Berezko Ikasketen Arautegia
Unibertsitateei buruzko lege organikoaren babesean, unibertsitateek, beren autonomiaren barruan, aukera daukate berezko titulu eta diplomak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko, bai eta etengabeko prestakuntzako programak ere.
Gaur egun, berezko tituluak eta ikastaro osagarriak eta etengabeko prestakuntzakoak Berezko Ikasketen Arautegi Bateratuak arautzen ditu, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 7ko bileran onartutakoak (2018ko uztailaren 18ko EHAA, 138. zk).
UPV/EHUren Estatutuek (otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuak) honako hau diote 82. artikuluan: «UPV/EHUk eman ditzake berezko tituluak lortzeko eskubidea dakarten unibertsitateko ikasketak. Titulu horiek onartu edo homologatu egin ahal izango dira, bat etorrita autonomia erkidegoko legediaren babesean. 3.- Horrez gain, UPV/EHUk unibertsitateko beste ikasketa batzuk ere eman ahal izango ditu, ikasketa osagarriak edo etengabeko prestakuntzakoak, baina ez da UPV/EHUko berezko titulurik lortuko.»
Era berean, 86. artikuluak hau dio: «Gobernu Kontseiluak arautuko ditu unibertsitateko berezko ikasketak eta unibertsitateko beste ikasketa batzuk, bai eta espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza ere. Era berean, organo horrek arautuko ditu ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.»
Bestalde, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, unibertsitate irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituenak, lehenengo aldiz eskaintzen du unibertsitateek garatzen duten prestakuntza etengabearen oinarrizko arauketa, hezkuntza eremu hau ordenatzen duelarik, non unibertsitateek gizarte konpromisoa erakusten baitute. Arauketa honetan, malgutasunari tarte zabala uzten zaion arren, prestakuntza horren egitura minimoki homogeneizatzen da eta titulu horietan kalitatearen ebaluazioaren kultura sartu.
Honek guztionek UPV/EHUren berezko ikasketen modeloa birdiseinatzeko beharra, prozesu horretan ari delarik. Tamaina honetako proiektuaren garrantzia aintzat hartuta, hemen abiatzen da bidea, besteak beste, estatuko oinarrizko arauketa honek galdegiten duen gutxieneko aldaketak indarrean jarriz eta UPV/EHUren etorkizuneko araugintzaren oinarriak finkatuz.
Estatutuek, gainera, eskumena ematen diete Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari, 88.b) eta 90.b) artikuluetan, hurrenez hurren, bakoitzak bere arloko irakaskuntzak antolatu eta gestionatzeko arautegiak onartzeko proposamenak egiteko Gobernu Kontseiluari.
Hortaz, Graduko Batzordeak, 2022ko urrikoko 6ko bileran, eta Graduondoko Batzordeak, 2022ko urriko 7ko bileran, hala proposaturik, Gobernu Kontseiluak erabaki du arautegiaren eraldatzea honako baldintza hauekin:
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. - Helburua
Arautegi honen helburua da UPV/EHUko berezko ikasketak arautzea.
Zehazki, haien tipologia eta baldintzak finkatzea, eta haiek onartu eta antolatzeko prozedurak zehaztea.
2. artikulua. - Aplikazio eremua
Arautegi honen aplikazio eremuaren barruan dira berezko ikasketak, barne delarik prestakuntza etengabea, bai eta bestelako ikasketak, lanbide bizitza osoan jaso ohi den prestakuntza ere.
3. artikulua. - ECTS kreditu sistema
Irakaskuntza hauen ikasketa planak osatzeko, ECTS kreditu sistema erabiliko da, oro har. ECTS europar kreditua 25 lan orduren parekoa da, gai bati dagozkion jakintzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko ikasleak egin beharreko lanari dagozkionak Lan ordu horietan sartzen dira eskola orduak, bai teorikoak bai praktikoak; irakasgaia egunean izateko ikasten eman beharreko orduak; mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko erabilitako orduak; eta etsaminak eta ebaluazio probak prestatu eta egiteko beharrezko direnak.
ECTS batetik beherako iraupena dute berezko ikasketen kasuan, ikasleek ikasteko gaiari dagozkion jakintza, gaitasun eta trebetasunak eskuratzeko beharko dituzten lanorduen arabera neurtuko dira. ECTS batek 10 ordu ikasgelan eta ikasgelaz kanpoko beste 15 ordu dauzka.
4. artikulua. - Berezko ikasketen helburuak
Honako hauek dira berezko ikasketen helburuak:
1. Ikasketa plan ofizialetan ez dauden ikasketak eskaintzea.
2. Goi mailako eta graduko titulatuen prestakuntza akademikoa osatzea, garapen profesional, zientifiko, tekniko eta artistikoa hobetzeko aukera eskainiz.
3. Eremu profesionalean aplikazioa izan dezaketen ikerketa arlo berriak jorratzea, erakunde eta enpresekin lankidetza harremanak sortuz.
