euskaraespañol

Gure ikaslea Europako Batzordearen egutegian

  • Report

First publication date: 12/01/2023

Image

Urtero, Europako Batzordearen Bartzelonako Ordezkaritzak mahaiko egutegi bat prestatzen du, Gabonak baino lehen Espainia osoan banatzeko, zorion moduan. Edizio bakoitzerako aukeratutako gaia ideia-jasa baten emaitza da. 2023rako, gizarte hobea lortzeko modu anonimoan lan egiten duten pertsona guztiei omenaldia egitea pentsatu zuten; horregatik, egutegiak ‘Europako heroiak’ du izena. “Agian, urte hauetan bizi izan ditugun egoeren ondoren (pandemia, Ukrainako gerra...), inoiz baino hobeto ohartzen gara gure herritarren balioez”, azaldu du Europako Batzordeak Bartzelonan duen Ordezkaritzako prentsa-buruak eta proiektuaren arduradunak. 

Hamabi heroiak aukeratzea, hilean bat, ez zen erraza izan. “Lan zaila izan zen, lurralde-, genero- eta gai-oreka egotea nahi genuen”, azpimarratu du Martík. Puzzlea eraikitzeko, interesgarriak izan zitezkeen istorioak eta pertsonak bilatu zituzten, hainbat komunikabidetan argitaratutako artikuluetan bilatuz. Eta halaxe iritsi ziren Aneganaino, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikaslea, azaroko protagonista. 

2021eko martxoan, Ukrainako gerra hasi eta hiru astera, Poloniatik email bat artikulua argitaratu genuen Campusan. Artikulu horrek Ane Rodríguez Igartuak Wrocław-etik bidali zigun posta elektronikoa erreproduzitzen zuen. Han zegoen une horretan, Arkitekturaren Oinarrietako Graduko laugarren kurtsoa egiten zuen, Erasmus programari esker. Emailean kontatzen zuenez, bera eta Espainiako beste Erasmus batzuk Ukrainako muga (500 bat kilometrora) zeharkatu ondoren Poloniako hiri horretara iristen ziren dozenaka errefuxiaturi laguntzeko antolatu ziren. “Historia interesgarria iruditu zitzaigun, erakusten baitzuen nola inplikatzen diren gazteak kausa garrantzitsuetan”, adierazi du Martík. Bestalde, Ane Polonian Erasmus programari esker egotea ere gustatu zitzaien. “Azpimarratzekoa da Europako ekimen honek funtzionatzen duela eta etorkizuneko europarrak prestatzen dituela, ez bakarrik ikasketen arloan, baita balioen arloan ere”, erantsi du. 

Hain zuzen, Aneren arabera, esperientzia haren irakaskuntza nagusia “daukaguna baloratzea eta beti laguntzeko prest egotea” izan zen. “Mundu guztia ez dela guk bezala bizi konturatzea, eta ez duela zortea. Agian gu geu egongo gara leku horretan eta besteen laguntza beharko dugu”, gehitu du. Taldeak ez zuen denbora gehiagoz lagundu behar izan, “handik gutxira, biltegiko arduradunek dena antolatua zutelako [biltegiak errefuxiatuentzako materialak batzen eta banatzen baitzituen], eta ez zegoen boluntarioen laguntzarik behar”. Bera eta Erasmus lagunak nolabait harremanetan daude, zaila bada ere, estatuko hainbat tokitan bizi baitira. “Hala ere, beti kontatu ahal dudan jendea da”, dio Anek. 

Guztira, 10.000 egutegi inprimatu dira gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz. Norbaitek bat nahi badu, Europe Direct zentroetan lor dezake. Horietariko bat UPV/EHUko Europar Dokumentazio Gunea da, eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean dago. Eta on line bertsioa hemen ikus daiteke: https://barcelona.spain.representation.ec.europa.eu/noticies-i-esdeveniments/calendari-2023-herois-europeus_ca