Itziar Laka Mugartza
Europako hizkuntza-ondarea zaintzen: AThEME
Hizkuntzalaria. UPV/EHUko katedraduna. Gogo Elebiduna taldeko zuzendaria
- Cathedra
First publication date: 20/01/2017
This article is published in its original language.
Europako hizkuntza-ondarea zaintzea da Europar Batasunak aldarrikatzen duen asmo nagusi bat. Helburu horretan laguntzeko, AThEME: Advancing The European Multilingual Experience (www.atheme.eu) izeneko FP7 markoko europar proiektuak Europako hizkuntz aniztasuna du ikergai, hizkuntzalaritza, zientzia kognitiboa eta soziologia elkarrekin bilduaz. Dagoenekoz 2014. urtetik abian den proiektu honek bost urtez iraungo du. Europako zortzi estatutako hamazazpi erakundek hartzen dute bertan parte; horien artean, EHUko Gogo Elebiduna taldeak (www.ehu.eus/HEB/).
Europako eleaniztasunaren behatoki erraldoi honetan, hiritar eta gizarte eleaniztunak aztertzen ditugu, hainbat ikerketa-metodologia erabiliaz. Alor-arteko ekimen honek Europako eleaniztasunaren hamaika aurpegiak biltzeko asmoa dauka eta, horretarako, ikerketa lerro berriak ireki ditu, oinarrizko hainbat galderari erantzuteko: Zer da elebidun/eleaniztun izatea? Zergatik eta nola lortzen da batzuetan bai eta bestetan ez hizkuntza bat ikastea? Nola lagun diezaiekegu hiritarrei beren ondare-hizkuntzak zaindurik eleaniztun eraginkorrak izan daitezen? Zer ondorio du elebitasun/eleaniztasunak gure kognizioan? Elebitasun/eleaniztasunak ba ote dakarkie onurarik hiritarrei zahartzaroan? Zer elkarreragin daude elebitasun/eleaniztasuna eta komunikazio-arazoen artean? Zein dira Europako eskualde-hizkuntzak osasuntsu mantentzeko faktore nagusiak? Erronka hauen aurrean, AThEMEk ikerketaren bitartez sortutako oinarri enpiriko sendoa eskaini nahi du, ebidentzian sustraitutako politikak eta ekimenak gara ditzagun gure gizartean. Azkenik, AThEMEk eleaniztasunaren garrantziarekiko oharmena sortu nahi du europan zehar, esparru akademikoa eta hiritarrak elkarlotuaz, Bilingualism Matters izeneko nazioarteko zabalkunde-programaren bitartez (www.atheme.eu/dissemination/).
Europako Eskualde-hizkuntzak. Europar batasunak 60 bat eskualde-hizkuntza aitortzen ditu eta hizkuntza horiek 40 bat milioi hiztun dituzte. Eskualde-hizkuntzak, gehienak hizkuntza gutxituak, Europako eleaniztasunaren gakoa dira. Elebitasunari eta eleaniztasunari buruzko ikerketak nazioartean gora egin badu ere, gutxitan hartzen du kontuan eskualde-hizkuntzak dakizkiten elebidunen egoerak, hots, gure gizartean euskara dakigunon egoera. Hona AThEMEk alor honetan dituen helburu nagusiak: Batetik, eskualde-hizkuntzetan gertatzen den elebitasun/eleaniztasunaren ezagutza gizartean areagotzea eta zabaltzea, bai hizkuntzalaritzaren zein gizarte edota kognizio zientzien ikuspuntutik. Bestetik, eskualde-hizkuntzak biltzen dituen elebitasun/eleaniztasuna arrakastaz mantentzeko gara daitezkeen estrategiak bilatzea eta estrategia horien ondorioak ikertzea. Hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik, Europako hainbat eskualde-hizkuntzen deskribapen eta analisi bateratua osatuko dute AThEMEko ikertzaileek eta, honi loturik, elebitasun/eleaniztasunak hizkuntzen aldaketan duen eragina. Bestela esan, hizkuntzen arteko aldeak eta antzekotasunak elkarrekin bildu eta aztertuaz, Europako hizkuntza ondarearen itxurapenik zehatzena egingo dugu. Azkenik, bereziki eskualde-hizkuntzen bizi duten egoera zaila hobetzeko asmoz, AThEMEk hizkuntza horiek gordetzeko eragingarrien diren estrategiak aztertu eta estrategia horien ondorioak behatuko ditu. Ekimen honek bai geografikoki zein zientifikoki duen esparru zabalari esker, Europan erabiltzen diren hizkuntza-politikak erkatu eta balioztatuko ditugu, Euskara, Frisiera, Sardoa, Gaelikoa edo Bretoiera bezalako eskualde-hizkuntzei dagokienez.
Europako Hiritar Eleaniztuna. Europar Batasunak epe luzeko helburuen artean badu hiritar guztiek beren ama-hizkuntzaz gain beste bi hizkuntza jakitea. Helburu hau beteko bada, nahitaezkoa dugu hizkuntzak ikastea erraz edo zail zerk egiten duen sakonki ulertzea. Horretarako, elebitasun/eleaniztasunaren alde kognitiboak ikertzen ditugu. Erronka honetan, hiru arazo nagusi dira aztergai: Lehenik, pertsonak hizkuntza ikastean duen adinak eta hizkuntza horrek bere ama-hizkuntzarekin dituen aldeek (hizkuntzen arteko distantziak, alegia) ikasketan duen eragina. Bigarren edo hirugarren hizkuntzak ikastean eragin handien duten sakoneko faktoreak aurkitzea dugu helburu. Honetarako, jokabidetik neurofisiologiarainoko esparruetara hedatzen diren lan esperimentalak egiten dihardugu. Bigarrenik, eleaniztasunak jendarteko harremanetan duen eragina. Adibidez, nola eragiten dio hizkuntzaren prozesamenduari eta komunikazioari berezkoak ez diren hiztunak biltzen dituzten elkarrizketa eta prozedurek? Azkenik, hizkuntza eta beste funtzio kognitiboen artean dagoen elkarreragina ikertzen dugu, esaterako atentzioan, memorian, eta erabakiak hartzeko moduan. Bestela esan, elebitasun/eleaniztasuna ikuspuntu neurokognitibo batetik ikertzen dugu, sakoneko ebidentzia berriak azaleratzeko. Oraintsu arte, elebitasun/eleaniztasuna galdetegien bitartez eta ataza batean erreakzio-denborak neurtuaz ikertu izan da batik bat. AThEMEn, honezaz gain, burmuinaren aktibitatea neurtzen duten EEG/ERP (burmuinaren seinale elektrikoak neurtzen ditu) eta fMRI (burmuinaren odolaren erabilera neurtzen du) teknikak erabiltzen ditugu, partaide garen nazio askotako taldeok horretarako ditugun laborategietan konparagarriak diren ikerketak burutuaz.
Gure artean, oro har, elebitasun/eleaniztasunarekiko oharmena handia da. Lan eskerga egin dugu bai hezkuntzan, zein osasunean edota hizkuntz politikan gure eskualdeko hizkuntzari lekua egiteko. Hala ere, asko da oraindik hobetzeko duguna eta, bide horretan, hizkuntzaz eta elebitasunaz zenbat eta lehiakorragoa gure ikerketa, zenbat eta handiagoa gure ezagutza, are egokiagoak garatuko ditugun hezkuntza, osasun eta hizkuntza politika berriak, hiztun mota asko biltzen eta bilduko dituen gure gizarte geroz eta eleaniztunago honetan.
Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.