Ohiko galderak (FAQ)
1. Zer dira curriculumetik kanpoko praktikak edo borondatezko praktikak?
Ikasleek egin ditzaketen praktikak dira, curriculumeko edo nahitaezko praktikez gain. Nahitaezko praktiken aldean, ikasleek berek bilatu dute praktikak egiteko zentroa. Helburua da graduan zehar jasotako prestakuntza praktikoa zabaltzea.
2. Norena da praktikak kudeatzeko ardura?
Kudeaketa Praktiken Batzordearen ardura da lehenik, eta, bestela, Kanpoko Praktiken dekanordearena. Administrazio eta zerbitzuetako langileek ere laguntzen dute aipatutakoen kudeaketa egokia izan dadin.
3. Noiz egin ditzaket praktikak? Eta zenbat denboraz?
UPV/EHUtik at egiten diren curriculumetik kanpoko praktikek 150 orduko iraupena izango dute GUTXIENEZ, eta behin bakarrik baliozkotuko dira, hautazko 6 ECTS kredituren bidez. NAHITAEZKOA da, gutxienez, 150 ordu egitea, nahiz eta ikasleak, agian, 6 ECTS baino kreditu gutxiago behar izan.
Borondatezko praktikak ikasturte osoan zehar egin daitezke, edo udan, edo nahitaezko praktiken jarraipen gisa 4. mailan.
- Praktikak ikasturte osoan zehar: hasitako ikasturtean zehar egin daitezke, irailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.
- Praktikak udan: oro har, 3. mailan egin ohi dira, ikasleek 120 kreditu gainditu behar baitituzte (1. eta 2. mailako kreditu guztiak). Oro har, ekainetik aurrera egiten dira, eta abuztuaren 31 baino lehen amaitu behar dira nahitaez, ikasturtea data horretan amaitzen baita.
- Curriculumeko praktiken jarraipena 4. mailan: aukera hori gauzatu daiteke, baldin eta praktikak egiteko zentroa eta ikaslea ados badaude. Curriculum praktiken jarraipena kudeatzen da, borondatezko praktiken formatuan, 150 orduz, gutxienez.
4. Borondatezko praktikak bi aldiz edo gehiagotan egin al daitezke?
Borondatezko praktikak hainbat alditan eta zentro desberdinetan egin daitezke. Adibidez, udan edo ikasturtean zehar egin daitezke, hirugarren mailan eta laugarrenean, nahitaezko praktiken jarraipen gisa. Zentroa berdina edo desberdina izan daiteke. Kasu horietan,egindako ordu guztien kopurua Europako Gehigarrian jasoko da; hala ere, ez dira inoiz emango 6 ECTS kreditu baino gehiago.
5. Zein dira borondatezko praktikak egiteko bete beharreko baldintzak?
120 kreditu izan behar dituzu gaindituta. Laugarren mailan, ohikoena da lehendabizi curriculumeko praktikak egitea, eta horiek amaitu ondoren curriculumetik kanpokoak. Hala ere, aldi berean egin litezke, baldin eta zentro desberdinetan eta ordutegi bateragarrietan egiten badira.
6. Ikerketa praktikak egin al ditzaket fakultatean?
Bai, praktika horiek autokudeaketa prozedura baten bidez egingo dira, ikasleek proposatuta (hau da, interesa duten ikasleak fakultateko irakasleekin jarriko dira harremanetan), eta onartuko egingo dira baldin eta UPV/EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoen Arautegiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte.
Horretarako, eskaera dokumentua bete eta bidali beharko da.
7. Nola kudeatzen dira borondatezko praktikak?
Ikasleek arduratu behar dute kudeaketaz, hau da, beraiek bilatu behar dute praktikak egiteko zentroa, betiere kontuan hartuta zentroak ez duela egon behar indarrean dagoen ikasturteko Curriculum Praktiken Katalogoan. Zentroak baldintza hau bete behar du: psikologiaren arloko eginkizunak betetzen dituen psikologo bat izatea. Ikastetxeen kasuan, orientatzailearen profila ere onartuko da, begirale gisa.
Behin praktikak egiteko zentro bat aurkitu ondoren, praktikak egiteko egonaldia hasi aurretik, ikasleek bi orri aurkeztu beharko dituzte idazkaritzan, gutxienez 20 EGUN LEHENAGO: eskaera orria eta hitzarmena egiteko beharrezkoak diren datuen orria.
