Eliteko kirolariak eta unibertsitatearen enbaxadoreak
- Report
First publication date: 02/05/2024
Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak ekitaldi bat antolatu zuen egiaztatutako errendimendu altuko ikasle kirolarien kirol jarduera aitortzeko, baina baita haien Euskal Herriko Unibertsitateko jardun akademikoa eta UPV/EHU markaren enbaxadore gisa duten konpromisoa aitortzeko ere. Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordea eta Víctor Manuel Amado Kulturaren eta Kirolen arloko zuzendaria izan ziren ekitaldian.
Ikasturte honetan, berrogeita hamar ikasle baino gehiago daude egiaztatuta Arabako Campuseko Tutoretza Planean. Campuseko hainbat ikastegitan ikasten dute, eta askotariko kirol modalitateetan aritzen dira: futbola, saskibaloia, atletismoa, txirrindularitza, pilotaren hainbat modalitate, errugbia edo neguko kirolak, besteak beste. Arte martzialean edo modalitate minoritarioagoetan (curling, hipika, eskalada edo mahai tenis egokitua) egiaztatutako kirolariak ere badira. Horiek guztiek Estatuko eta nazioarteko txapelketetan parte hartzen dute.
“Zalantzarik gabe, adibide inspiratzailea zarete, ahaleginaren eta diziplinaren bidez gure helburuak lor ditzakegula erakusten baitiguzue, bai kirol arloan, bai arlo akademikoan”, esan zien Manoli Igartuak.
“Pistako, zelaiko edo kantxako txapeldunak izateaz gain, gure unibertsitatearen enbaxadoreak zarete, Euskal Herriko unibertsitate publikoarenak. Joaten zareten lekura joanik ere, UPV/EHUren izena harro eramatea gustatuko litzaidake, eta unibertsitate honetan ikasteak eta ahalegintzeak merezi duela sentitzea” gehitu du Manoli Igartuak. Gero hitza eman die, haien esperientziak konta ditzaten.
Protagonista batzuk
Izena: Kristian Labaka
Kirola: Halterofilia
Ikasten ari dena: Lehen Hezkuntzako Gradua
Kirol curriculuma: 2023an Espainiako Unibertsitate Txapelketan eta Junior Txapelketan parte hartu zuen, -67 kg kategorian. Aurtengo Espainiako Unibertsitate Txapelketan urrezko domina lortu du, bere kategorian.
Hurrengo kirol erronka: Euskadiko txapelketa absolutuan marka ona egitea. Maiatzaren 4ean egingo dute txapelketa, Barakaldon. Ekainean egingo den Espainiako txapelketa absolutuan guztizko olinpiko (bi mugimenduen batura) hobearekin izena emateko balioko dit emaitza horrek.
Etorkizuneko kirol erronka: Ongi aritzea eta, ahal bada, Espainiako txapelketa absolutuan podiumera igotzea; ekainaren 7-8an egingo dute, Galizian.
Nola daramazu ikasketak eta kirola uztartzea?
Oraingoz ongi daramat. Ongi antolatzea da garrantzitsuena, eta hala bi zereginak uztartu ditzaket. Gainera, txapelketak ostiralean, larunbatean edo igandean izan ohi dira. Hortaz, ez dut eskola askorik galtzen.
Zer egiten zaizu zailena?
Nire ustez, txapelketa baterako mentalki prestatzea da halterofiliaren zailena. Hala ere, garrantzitsuena diziplina, konstantzia eta dedikazioa izatea dela uste dut. Kirol honekin bateragarriak ez diren alderdi batzuk alde batera uzteko prest ez bazaude, prozesua luzeagoa izango da eta lortzen dituzun emaitzak ez dira oso optimoak izango.
Izena: Naia Bilbao
Kirola: Karatea
Ikasten ari dena: Filologia Hispanikoko lehenengo urtea
Kirol curriculuma: 5 urte zituenetik praktikatzen du karatea. Ordutik, munduko hirugarrena izan da taldekako katan, Europako hirugarrena taldekako katan, munduko ligako txapeldunordea, 21 urtetik beherakoen liga nazionaleko txapelduna, 21 urtetik beherakoen arteko Espainiako txapeldunordea, Euskadiko txapelduna 7 aldiz jarraian eta Espainiako Kopako txapelduna, besteak beste.
Hurrengo kirol erronka: Espainiako Unibertsitate Txapelketa.
Etorkizuneko kirol erronka: Nire helburuetako bat berriz ere Espainiako txapelduna izatea da eta, gorago begira jarrita, berriz ere nazioarteko eta mundu mailako podium batera igotzea.
Nola daramazu ikasketak eta kirola uztartzea?
Zaila da ikasketak eta kirola uztartzea, eta are gehiago ikasten dudan lekutik urrun bizita. Izan ere, Barakaldon bizi naiz eta Gasteizen ikasten dut. Baina, azkenean, ongi antolatuz gero, ikasturtea aurrera ateratzea lortzen duzu. Gainera, irakasgai batzuetan erraztasunak ematen dituzte praktikaren batera, azterketaren batera... joan ezean.
