Unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenenprozedurari buruzko arautegia
V. kapitulua. Proposamenak aurkezteko eta izapidetzeko prozedura
8. artikulua.- Proposamenak aurkeztea eta onartzea.
Aurkeztutako proposamen guztiak aztertuko dira, eta, egoki iritziz gero, organo eskudunak onartuko ditu, horretarako kontuan hartuta bai ikasketen eskaintza orokorra, bai UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoan zehaztutako irizpideak. Era berean, proposamenek Irakasle-ikertzaileen Arloko Errektoreordetzaren aldeko txostena eduki beharko dute, izapidetu ahal izateko.
8.1.- Proposamenaren laburpena aurkeztea.
Master berri baterako proposamena aurkeztu baino lehen, sustatzaileek horren laburpen bat aurkeztu beharko diote ikastegi proposatzaileari, eta honek onartu egin beharko du Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzara bidali aurretik, Errektoreordetzak ezarri eta unibertsitateko webgunean argitaratuko diren epeetan.
8.2.- Proposamenaren laburpenaren gutxieneko edukia.
Laburpenean, gutxien dela, honako hauek zehaztu behar dira:
-
Parte hartuko duten unibertsitateak, sailak, institutuak edo ikastegiak.
-
Proposamenaren justifikazioa, alderdi hauek adierazita:
-
Gizartearen eskaria eta aurreikusitako ikasle kopurua.
-
UPV/EHUk arlo horretan duen eskaintza.
-
Proposamenaren kalitatea eta bikaintasuna.
-
Tituluaren kategorizazioa, bektoreen arabera: a) Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, b) Nazioartekotzea eta c) enpresa eta erakundeekiko harremanak. Bektore bakoitzean, oinarrizko maila, tartekoa edo aurreratua lortzea aurreikusten den justifikatu beharko da.
-
Prestakuntza duala edo ibilbide duala duena.
-
Izaera esklusiboa edo unibertsitate artekoa, estatukoa edo nazioartekoa.
-
Tituludunen enplegagarritasuna.
-
UPV/EHUren ikerketa estrategiarekin eta bestelako planen estrategiarekin (Horizon 2020 eta abar) lerrokatzea.
-
Eleaniztasuna.
-
Beste alderdi jakingarri batzuk.
-
-
Ikasketa Plana.
-
Parte hartuko duten irakasleak.
-
Erakunde kolaboratzaileak.
-
Masterraren ardura duen ikastegiaren akordioa.
-
Irakasgaien ardura duten sailen akordioak.
-
Irakasgaien eta ECTS kredituen laburpena, sailen eta emateko hizkuntzen arabera.
8.3.- Proposamenaren laburpenaren ebaluazioa –Ebaluazio Batzordea–.
Dagokion jakintzaren arloko Graduondoko Batzordeko kideek laburpenaren aurre-ebaluazioa egingo dute (Ebaluazio Batzordea). Aldeko aurre-ebaluazioaren kasuan edo EACEAk (Education, Culture and Audiovisual Executive Agency) hautatutako Erasmus+ masterretan, proposamena Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzari bidaliko zaio, parte hartzen duten sailek eskura dituzten irakaskuntza baliabideen bideragarritasuna aztertu eta dagokion txostena egin dezan.
8.4.- GAURen grabatzea eta proposamena ebaluatzea.
Aldeko txostena eskuratuz gero, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak proposamen osoa aplikazio informatikoan (GAUR) grabatzeko baimena emango die sustatzaileei, eta gero horretarako izendatutako Ebaluazio Batzordeak berak ebaluatuko du. Eramus+ masterrak ez dira ebaluatu beharko.
Aurre-ebaluazioa negatiboa izanez gero, arrazoitu beharko da, eta alegazioak aurkeztu ahal izango dira.
8.5.- Proposamena izapidetzea, titulua egiaztatzeko eta onartzeko.
Proposamen osoa UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak onartu beharko du, aldez aurretik ikastegi arduradunaren akordioa eta Campuseko Batzarraren txostena edukita, eta horrek ahalmena emango dio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari, masterraren proposamena eta haren txosten ekonomikoa Gobernu Kontseiluari helarazteko.
Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Hezkuntza Ministeriora bidaliko da, bere egoitza elektronikoaren bidez, eta ministerioak, tituluaren erregistro datuak egiaztatu ondoren, dagokion ebaluazio agentziari igorriko dio proposamena.
Gero, behin ebaluazio agentziaren aldeko txostena edukita, Gizarte Kontseiluari nahitaezko txostena eskatuko zaio, autonomia erkidegoak ikasketak ezartzeko baimena eman dezan.