Praktikak udan egin nahi dituzten ikasleek idazkaritzan aurkeztu beharko dituzte dokumentuak dagokion ikasturteko apirilaren 30 baino lehen. Ez da onartuko epez kanpoko eskaerarik.
8. Zer egin behar dut eskaerak aurkeztu ondoren?
Dokumentu horiek borondatezko praktiken arduradunak (Monika Salgueiro) erkatuko ditu, eta berak emango du oniritzia. Ondoren, praktiken hitzarmenaren hiru kopia sortuko dira, eta ikasleari abisatuko zaio idazkaritzara joan dadin haien bila. Ikasleak entregatu beharko du unibertsitateak eta berak sinatutako kopia bat praktikak egingo dituen zentroan, eta idazkaritzan entregatu beharko du hiru aldeek, hau da, unibertsitateak, ikasleak eta praktika zentroko arduradunak, sinatutako hitzarmenaren kopia bat praktikak hasi AURRETIK. Fakultateak ez du aitortuko, ondorio akademikoetarako edo baliozkotzeko, aurrekoa bete ez duen amaitutako edo abian dagoen praktika bat.
9. Nork gainbegiratu behar ditu nire praktikak?
Borondatezko praktiketako ikasleak begirale bat izango du praktiken erakundean edo zentroan, eta tutore bat unibertsitatean. Eta horiexek arduratuko dira ikaslearen praktikak jarraitu eta gainbegiratzeaz. Datu horiek PRAKTIKEN HITZARMENEAN daude jasota. GAURetik mezu automatiko bat bidaltzen zaie kanpoko begiraleari eta unibertsitateko tutoreari tutoretzaren esleipenaz.
10. Nola eta nork ebaluatzen ditu nire praktikak?
Praktikaldia amaitzean:
- Praktiken zentroko begiraleak GAURen beteko du ikaslearen ebaluazio txostena (EZ DA NAHITAEZKOA).
- Praktikak amaitzen diren egunean, ikasleak GAURen mezu automatiko bat jasoko du, praktikak amaitu dituela eta praktikei buruzko galdetegi labur bat formalizatu behar duela adierazita. EZ DA MEMORIA BAT, GAURen egiten den praktiken ebaluazio bat baizik.
- Unibertsitateko tutoreak GAURen mezu bat jasoko du, ikaslearen ebaluazioa egin behar duela jakinarazteko. Behin ikasleen eta begiralearen balorazioa jasota, unibertsitateko tutoreak, GAURen, ikaslearen ebaluazio txostena beteko du, eta "gai/ez gai" gisa kalifikatuko da.
- Ikasleak adi egon behar du GAURekin eta tik berde bat ikusi behar du bere ebaluazioan eta barruko tutorearenean. Orduan BAKARRIK eska dezakezu praktikak egin izanaren ziurtagiria.
11. Nola baliozkotuko ditut praktikak?
Ikasleak curriculumetik kanpoko praktikengatik hautazko 6 kreditu aitortzeko eska dezake. Aitorpen hori graduko ikasketetan kredituak aitortu eta transferitzeari buruzko araudian ezarritakoaren arabera arautuko da. Ondorio horietarako, 25 orduko praktikaldi bakoitza ECTS kreditu baten baliokidea izango da.
Ziurtagiria GAURen eskatzen da (IKASLEAK ETA BARRUKO TUTOREAK DAGOZKION EBALUAZIOAK EGIN BADITUZTE BAKARRIK SORTZEN DA), eta idazkaritzan sinatuta jasotzen da. Ziurtagiri hori edukita, kredituak aitortzeko eska daiteke idazkaritzan.
12. zer egin behar dut, praktiketan egon aurretik, bitartean edo ondoren, gorabeheraren bat badut?
Fakultateko zure tutoreari jakinarazi, eta hark baloratuko du zer egin behar den eta praktiken arduradunei jakinarazi behar zaien.
13. Non lor dezaket informazio gehiago edo beste zalantza batzuk argitu?
Borondatezko praktikekin zerikusia duen edozein alderditarako gurekin harremanetan jar zaitezke:
- Helbide elektronikoa: psikologia.fak.praktikak.dekanordea@ehu.eus
- Telefonoak: 943.018.297 / 943.018.298 / 943.018.299 / 943.015637 / 943.018321