4. Profesionalei birziklatzeko aukera ematea, gizartearen eta enpresen eskakizun berrietara egokitzeko.
5. artikulua. - Berezko ikasketa motak
1. UPV/EHUk berezko tituluak sortu ahal izango ditu, titulu homologatuei dagozkien ikasketak eta unibertsitatearenak berarenak direnak uztartuta, betiere ondo zehaztutako aplikazio profesionala edo interes zientifikoa badute. Ez da baimenduko berezko titulua ematen duen graduko edo graduondoko ikasketarik, baldin eta edukiak graduko edo graduondoko ikasketa planen oso antzekoak badira. Batzorde eskudunak erabakiko du zein baldintza bete behar den eta zein izango den prozedura ikasketen artean kredituak aitortzeko.
2. Osasun arloko ikasketen kasuan, Espezializazioei buruzko Dekretuan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta, beraz, debekatuta dago dekretuan aipatutako tituluekin bat datorren titulurik edo nahastea sor dezakeenik ematea.
3. Helburuak, hartzaileak eta lortuko diren titulu edo ziurtagiriak kontuan hartuta, UPV/EHUko berezko ikasketak sailkapen honen arabera antolatu eta egituratuko dira:
- Graduko berezko ikasketak: graduko berezko tituluak.
- Prestakuntza etengaberako ikasketak, tituludunei zuzenduta: Etengabeko prestakuntzako master titulua, unibertsitate espezializazioko titulua eta unibertsitateko aditu titulua.
- Mikroegiaztagiriak.
- Unibertsitate hedakuntzako bestelako berezko ikasketak.
Berezko ikasketak normalean independenteak dira beren artean eta bakoitzarekin titulu bat eskuratzen da.
Hala ere, ikasketa hauek osagarriak izan daitezke beren artean, eta horrela ikasketa multzo batek iraupen luzeko ikasketa bat osatuko luke, nahiz eta barruko ikasketa edo modulu bakoitza independentea izan. Kasu honetan ikasketa luzeari dagokion titulu edo diploma eskuratzeko beharrezkoa izan daiteke ikasleek jarduera akademiko gehigarriren bat egitea, zuzendaritza akademikoak erabakiko duena. Edozelan ere, etengabeko prestakuntzako master titulua eskuratzeko ezinbestekoa izango da Master Amaierako Lana egitea.
6. artikulua. - Berezko ikasketak garatzeko modalitateak
Berezko ikasketak ikasgelako modalitatean, modalitate hibridoan eta modalitate birtualean garatu ahal izango dira.
7. artikulua. - Berezko ikasketen gestioa
1. Berezko ikasketen gestioa bat etorriko da honako arautegi honen osagarri izango diren prozedura arauekin, ikasturtero Graduko Batzordeak eta Graduondoko Batzordeak onartuko dituztenekin.
2. Gestio lanak, orobat, titulua antolatu eta kudeatzeaz arduratzen den organoko administrazio eta zerbitzuetako langileek egingo dituzte; bestela, ahal duen heinean, Berezko Ikasketen Atalak egingo ditu. Berezko ikasketak gestionatzeko mandatu espresa balego, gestioa unibertsitatearen bestelako baliabideen bidez burutu ahal izango da (UPV/EHUren fundazioak eta beste).
Era berean, langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko gerentziaren bidez, eta gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dizkiena. Kontratu horiek berezko tituluaren aurrekontuaren kargura egingo dira.
8. artikulua. - Irakasleen ordainsariak
1. UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsarien mugak izango dira 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan zehaztutakoak, 1450/89 Errege Dekretuaren bidez eguneratutakoak.
2. Ikasketa hauetako irakasleek ordainsariak jaso ahal izango dituzte berezko ikasketen kargura.
3. Master ofizial edo gradu ofizial bateko ikasketa planen barruan dauden berezko ikasketen kasuan, arautegi honekin bat etorrita, unibertsitateko irakasleek ezin izango dute ordainsaririk hartu, ikasketa horietan egindako lana beren irakats betebeharren parte delako.
II. TITULUA. GRADUKO BEREZKO IKASKETAK
9. artikulua. - Definizioa eta iraupena
Graduko berezko tituluak dira graduko ikasketak izanik estatu osoan balioa duten titulu ofizialen erregistroan jasota ez daudenak.
Hauen iraupena 180-240 ECTS kreditu artekoa izango da; unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituztenei zuzenduta egongo dira eta tituluaren izenak «Graduko berezko unibertsitate titulua:..........» egitura izango du.
III. TITULUA. AURRETIK UNIBERTSITATE TITULUA DUTENEI BIDERATUTAKO PRESTAKUNTZA ETENGABERAKO BEREZKO IKASKETAK: ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO MASTER TITULUA, UNIBERTSITATE ESPEZIALIZAZIOKO TITULUA ETA UNIBERTSITATEKO ADITU TITULUA.
I. KAPITULUA. ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO MASTER TITULUA
10. artikulua. - Definizioa eta iraupena
Graduondoko ikasketak dira, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzenduak.
Titulu hau lortzera bideratutako irakaskuntzak 60, 90 edo 120 ECTSren iraupena izango du.
