Bilboko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian parte hartu dute Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak eta Ugo Mayor UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea eta ‘InpAkta’ aldizkariko erredakzio-buruak. 22 erakundek bultzaturik, gure lurralde osoko unibertsitate eta ikerketa sare nagusienak elkarlanean garatutako aldizkaria da ‘InpAkta’.
‘InpAkta’ aurkeztu da, 22 erakundek bultzatu eta gizartean inpaktu handia duten gaiak landuko dituen aldizkari zientifikoa
Euskaraz eta ingelesez, jakintza arlo guztietako gaiak jorratuko ditu ‘InpAkta’ aldizkariak eta, urtean, bi zenbaki kaleratuko ditu
- News
First publication date: 09/02/2024
Ugo Mayor InpAkta aldizkariko erredakzio buruak azaldu duenez, jakintza arlo guztietako ikerketa lanak jasotzen ditu InpAkta Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkariak. Betiere, Mayoren hitzetan, ondorengo baldintza batekin: ikerlan hauek “gizarte moduan ditugun erronkei aurre egiteko baliagarri izango badira bakarrik”. Artikulu zientifikoak euskaraz edo ingelesez onartuko ditu aldizkariak. Halere, argitaratutako ikerlan bakoitzarekin batera, edozeinek irakurri ahal izateko laburpen bat dakar aldizkariak, Euskal Herriko hiru hizkuntz ofizialetan. Aldizkariaren zero zenbakiak 20 ikerlan jaso ditu, eta aurreikusten da urtean bi zenbaki ateratzea, 2025 urtean argitaratuko dela lehen zenbakia.
“Hutsune bat betetzera datorrela ”InpAkta“, azpimarratu du Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoreak. Argitalpen zientifiko baten zorroztasun osoz, Euskal Herrian egiten diren ikerketa lanen nazioarteko proiekzioa indartzeaz gain, gure lurraldeetako ikertzaileen komunitatearen arteko zubiak eta harremanak sortu eta sendotzen dituen tresna” izango dela InpAkta”, eta hauxe gaineratu du: “Ikerketa lanak ingelesez eta euskaraz aurkezten dituen argitalpen zientifiko bakarra izanik, euskara teknikoa aberastuko du”.
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak nabarmendu du aldizkariak duen “aniztasuna sustatzaileen artean eta gai desberdinak jorratzeko bokazioa”. Atxaren ustean, “gai desberdin horiei guztiei buruz sakon hausnartzea eta beraien artean dauden harremanei buruz ikertzeak lagunduko digu gure gizarte konplexu honen erronkei egokiago erantzuten”.
Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorearen ustez, “gizartearen espiritu kritikoa garatzeko tresna” izateko bokazioarekin jaio dela aldizkaria. Etxeberriak gaineratu du InpAkta-k “akademiatik haratago” joan nahi duela eta ahalegin berezia egingo duela dibulgazio lanetan.
Azkenik, Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak azpimarratu du, batetik, “gizarte eragileentzat, erakundeak barne, erabakiak hobe hartzeko” tresna baliagarria izango dela InpAkta, eta bestetik, aldizkaria ere badela “euskal ikerketa sarearen indarra eta lankidetzaren isla”. “InpAkta aldizkariak indartzen euskararen presentzia ikerkuntzan eta teknologian indartzen” lagunduko duela erantsi du.
22 erakundeen elkarlana
Aurkezpenean EAEko hiru unibertsitateetako ordezkariek parte hartu badute ere, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute proiektu honek “atzean daukan saretze ariketa izugarria”. Izan ere, gure lurralde osoko unibertsitate eta ikerketa sare nagusien elkarlanetik jaio da InpAkta, beste hamaika eragileekin batera. Hauxe da babesleen zerrenda: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea, Université de Pau et des Pays de l’Adour, Universidad de Navarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Centre, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Université de Bordeaux, Université Bordeaux Montaigne, Basque Research and Technology Alliance, Aditech, Elhuyar Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies - Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.