Zer egiten zaizu zailena?
Egun batzuetan ezin izaten dut gustatuko litzaidakeen orduan joan entrenatzera, autobusean pasatzen dudan denboragatik edo unibertsitatean denbora gehiago gelditu behar izaten dudalako.
Izena: Maite Ortiz de Mendibil
Kirola: Zesta punta
Ikasten ari dena: Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak
Kirol curriculuma: 2021ean 23 urtetik beherakoen Europako eta munduko txapelduna izan zen 36 m-ko modalitatean. 2022an munduko txapelduna izan zen 54 m-ko frontoiko kategoria absolutuan. 2023an, berriz, Europako txapelduna izan zen 22 urtetik beherakoen 36 m-ko frontoiko kategorian, eta munduko txapeldunordea 22 urtetik beherakoen 54 m-ko frontoiko kategorian.
Hurrengo kirol erronka: 23 urtetik beherako munduko txapelketan parte hartzea, 36 metroko frontoiko kategorian, Iruñean. Eta, ahal bada, irabaztea.
Etorkizuneko kirol erronka: Profesional gisa jokatzera iristea.
Nola daramazu ikasketak eta kirola uztartzea?
Egia esan, nahiko ongi uztartzen ditut. Dena den, egia da kanpoan entrenatzeak eta partiduak kanpoan jokatzeak denbora kentzen didala. Baina kirol hau denez gehien gustatzen zaidana, ikaragarri gozatzen dut.
Izena: Iker Gonzalez Cabrerizo
Kirola: Mahai tenis egokitua
Ikasten ari dena: Filologia Hispanikoa
Kirol curriculuma: 10 urterekin hasi zen mahai tenisean jokatzen eta, ordutik, aulkian dauden beste jokalari batzuen aurka eta desgaitasunik gabekoen aurka lehiatu da. Espainiako bigarrena izan da hainbat aldiz, 3. eta 4. klaseetan, eta Estatuko Txapelketako txapelduna izan da behin, aulkidun modalitatean. Gainera, Europako hainbat lekutan lehiatu da Mahai Tenisaren Espainiako selekzioarekin. Horrez gain, Europako Youth Joko Paralinpikoetarako deitu zuen Kirol Kontseilu Gorenak; Finlandian egin zituzten horiek, 2022an, eta hirugarren geratu zen banakakoan eta txapelduna izan zen taldekakoan. 2022an Munduko Txapelketan jokatu zuen, Granadan, eta munduko jokalari onenaren gisa sailkatu zen 21 urtetik beherakoen artean.
Hurrengo kirol erronka: Espainiako Txapelketa, ekainean.
Nola daramazu ikasketak eta kirola uztartzea?
Orain arte lortu dut, ahaleginduta. Baina laugarren mailan nire ikasketak lehenestea erabaki dut, eta nire kirol proiektua karrera amaitzen dudanera arte atzeratzea.
Zer egiten zaizu zailena?
Zailena eskolen hariari jarraitzea eta ikasteko denbora hartzea da, baina ongi antolatuz gero lor daiteke.
Izena: Izaro Saez de Ocariz Sedano
Kirola: Curling
Ikasten ari dena: Lehen Hezkuntzako Graduaren bigarren urtea
Kirol curriculuma: 2021ean, 3. postua Curlingeko Espainiako Ligan, bikote mistoen junior modalitatean. 2023an, 2. postua Gasteizko San Prudentzio Torneoan, eta Izotzetako Kirolen Espainiako Federazioak antolatutako junior kategoriako Teknifikazio Campus batean parte hartu zuen. Aurten 2. postua lortu du Curlingeko Espainiako Txapelketan, emakumeen kategoria absolutuan, eta 3. postua Jakan egindako Jacetania Txapelketan. Izotzetako Kirolen Espainiako Federazioak aurrez aukeratu du Emakumeen Curling Selekzio Nazionaleko junior kategorian parte hartzeko.
Hurrengo kirol erronka: Mundialerako aukeratutako 5 pertsonetako bat izatea, Espainia ordezkatzeko.
Etorkizuneko kirol erronka: Epe ertainera, Espainiako emakumeen kategoria absolutuko txapelketan urrea lortzea.
Nola daramazu ikasketak eta kirola uztartzea?
Nire entrenamendu eta txapelketa gehienak Jakan edo atzerrian egiten ditut. Ondorioz, eskola askotara huts egiten dut eta, batzuetan, oso zaila egiten zait irakasgai batzuetan gustatuko litzaidakeen jarraitutasuna izatea.
Zer egiten zaizu zailena?
Txapelketen garaian, ordu asko inbertitzen ditut. Ondorioz, eskola eta ikasketa ordu asko galtzen ditut.