euskaraespañol

Image of the day

Alaitz Artabe

Enpresek gazte profesionalak erakartzeko (eta atxikitzeko) duten erronka

Ekonomiako irakasle agregatua

  • Cathedra

First publication date: 28/05/2024

(Opens New Window)
Image
Photo: Freepik.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Lan bila dabiltzan gazteen lan arloko lehentasunak ezagutzea erabilgarria izan daiteke enpresentzat, haien lanpostuak egokitzeko. Hala, hautagai gehiago erakar litzakete, eta hautaketa eraginkorragoa egin.

Horrek garrantzi berezia du egungo testuinguruan. Izan ere, soldata ez da lan eskatzaile gazteek kontuan hartzen duten lanaren ezaugarri bakarra. Kasu askotan, ez da ezaugarririk garrantzitsuena ere, eta pisu handiagoa du ibilbide profesionalaren garapenak edo hazkunde profesionalak.

Langile potentzialak erakartzea, Espainiako mugez harago

Espainiako gizartearen erronka demografikoa dela eta (biztanleria zahartu egin da eta jaiotza tasa baxua da), murrizten joan da Espainiako gazte kopurua eta, hortaz, etorkizuneko langile kopurua. Ondorioz, gazte profesionalak bilatzeko orduan, enpresak dagoeneko ez dira herrialdearen mugetara mugatzen, eta aintzat hartzen dute nazioarteko talentu gaztea biltzeko aukera.

Euskal Enpresaren Konfederakuntzak euskal enpresek 2024rako dituzten enplegu eta kualifikazio beharren gainean egindako inkesta batek erakusten duenez, enpresen % 40k ez du baztertzen kanpoko pertsonak kontratatzea, hemengo merkatuan kontratatzeko zailtasunak direla eta.

Espainiako gaur egungo legediak eta politikek aukera ematen dute kualifikazio altua duten atzerriko langileak ekartzeko eta ikasketak Espainiako programetan egin dituzten atzerriko gradudunak lan merkatuan txertatzeko.

Datuek erakusten dutenez, 2023an, Gizarte Segurantzan afiliatutako langileen % 12,8 atzerritarrak ziren. Ehuneko hori % 17,1ekoa da 35 urtetik beherako langileen artean.

Beste herrialde batzuetako gazteak kontratatzeak trebetasunen aniztasuna handitzen du eta, horrez gain, laneko giroa inklusiboa eta globala izatea sustatzen du; horrek enpresaren dinamika aberastu dezake.

Estrategia hori baliagarria izan daiteke bertako talentu falta ordezkatzeko eta Espainiako enpresak mundu mailako testuinguru batean kokatzeko. Hala, ezagutzen partekatzea sustatuko litzateke eta lehiakortasuna indartuko litzateke gero eta interkonektatuagoa den lan mundu honetan.

Soldatez harago

Espainiako, Kolonbiako, Ekuadorreko, Alemaniako eta Txekiar Errepublikako gazte ekonomialarientzat erakargarrienak izan daitezkeen laneko alderdiak identifikatu dituzte Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek egindako azterlanek.

Enpresen beharretara egokituko diren langileak erakartzeko, soldata lehiakorra eskaintzeaz gain, enpresek beste onura batzuk eskaini behar dituzte, diruarekin zerikusirik ez dutenak: ibilbidea garatzeko aukerak eta etengabeko prestakuntza daude gazte ekonomialariek gehien baloratzen dituzten alderdien artean. Enpresek soldata altuak ordaindu ezin dituzten kasuetan, onura horiek hobetzeak erakargarriago bilaka ditzake lanpostu horiek hautagaientzat.

Ekonomialari gazteek gehien baloratzen dutena enpresaren barruan epe luzean ibilbide bat garatzeko aukera izatea da. Hautagai horien ustez, epe luzeko aukera profesionalek modua ematen dute ibilbide profesional gorakorra izateko.

Bestetik, kontratu iraunkorra izatea da inkestan parte hartu dutenentzat garrantzi gutxien duen laneko ezaugarria, espainiarrentzat izan ezik. Espainiako gazteen langabezia maila altuaren (% 22,7) eta lan kulturaren ondorioz, garrantzi handiagoa ematen diote.

Orokorrean, ekonomialari gazteek, batez ere haien lan ibilbidearen hasieran, lanaren beste alderdi batzuk lehenesten dituzte, kontratu mugagabe batek ematen duen egonkortasunaz harago (esaterako, lehen aipatu dugun prestakuntzarako aukera).

Espainiako gazteen eta inkestan parte hartu duten gainerako pertsonen arteko beste ezberdintasun interesgarri bat lantokira joateko denboraren balorazioa da. Espainiarrek garrantzi handiagoa ematen diote horri. Eskualde bakoitzeko garraio baldintza espezifikoen araberakoa izan daiteke.

Lanpostuak egokitu eta talentua erakartzea

Bi ikerketek atera duten ondorio komun bat zera da, enpresek ordaindutako etengabeko prestakuntza jasotzeko aukera izatea garrantzitsua dela gazteentzat. Baina hori ez da onuragarria gazteentzat bakarrik: enpresari ere hobekuntzak ekartzen dizkio.

Lehenik eta behin, ongi prestatutako langileak izateak abantaila lehiakorra ematen dio epe luzera, eta hori ezinbestekoa da eraginkortasun orokorrerako. Bestetik, langileen egonkortasuna handitzen da eta, epe ertain-luzean, esperientzia handiena eta prestakuntza onena duten langileak mantentzea ahalbidetzen dio.

Diruarekin zerikusirik ez duten onuren pakete bat eskaintzea bereziki erabilgarria izan daiteke enplegu emaileek ezin dituztenean baldintzak soldaten bidez hobetu. Ibilbide plan argiak eta garapen profesionala sustatzeko etengabeko prestakuntza aukerak eskaintzea eraginkorragoa izan liteke kontratuen egonkortasuna baino, talentua motibatzeko eta atxikitzeko; bereziki, gazteenen artean. Gainera, berrikuntza eta banakoen ekarpenak baloratzen dituen lan ingurune bat sortzea giltzarria izan daiteke adin tarte horretako jendea erakartzeko.

Dena den, enpresaren berezko ezaugarriek baldintzatu egin dezakete etorkizuneko langileen lehentasun eta beharretara egokitzeko malgutasuna.

Adibidez, enpresa handientzat errazagoa da soldataz gaindiko onurak eskaintzea; esaterako, prestakuntza programak edo epe luzeko aurreikuspen profesionalak. Aldiz, baliabide horiek ez dituzten enpresa txikiek soldata egokitu lezakete, soldataz gaindiko prestazio horiek eskaini ezina konpentsatzeko.

Gazteen laneko lehentasunak identifikatzeak aukera eman diezaieke enpresei haien kontratazio prozesuetan baldintza erakargarriak eskaintzeko. Zirkulu bertutetsua osatzen da hala, horrek kalitate altuko giza baliabideak erakartzea ahalbidetzen dielako, eta horiek giltzarriak direlako enpresen lehiakortasunerako.

The Conversation