Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUTSI

Itema: 370
Hitzen ordena (aditza esaldiaren hasieran)

AZALPENAK

Oraintsu arteko tradizioan, oso gutxitan erabili izan da aditz trinko soila esaldiaren hasierako buru-buruan, esaldi neutroetan, elkarrizketa arruntetan. Euskararen ordena kanonikoan aditza atzerago jarri ohi da. Baina azken aldi honetan, gero eta maizago entzuten dira adizki trinko soila hasieran jarrita eginiko perpausak, tradizioaren ikuspuntutik begiraturik aski bitxiak gertatzen direnak, oro har.

Aipatzen ari garen erabilera hau ez da baliabide erretorikoa, ez eta komunikazio estrategia berezi bat hiztunak hartaz oharturik egiten duena, baizik eta ohiko elkarrizketa arruntetan -galdera/erantzun laburrez osatutakoetan- baliatzen dena, gero eta usuago, gainera. Horrelakoak ahozkoan ari dira gertatzen indar handiagoarekin idatzian baino, eta eskola-girotik sorturikoak direla iduri du.

Erdararen eragina nabari da horrela eraturiko esaldietan, eta, bestalde, esan bezala, ez da batere hobekuntzarik gertatzen komunikazio-ekintzan (besteak beste, ez delako ahalegin ohartua, baizik eta elebitasun-egoerak sorturikoa, hiztuna hartaz ohartu gabe).

 
DOKUMENTAZIOA
  • EGLU-I (eranskina): 21.-46. or.
  • Estilo Libururantz: 21.-45. or.
  • Kontuan izan!: 18.-20. or.