euskaraespañol

Image of the day

Euskal Herriko Unibertsitateak 60 beka praktikak atzerrian egiteko eskaintzen ditu, Global Training programaren baitan

Deialdia 30 urtetik beherako tituludunei zuzenduta dago eta izena emateko epea ekainaren 17tik uztailaren 19ra bitartekoa da

  • News

First publication date: 27/06/2024

Image

Euskal Herriko Unibertsitateak, aurten ere, "Atzerrian Praktikak Egiteko Bekak" programa jarri du abian 30 urtetik beherako tituludunentzat, "Global Training" izenekoa. Beka hauek Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena dira. Aipatzekoa da UPV/EHU dela Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako hezkuntzaren esparruan bakarrik aurkeztu den erakunde bakarra, eta guztira 60 beka kudeatuko dituela.

‘Global Training’ programak helburu du EAEko gazte tituludunen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzea, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako praktika profesionalak atzerriko herrialdeetako enpresatan eta erakundeetan 6-12 hilabetez egin ditzaten, betiere aurrez prestakuntza praktikoko plan bat eratuta. Ingeniaritzan, teknologian, laborategietan edo arkitektura-estudioetan praktika profesionalak eskaintzeaz gain, artearekin eta diseinuarekin lotutako zenbait praktika ere eskaintzen dira, Alemanian eta AEBetan. Garapen jasangarriarekin zerikusia duten praktikak ere eskaintzen dira; hala nola, Biodiversity and Development Institute (Hegoafrika) edo Hegazti Harraparien Azterketa eta Kontserbaziorako Zentroa (Argentina); baita ere, hezkuntzarekin (AEBko Basque Museum), AEBetako komunikazioarekin eta ekitaldien antolaketarekin lotutako praktikak; eta, Txileko genero-berdintasunarekin eta giza eskubideekin zerikusia dutenak.

"UPV/EHUk aurkeztutako proiektuak puntuazio altua lortu du Ebaluazio Batzordearen aldetik, eta proposatutako praktika guztiak eman zaizkio. Era berean, proiektuaren kalitateak eta aurreko edizioetako esperientzia onak mugikortasunen arrakasta bermatzen dute", dio Fernando Tapia Alberdi Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

*Programari eta UPV/EHUren eskaintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo hona:

https://www.ehu.eus/eu/web/enplegua/global-training-bekak