliarra) hautaketa probaren behin-behineko emaitzen arabera, lehen 100 onenen artean: Elena Eguizabal Martínez (37.a) eta Maika Izquierdo Lantarón (61.a).

Joseba Pineda UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa, “nahiko pozik” agertu da deialdi honetan lortutako emaitzak direla. Medikuntzako bi ikasle horietaz gain, UPV/EHUko Erizaintzako hiru ikaslek postu onak lortu dituzte aurtengo BAEEn: Malen Ezeiza Zapiain (24.a), Sofía Gómez Castresana (40.a) eta Maialen Izagirre Goenaga (81.a). Erizain horiek edizio honetan eskaintzen diren 1.683 plazetako bat betetzeko aukera izango dute.

"Oraindik zehatz-mehatz aztertu behar ditugu deialdi honen emaitza orokorrak, ez bakarrik lehen postuak, baita gureetako zenbat plaza lortuko duten ikasleen % 57ren artean dauden ere", adierazi du Pinedak. "Medikuntzaren kasuan, datu bikainak genituen abiapuntu, eta gainditzeko oso zailak". Izan ere, duela 2 edizio 9 ikasle egon ziren BAMEko lehen 50en artean. "Hala ere, aurtengoak  nahiko ontzat jo ditzakegu; izan ere, gure azken promozioko tituludunen proportzioa ez da BAMEn aurkeztutako 14.062 pertsonen % 1,99 baino gehiago, eta ehuneko hori pixka bat handiagoa da top 100ean", gaineratu du.

Guztira, 14.062 pertsona aurkeztu ziren deialdi honetako BAMEko hautaketa probara. Izangai horietariko 10.083k azterketa gainditu dute, eta guztira BAMEko 7.989 plaza eskaini dira, 2020an baino 477 gehiago. Euskal Autonomia Erkidegoan ere mediku egoliarrentzako plazen kopurua igo da, eta guztira 490 izango dira, aurreko edizioan baino % 8,17 gehiago.

Fisika, Biologia, Farmazia eta Psikologia

Medikuntza eta Erizaintzako espezialitateez gain, Osasun Prestakuntzako aurtengo deialdian 7.529 hautagai aurkeztu dira BABE (Barneko Biologo Egoliarra), BAFE (Barneko Fisikari Egoliarra), BAKE (Barneko Kimikari Egoliarra), BAEFEn (Barneko Erradio Fisikari Egoliarra) eta BAPE (Barneko Psikologo Egoliarra) eskaintzen ziren 577 plazetako bat lortzeko.

Hain zuzen ere, Farmaziako 1.582 aukeztu dira BAFEko 267 plazetara; Psikologiako 4.333k BAPEko 198 plazetara; Biologiako 1.113  espezialista BABEko 50 plazetara; Kimikan, 284 hautagai BAKEko 22 plazetara, eta BAEFEko 40 plazetara, 217 pertsona.

Farmazia Fakultateko dekanoa, Mirari Ayerbe, pozik agertu da “bere ikastegiko 14 ikaslek BAFEko 267 plazetako bat lortzeko aukera izango dutelako”. Haien artean, Imanol Navarro Villafañe, “oso goresgarri den 13. postua lortu duena, eta Loreto Prímula Sangorrin Lapieza, 34.a”, azpimarratu du arduradunak.

Bestalde, Ospitaleko Erradio Fisikan, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko graduatu Adrián Hierro Rivero hamalaugarren geratu da, eta Jon Cipitria Herrero eta Izaskun Notario Echevarria 44. eta 45.a izan dira, hurrenez hurren, BAEFE 40 plazen bila aurkeztu diren 217 pertsonetatik. Gainera, Biokimika eta Biologia Molekularreko graduatu Martín Barainka Gorostizagak aukerak izango ditu BABEko plaza bat lortzeko, 29. postuan geratu baita.

Fernando Plazaolak,  Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak, ikasleak zoriondu eta hauxe nabarmendu du: “Proba horiek estatu mailan egiten dira, eta oso lehiakorrak dira. Adibidez, Barneko Biologo Egoiliarraren plaza lortzeko proben kasuan, 22 pertsona lehiatzen ziren plaza bakoitzeko. Horrek adierazten du zein zorrotzak diren. Beraz, nabarmendu behar da jasotako prestakuntza eta proba prestatzeko egindako ahalegina. "

Halaber, Psikologia Fakultateko bi graduatuk, Saioa Rojas Betolazak (69) eta Ane Otazu Bosquek (75), BAPEko ehen 100en artean kokatzea lortu dute. Gabriela Chotro dekanoak azaldu duenez, "gure fakultatean Psikologiako Gradua lortu zuten 3 psikologok, gutxienez, plaza lortuko dute BAPEko azken deialdian, eta horietako bi lehen 100 postuetan daude". "Albiste honek poza sortzeaz gain, graduko eta graduondoko ikasketen kalitatea agerian uzten du, baita gure taldearen ekarpena ere".

Edizio honetako emaitzen bereizgarri nagusia emakumeen lidergoa izan da. Erreklamazioak aurkezteko epea apirilaren 21era arte egongo da zabalik, eta horren ostean jakingo dira behin betiko emaitzak. Osasun Prestakuntza Espezializatuko plazak (BAME, BAEE, BAPE, BAFE, BAKE eta BAEFE) esleitzeko behin-behineko data ekainaren 16a izango da, eta aurreikusten da etorkizuneko egoiliarrak uztailaren 15-16tik aurrera sartuko direla beren lanpostuetan.

Kategoria guztien emaitzak hemen kontsultatu ahal dira:
https://fse.mscbs.gob.es/fseweb/view/public/listadospublicados/listado.xhtml