11. artikulua. - Etengabeko prestakuntzako master tituluan sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak
Honako hauek sartu ahal izango dira etengabeko prestakuntzako master titulura:
-
graduko unibertsitate titulua edo baliokidea dutenak, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak zehaztutakoari jarraituz, non antolatzen baitira unibertsitateko ikasketa ofizialak eta hauen kalitatea bermatzeko prozedura, bai eta dekretu horren aurretiko unibertsitate titulazioren bat daukatenak ere.
-
UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.
Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da egindako ikasketen prestakuntza maila graduko titulu ofizialaren pareko dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.
Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da errektoreak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).
II. KAPITULUA. UNIBERTSITATE ESPEZIALIZAZIOKO TITULUA
12. artikulua. - Definizioa eta iraupena
Etengabeko prestakuntzako masterra bezala, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzendutako graduondoko ikasketak dira.
30-59 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko edo biko iraupena izango dute.
13. artikulua. - Unibertsitate espezializazioko titulu batera sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak
Honako hauek sartu ahal izango dira unibertsitate espezializazioko titulu batera:
-
graduko unibertsitate titulua edo baliokidea dutenak, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak zehaztutakoari jarraituz, non antolatzen baitira unibertsitateko ikasketa ofizialak eta hauen kalitatea bermatzeko prozedura, bai eta dekretu horren aurretiko unibertsitate titulazioren bat daukatenak ere.
-
UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.
Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da beste unibertsitatean egindako ikasketen maila graduko titulu ofizialaren parekoa dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.
Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da Graduondoko Batzordeak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).
III. KAPITULUA. UNIBERTSITATEKO ADITU TITULUA
14. artikulua. - Definizioa eta iraupena
Ikasketa hauen helburua espezializazioa, hobekuntza edo jakintzen eguneratzea da.
15-29 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko iraupena.
15. artikulua. - Unibertsitateko aditu titulaziora sartzeko eta titulazioan onartua izateko betekizunak
Honako hauek sartu ahal izango dira unibertsitateko aditu titulaziora:
-
graduko unibertsitate titulua edo baliokidea dutenak, irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak zehaztutakoari jarraituz, non antolatzen baitira unibertsitateko ikasketa ofizialak eta hauen kalitatea bermatzeko prozedura, bai eta dekretu horren aurretiko unibertsitate titulazioren bat daukatenak ere.
-
UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.
Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da beste unibertsitatean egindako ikasketen maila graduko titulu ofizialaren parekoa dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.
Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar izango, nahikoa izango da Graduondoko Batzordeak baimena ematea, behin titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (kasuan kasuko arautegi osagarrian zehazten denari jarraituz).
IV. TITULUA BESTELAKO BEREZKO IKASKETAK: UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO BEREZKO IKASKETAK
I. KAPITULUA. UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO BEREZKO IKASKETAK
16. artikulua. - Definizioa eta iraupena
Ikasketa hauen helburua da espezializazioa, hobekuntza edo jakintzen eguneratzea eta, gehien dela, 60 ECTS kreditu luze izango ahal dira. Irakaskuntza hauen antolaketa eta irakaskuntza unean uneko proposamenean zehaztuko dira, honako arautegi honetan ezarritako bat etorrita. Besteak beste, honako modalitate hauen bidez eskainiko ahal dira:
-
Unibertsitate hedakuntzako prestakuntza ikasketak, barne izanik enpresak edo beste edozein izakundek, lan bizitzan zeharko prestakuntza helburu, eskatuta egindako lanbide hobekuntzara bideratutakoa. Hauetara sartzeko betekizunak unean uneko irakasteko proposamenean zehaztuko dira. Beren izenaren egitura izango da «Prestakuntzako unibertsitate hedakuntza:....».
-
Gradu ofizial bati edo gehiagori lotutako unibertsitate hedakuntzako ikasketak: unibertsitate hedakuntzako prestakuntza ikasketekin lotura duen graduko titulazio ofiziala egiten ari direnei zuzenduak dira. Guztira 20-60 ECTS kreditu izango dituzte, eta iraupena kasuan kasuko graduko tituluaren araberakoa izango da. Halaber, titulua lortzeko gradu ofiziala eduki behar da. Beren izenaren egitura izango da «.... graduari loturiko unibertsitate hedakuntzako diploma».
-
Berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako modulu edo gaiak unibertsitate hedakuntza moduan eskaini ahal izango dira, betiere, 20 ECTS kreditu baino gutxiago badituzte. Beren izenaren egitura izango da «.... tituluari loturiko unibertsitate hedakuntzako modulua».
-
Diziplinarteko, nazioarteko edo unibertsitate arteko berezko ikasketak: Programa trinko konbinatuak edo Blended Intensive Programmes (BIP), 3 eta 6 ECTS kreditu bitarteko iraupena izango dutenak eta kasuan kasuko deialdian edo proposamenean zehaztuko dira beren irakasteko baldintzak.
