Unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenenprozedurari buruzko arautegia
IV. kapitulua. Unibertsitate arteko masterrak (batera antolatutakoak)
6. artikulua.- Estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatutako masterrak.
1.- UPV/EHUk estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera unibertsitate masterrak antolatu ahal izango ditu, unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmen bat izenpetuta.
2.- Batera antolatutako tituluen kasuan, UPV/EHUrekin batera ikasketa plan bakarra diseinatu duten unibertsitate guztiak aipatu behar dira, estatukoak edo atzerrikoak izan.
3.- Espainiako edo atzerriko goi mailako hezkuntza erakundeak partaide diren nazioarteko partzuergoen bidez antolatutako titulazioek 1393/2007 EDren 24. artikuluan zehaztutako egiaztapen agiria dutela ulertuko da, baldin eta Europako Batzordeak ebaluatu eta hautatu egin baditu Erasmus+ programaren barruan deitutako bikaintasun programetako lehiaketetan.
7.-artikulua.- Unibertsitate arteko masterren baldintzak.
1.- Unibertsitate arteko masterraren proposamena unibertsitate partaide guztien organo eskudunek eta autonomia erkidegoek, estatukoak direnean, edo organo eskudunek, nazioartekoak direnean, onartu beharko dute, eta ikasketa horiek ezartzeko baimena emango dute, indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita.
2.- Masterra antolatu eta ematen duten unibertsitate guztiek lankidetza hitzarmen bat izenpetu beharko dute. Hitzarmen horretan zehaztu beharko da zer unibertsitatek koordinatuko duen masterra eta zer unibertsitate arduratuko den ikasleen espedienteak gordetzeaz eta titulua igorri eta erregistratzeaz. Era berean, ikasketa plana aldatzeko edo kentzeko prozedura ezarri beharko da. Edonola ere, UPV/EHUk gordeko ditu berak igortzen dituen tituluak.
3.- Nazioartean batera antolatutako masterren kasuan, erakunde partaideen artean adostutako kalifikazio sistema deskribatuko da izenpetutako hitzarmenean. Hainbat kalifikazio sistema erabiltzen badira, baliokidetzeen taula emango da.
4.- Atzerriko unibertsitateekin izenpetutako hitzarmenetan, atzerriko unibertsitatea ofiziala dela edo akreditatuta dagoela egiaztatu beharko da, eta horretarako, aginte eskudunak edo akreditazio erakundeak emandako agiria erantsi beharko zaio hitzarmenari.
5.- Master hauetan, gobernu organo hauek sortuko dira:
-
Masterraren koordinatzaile nagusia.
-
Masterraren arduraduna unibertsitate bakoitzean.
-
Unibertsitateen Arteko Batzorde Akademikoa. Gutxienez, unibertsitate bakoitzeko masterraren arduradunak osatuko du.
6.- Unibertsitate bakoitzak plaza berrien kopuru desberdin bat eskaini ahalko du.
7.- Gutxien dela 20 ikasle matrikulatu behar dira, masterrean parte hartzen duten unibertsitateen sare osoan.
8.- Sartzeko eta hautatzeko irizpideak bakarrak izango dira.