17. artikulua. - Ikasketetan sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak
Ikasketetan sartzeko eta bertan onartua izateko baldintzak ikastaroaren proposamenean zehaztuko dira. Gradu ofizial bati loturiko ikasketen kasuan, ikasketa hauetan sartu eta onartua izan ahal izateko, unean uneko gradu ofiziala egiten egon beharko da.
Hitzarmen baten bidez edo administrazio edo erakunde publiko batek unibertsitateari egindako enkarguz ematen diren ikasketak direnean, kasuan kasuko hitzarmen edo arautegian zehazten diren baldintzak bete beharko dira.
V. TITULUA GRADUKO BEREZKO IKASKETEN ETA AURRETIK UNIBERTSITATE TITULUA DUTENEI BIDERATUTAKO PRESTAKUNTZA ETENGABERAKO BEREZKO IKASKETEN ANTOLAKETA
18. artikulua. - Proposamenak egin ditzaketen organoak
Errektoreak, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez diezaiokete proposamena Gobernu Kontseiluari, bai eta EHU taldean dauden erakundeek ere, horretarako zehaztutako epean, berezko tituluen ikasketak onar ditzan.
19. artikulua. - Antolaketa
1. Antolakuntza eta zuzendaritza akademikoa UPV/EHUko ikastegi baten, sail baten edo gehiagoren edo institutu baten esku egon daitezke. Proposamen batek jakintza arlo batzuk edo sail batzuetako irakasleak biltzen baditu, horietako edozeinek hartu ahal izango du bere gain zuzendaritza akademikoa. Proposamena errektoreak edo fundazio batek eginez gero, ezinbestekoa izango da ikastegi baten, sail baten edo institutu baten onespena izatea.
Ikastegi batek irakaskuntza antolatzeko ardura gain hartzen duelarik, berori eskola edo fakultate horren hezkuntza eskaintzaren barruan agertuko da, gainerako titulazioekin batera. Ikasketa horren jarraipena sartu ahal izango da kalitatea bermatzeko barne sistemaren barruan. Gainerako kasuetan, titulazioaren jarraipena, kalitatea bermatzeko barne sistemarekin bat etorrita egingo da, indarreko arautegian agertu bezala.
2. Proposamenean jasota badago ikasketak beste unibertsitate edo hezkuntza erakunde batzuekin batera antolatzeko aukera, arautegi honetan zehaztutakoa aplikatu beharko da UPV/EHUren eta beste erakundearen arteko hitzarmenik egon ezean. Hitzarmenik badago, berriz, hitzarmenean zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bertan jasota egon beharko dira UPV/EHUko batzorde eskudunak eskatzen dituen gutxieneko betebeharrak. Hitzarmen honen barruan, gutxien-gutxienik, honako alderdi hauen jaso beharko dira: berezko tituluaren helburu eta izena, irakaskuntza emateko baldintzak, ikasleak hautatu/onartzeko betekizunak, berezko ikasketen unibertsitate koordinatzailea, ikasleen espedienteak gordailuan izan eta titulua emateko ardura duen unibertsitatea, alderdi finantzarioak, koordinazio eta gestio organoak, ikasketa plana eta berori aldatzeko prozedura, bai eta, halakorik balegokio, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak adieraz litzakeen bestelako alderdiak ere.
Aipatutako hitzarmena berezko titulua irakasteko proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, aldeek sina dezaten.
3. Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak berezko titulazioa eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, eta tituluarekin zerikusia duten unibertsitateko arloen eta UPV/EHUko Gerentziaren onespena izan beharko du.
Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den zuzendari akademikoa; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.
Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.
4. EHU taldeko erakundeek proposatutako berezko tituluen kasuan, kontuan hartuko da unibertsitatearen eta kasuan kasuko erakundearen arteko hitzarmenean adierazitakoa, bai eta ikasketa hauek eman eta kudeatzeko erakunde biek sinatu beharko duten hitzarmenean adierazitakoa ere.
Hitzarmen hori berezko tituluaren proposamenarekin batera tramitatu eta onartuko da, eta tituluarekin zerikusia duten unibertsitateko arloen eta UPV/EHUko Gerentziaren onespena izan beharko du.
Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den zuzendari akademikoa; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.
Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.
20. artikulua. - Proposamenaren edukia
1. Izena, ezin izango dena izan Gobernu Kontseiluak onartutako beste ikasketa batzuen berbera, eta ezin izango du nahasterik sortu beste titulu ofizial batzuekin.
2. Zuzendari akademikoa, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea izan behar da, eta titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Berezko master baten zuzendari izateko, doktore titulua izan beharko da. Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, zuzendaritza akademikoa ikastegi horretako pertsonala izan daiteke edo UPV/EHUko kide izango den zuzendarikide bat izendatu.
3. Unibertsitate arteko berezko tituluetan, unibertsitate bakoitzak izan ahalko du, gainera, bere zuzendari akademikoa.
4. Irakaskuntza gida. Bertan honako hauek zehaztu beharko dira: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; ikasturte bakoitzeko eskola orduen kopurua; ikasturtearen hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema; eta, hala badagokio, ikerketa lan edo aplikazio teknikoko lan berezituengatik aitor daitezkeen kredituen kopurua.
5. Programa moduluetan egituratuta dagoenean, zeintzuk diren modulu horiek, eta ea guztiak gainditzeak tituluren bat eskuratzea dakarren, eta hala bada, zein.
6. Ikasleak zenbat kreditu egin behar dituen titulua lortzeko eta, modulurik badago, modulu bakoitza lortzeko.
7. Zein epetan egin behar diren modulu guztiak amaierako titulua eskuratzeko.
8. Gutxieneko eta gehieneko ikasle kopurua: Hona hemen gutxieneko ikasle kopuruak titulu mota bakoitzerako:
- 20 ikasle, graduko unibertsitateko berezko tituluetan;
- 10 ikasle, graduondoko berezko tituluetan.
- 10 ikasle, unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketetan.
9. Unibertsitateko graduko tituluetan eta graduondoko eta unibertsitate hedakuntzako berezko tituluetan eskola guztiak euskaraz ematen direnean, 10 eta 5 ikasle egon daitezke, hurrenez hurren.
10. Salbuespen moduan, eta batzorde eskudunak gaia aztertu eta onartu ondoren, ikasle gutxiagoko proposamen arrazoituak onartu ahal izango dira.
11. Ikasketetan onartua izateko baldintzak, aratuegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak kontuan hartuta.
12. Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta. UPV/EHUko irakasleen kasuan, irakasle bakoitzak oniritzia eman beharko du parte hartzeko. Irakasle guztien curriculuma erantsi beharko da, eredu arautuari jarraituz osatua.
13. Batzorde Akademikoa osatzeko proposamena. Batzordeko burua zuzendari akademikoa izango da (bat baino gehiago badaude, bat proposatu beharko da) eta, gainera, bi kide izango ditu, proposatzen den tituluko irakasleak biak, eta bietako bat UPV/EHUkoa izan behar da. Gutxien dela, batzorde kide batek izan beharko du UPV/EHUrekiko lotura iraunkorra. Ikastegi atxikiek irakatsitako ikasketen kasuan, batzordea ikastegiak berak zehaztuko duen moduan osatuko da, atxikipen hitzarmenarekin bat egin beharko duena.
14. Ikastegiaren, sailaren edo institutuaren baliabide materialak eta giza baliabideak titulazioko premiei aurre egiteko. Proposamenarekin batera ikastegiko zuzendaritzak gelak erabiltzeko emandako baimena aurkeztu beharko da.
15. Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.
- Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:
- Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.
- Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.
- Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.
- Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:
- UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.
- UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.
- Gastu orokorretarako atxikipena.
- Gainerako gastu orokorrak.
16. Aurrekontuaren desglose bera aurkeztu beharko da ikaslea matrikula daitekeen modulu solte bakoitzerako.
21. artikulua. - Titulazioak ebaluatzea eta akreditatzea
1. UPV/EHUk tituluen kalitatea eta zorroztasun akademiko eta zientifikoa bermatuko ditu eta hori unibertsitatearen kalitatea bermatzeko barne sistemen ardura izango da, arautegi honetan eta Europako Unibertsitate Eremuan kalitatea bermatzeko irizpide eta jarraibideen arabera.
2. Berezko titulua emateko onarpena ebaluatu egingo da eta aldeko emaitza lortu beharko du.
Etengabeko Prestakuntzako Masterraren kasuan, proposamenaren ebaluazioa kanpokoa izango da eta, gobernu organoek onartu aurretik, zentro arduradunaren Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren aldeko txostena eduki beharko du nahitaez edo, hala badagokio, Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzako Unitatearen aldeko txostena, loteslea izango dena. Aldeko txosten hori lortu ondoren, unibertsitateak RUCTn sartzeko eskatu ahal izango du, betiere aintzat hartutako gaian Etengabeko Prestakuntzako Masterra izenarekin.
Kanpo ebaluazioa UNIBASQek edo egiaztatutako beste edozein ebaluazio agentziak egingo du, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80 c) artikuluarekin bat etorriz. Lege horrek UNIBASQen eginkizunen artean jasotzen du titulu propioak lortzeko irakaskuntzen kalitatea ebaluatzea eta egiaztatzea.
Gainerako berezko tituluen ebaluazioa barnekoa izango da, eta Graduondoko Batzordeak egingo du, batzordeak erabakitzen duen moduan.
3. Berezko titulu guztiak proposatzerakoan ebaluatuko dira lehendabizikoz eta, gero, sei urtero, ebaluazioa berritu beharko da.
22. artikulua. - Eskaintza aurkeztu eta onartzea
1. Gobernu Kontseiluak, batzorde eskudunaren txostena jaso ondoren, UPV/EHUko berezko tituluen eskaintza onetsiko du eta, urtero, ekaina baino lehen argitaratuko du.
2. Eskaintza aldeko txostenik jaso duten proposamen berriek osatuko dute, bai eta tituluen ondorengo edizioek ere, baldin eta hala adierazten badute beste edizio bat aurkeztuz horretarako ezarriko den epean.
3. Organo proposatzaileek kasuan kasuko aurrekontua aurkeztu beharko dute, bai eta zehaztu ere hasierako proiektuarekiko aldaketak, geroago ezarriko denarekin bat etorrita. Era berean, zuzendari akademikoaren onespena aurkeztu beharko dute.
4. Ebaluatu beharreko proposamen berri bat aurkeztu beharko da, irakasteko modua aldatzen bada, titulua eman gabe bi edizio igaro badira eta prestakuntza programan funtsezko aldaketak egiten badira.
5. Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du espresuki aldaketa egiteko baimena. Ikasketa planeko aldaketak matrikula egin aurretik jakinarazi eta baimendu beharko dira.
VIII. KAPITULUA. ANTOLAKUNTZA
23. artikulua. - Irakasleen lanorduak
1. Berezko titulu guztietan, ikasketa planeko kredituen %30, gutxien dela, UPV/EHUko irakasleek emango dute, baina beti errespetatu beharko dira bateraezintasun irizpideak. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari ehuneko hori murrizteko.
2. UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketak oro harturik.
3. Zuzendaritza lana kreditutan neurtu beharko da proposamenean, eta aurreko puntuan adierazitako kreditu kopuruan sartuko dira irakaslanari eta zuzendaritza lanari dagozkion kredituak. Zuzendaritza lanak, gutxien dela, 3 kreditu izango ditu.
4. Ikasketa hauetan irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasle-ikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu ikastaro horietan.
24. artikulua. - Zuzendaritza akademikoa
1. Zuzendari akademikoa, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea izan behar da eta, titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Ezin izango du berezko titulu bat baino gehiago zuzendu, ez gradukoak ez graduondokoak, non eta ez dagoen moduluka egituratuta. Kasu horretan pertsona bera izan ahalko da modulu guztien arduraduna eta azken tituluarena.
Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, zuzendaritza akademikoa ikastegi horretako pertsonala izan daiteke edo UPV/EHUko kide izango den zuzendarikide bat izendatu.
Kanpoko erakundeekin batera irakatsitako tituluetan, gainera, kanpoko erakunde horietako zuzendarikide bat ere izenda liteke.
2. Etengabeko prestakuntzako master baten zuzendaria izateko, doktore titulua eduki behar da.
3. Zuzendari akademikoak bere lanaren berri emango dio Batzorde Akademikoari. Hauek izango dira haren eginkizunak:
- Ikasketak emateko proposamena aurkeztea.
- Azken memoria egitea.
- Tituluaren jarraipena egitea.
- KBBSren txostena eskatzea.
- Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.
- Ikasketetan parte hartzen duten irakasleen irakaslanaren ziurtagiriak egitea, dagokion saileko zuzendariaren oniritziarekin.
- Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.
- Ikasleen praktika programaz arduratzea, halakorik badago.
- Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.
25. artikulua. - Batzorde Akademikoa
Zuzendari akademikoa izango da buru eta, gainera, proposatutako tituluko bi irakaslek osatuko dute, horietako batek UPV/EHUkoa izan beharko duelarik. Gutxien dela, batzorde kide batek izan beharko du UPV/EHUrekiko lotura iraunkorra.
Ikastegi atxikiek irakatsitako ikasketen kasuan, batzordea ikastegiak berak zehaztuko duen moduan osatuko da, atxikipen hitzarmenarekin bat egin beharko duena.
Batzorde Akademikoaren eskumenak dira:
- Ikasleak aukeratzeko irizpideak zehaztea.
- Ikasleak hautatu eta onartzea, eta ez-onartuen errekurtsoak ebaztea. Edozein kasutan, behin betiko onarpena izateko, ikasleek matrikula egin beharko dute UPV/EHUko kasuan kasuko administrazio atalean.
- Bekak esleitzea.
- Ikasleen amaierako ebaluazio orokorra egitea.
- Praktiken arduraduna izendatzea, praktikarik badago.
- Gainerako eskumen akademiko guztiak.
IX. KAPITULUA. FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA
26. artikulua. - Finantzazioa
Arautegi honen bidez araututako ikasketak autofinantzatu egingo dira beti, eta proposamenetan orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.
27. artikulua. - Gestio ekonomikoa
Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehazten dena bete beharko du.
28. artikulua. - Gune organikoak irekitzea eta ixtea
1. Gestio ekonomikoa egiteko, berezko tituluen edizio bakoitzak gune organiko bat izango du, arautegi orokorrari jarraituz.
2. Gune organikoa irekitzeko tramiteak Berezko Ikasketen Atalak egingo ditu, titulazioa eman egingo dela baieztatuta dagoenean. Gune organiko hori titulazioa kudeatzen duen organoaren menpe egongo da.
3. Gune organikoko lehenengo sinatzailea tituluaren zuzendari akademikoa izango da, eta bigarrena tituluaren zuzendaritza akademikoa duen organoaren arduraduna. Proposatzaileak bat baino gehiago badira, zuzendari akademikoaren ikastegiko dekanoa edo sail edo institutuko zuzendaria izango da Batzorde Akademikoko burua. Irakasle berak betetzen baditu kargu biak, bigarren sinatzailea tituluaren antolaketa eta gestioaren ardura duen sail edo ikastegiko idazkaria izango da.
4. Berezko tituluaren edizioa behin bukatuta, organikoa irekita egongo da hurrengo urtean gastuen kitapena egiteko edo berezko ikasketei buruzko arautegiko 31. artikuluan zehaztutakoari jarraituz erabiltzeko. Edonola ere, urte hori igarota, organikoa itxi egingo da, eta bertan dirurik geratzen bada, unibertsitatearen kontu orokorrera pasatuko da.
29. artikulua. - Matrikulen diru sarrerak
1. Matrikularen diru sarrerak campusak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere, aurrekontuari jarraituz.
2. Matrikula egiteko epea behin bukatuta, Berezko Tituluen Bulegoak kitapenak egingo ditu, Kontabilitate Zerbitzuaren bitartez. Dirurik itzuli behar baldin bada diru sarrerak kontabilizatu ondoren, berezko ikasketen arduradunak zuzenean itzuliko dio ikasleari, berezko tituluaren aurrekontuaren kargura.
30. artikulua. - Diru laguntzen sarrerak
1. Diru laguntza berezko ikasketen gune organikoan sartuko da unibertsitateak diru hori jaso ondoren. Dena den, zuzendari akademikoak hala eskatuz gero, eta arrazoia behar bezala justifikatzen badu, aurreratu egin ahal izango zaio dirua titulazioari.
2. Gorabeheraren bat dela-eta azkenean diru laguntza jasotzen ez bada, deskontatu egingo da diru laguntza horren kontura emandako kreditutik, edo, bestela, matrikulen kreditutik.
31. artikulua. - Superabita
Edozein superabit gertatzen bada, hurrengo edizioan sor litekeen defizita estaltzeko erabili ahal izango da, aurkeztutako aurrekontuan matrikulen araberako dirusarrera baino txikiagoa delako.
32. artikulua. - Prezio publikoak
Ikasketa hauen prezio publikoak, bai eta egiaztagiriak, txartelak eta titulua eskatzeko tasak ere, Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, Graduondoko Batzordearen proposamena ikusita.
33. artikulua. - Gastuen gestioa
Graduko eta graduondoko berezko tituluak eta unibertsitateko ikasketa osagarriak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta aurreko edizioko superabitarekin ordainduko dira, hala balego. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta honako hauek:
Berezko Tituluetan, UPV/EHUn ekonomia arloan eskumena duen organoak ezarritako atxikipena aplikatuko da.
Ikastaroaren irakaskuntzan eta gestioan lanean ari diren UPV/EHUko irakasleei eta AZPko langileei nominaren bidez egingo zaizkie ordainketak, horretarako arautegi espezifikoari jarraituz.
UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean dagoen PFEZaren atxikipena egingo zaie.
Unibertsitateko berezko tituluen eta ikasketa osagarrien finantziazio espezifikoaren bidez eskuratutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondarera pasatuko da.
XI. KAPITULUA. IZENA EMATEA ETA MATRIKULA
34. artikulua. - Izena ematea, onartua izatea eta eskaria berrestea
1. Berezko titulu bat egin nahi dutenek arautegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dituzte. Onarpen eskaria on line egingo da edo aurkeztu beharko da irakaskuntzaren gestioaren ardura duen sail, institutu edo ikastegiko idazkaritzan, horretarako zehaztutako epean. Eskaria aurkeztu aurretik kasu bakoitzean dagokion zenbatekoa ordaindu behar da.
2. Izena emateko epea behin amaituta, titulazioko Batzorde Akademikoak etorkizuneko ikasleak aukeratu eta onartuko ditu.
3. Onartutako ikasleek berretsi egin beharko dute tituluan izena emateko eskaria.
4. Programa moduluka egituratuta badago eta ikasleak bat edo gehiago egitea eskatzen badu, onarpen agirian zehaztuko da zeinetan izan den onartua, eta, hala dagokionean, zein titulu edo diploma eskuratzeko aukera izango lukeen.
35. artikulua. - Matrikula
1. Eskaria behin berretsita, ikasleek matrikula egin ahal izango dute on line, titulazio bakoitzerako zehazten den epean.
2. Prozedura arautegiaren arabera matrikularekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak Berezko Ikasketen Atalera bidaliko dira, errebisatzeko.
3. Matrikulak behin behinekoak izango dira, ikasleek aplikatu beharreko arautegian zehazten diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu arte. Matrikula egin denetik hiru hilabete igaro badira Berezko Ikasketen Atalak horren kontra ezer erabaki eta jakinarazi barik, matrikula onartutzat jo beharko da eta irmoa izango da ondorio guztietarako.
Matrikulak ez baditu betetzen baldintza guztiak, interesatuari horren berri emango zaio eta hamar egun dituela jakinarazi, zuzentzeko.
36. artikulua. - Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era
1. Izena emateko eskarian ordaindutakoa matrikularen zenbatekotik deskontatuko da. Matrikularik egingo ez balitz, izena ematean ordaindutako dirua itzuliko da, baldin eta izena eman bada azkenean irakatsiko ez den titulua bada.
2. Prezio publikoak osorik ordainduko dira, Gizarte Kontseiluak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean. UPV/EHUko berezko tituluetan pertsona bakoitzak arrazoi bakarra argudiatu ahal izango du tasetatik salbuesteko.
3. Titulu osoak ikasturte bat baino gehiago hartzen badu, ikasturte bakoitzean egin beharko da matrikula, eta matrikulan ikasturte horretan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.
4. Moduluka egituratuta dauden programetan ikasleak modulu solteetan matrikulatu ahal izango dira, tituluaren proposamenean aukera hori aurreikusten bada.
5. Matrikula bi epetan ordaindu ahal izango da, % 50 bakoitzean. Epe horiek prozedura arautegian zehaztutakoak izango dira.
37. artikulua. -Matrikula baliogabetzea
1. Behin-behinean onartutako matrikulak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, eta ez bada zuzentzen horretarako egongo den epearen barruan, baliogabetu egingo da.
2. Prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan, matrikula baliogabetu egingo da.
3. Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak eskaria eginez gero, eta horrelakoetan itzuli egingo zaio ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.
Matrikula erabaki arrazoitu baten bidez baliogabetuko da, eta erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskumena eskuordetu dion pertsonari.
38. artikulua. - Aseguruak
Berezko tituluetako ikasleek matrikulako gastu finkoak ordaindu beharko dituzte, hain zuzen ere, Hezkuntza Sailak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituenak UPV/EHUko goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioen aginduan. Prezio finko horietan sartzen dira, halaber, unibertsitateko txartela eta asegurua.
XII. KAPITULUA. KREDITUAK AITORTZEA ETA EBALUAZIOA
39. artikulua. - Kredituen aitorpena
1. Lehendik egindako graduko ikasketetako edo graduondoko berezko tituluetako gai edo irakasgaiak aitortzeko eskariak berezko tituluko Batzorde Akademikoak ebatziko ditu, batzorde eskudunak ezarritako arautegiari jarraituz.
Titulazio bateko moduluak solte egiten dituzten ikasleek moduluak aitortzea eskatu ahal izango dute haiek egin ahala, tituluko prestakuntza osatze aldera, eta, hala dagokionean, titulua eskuratze aldera.
2. Batzorde Akademikoaren erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak UPV/EHUko batzorde eskudunari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, jakinarazpena hartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
3. Kredituak aitortzea onartuz gero, ikasleak ordaindu beharko ditu unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, Gerentziaren proposamenari jarraituz, horretarako zehaztutako prezioak.
40. artikulua. - Ebaluazioa
1. Berezko titulua lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak, bai jarduera akademikoak. Eskoletara joatea ez da izango, inolaz ere, nahikoa titulua eskuratzeko.
2. Ebaluaziorako irizpideak tituluaren proposamenean zehaztu behar dira. Kalifikazioa GAI, EZ GAI edo AURKEZTEKE izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada batzorde eskudunak horretarako beren‑beregiko baimena eman duela.
3. Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.
4. Ikasketak moduluka egituratuta badaude, ikasleek beheko moduluetako kredituak finkatuko dituzte, eta gero jarraitu ahal izango dute beste moduluetako kredituekin titulua lortzeko.
5. Ikasturte bat baino gehiago irauten duten tituluetan ikasturte bakoitzean amaierako ebaluazioa egin ahal izango da. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo zaio ikasleari eta hurrengo ikasturteren batean antolatuz gero titulazioa, kredituok aitortu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.
6. Kalifikazioa berrikusteko prozedura Graduko eta Graduondoko batzordeek onartzen dituzten arau osagarrietan zehaztuko da.
XI. KAPITULUA. TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK
41. artikulua. - Tituluak ematea
UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu arautuari jarraituz. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratuko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).
Gizarte Kontseiluak ikasturte bakoitzerako onartzen dituen tarifak ordaindu beharko dira tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko.”
Tituluak beste titulu edo modulu solte batzuen aitorpenaren bidez eskuratu direnean, halaxe adierazi beharko da tituluaren atzealdean.
42. artikulua. - Titulua eskuratzeko eskaria
Titulua eskuratzeko eskaria on line egin ahal izango da, bai eta Berezko Ikasketen Atalean eta campusetako errektoreordetzek zehazten dituzten bulegoetan ere. Tituluak emateko prozedura batzorde eskudunak zehaztuko du.
Moduluka egindako matrikulari dagokionean, azken titulua lortu ahal izateko, modulu guztietako tituluak eskatu beharko dira nahitaez.
Titulazio osorako matrikulari dagokionean, ez da beharko modulu bakoitzeko titulua eskatu eta ordaintzea.
43. artikulua. - Bertaratze ziurtagiriak
Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Batzorde Akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu haiek emateko baldintzak.
44. artikulua. - Ziurtagiri akademikoa
Aurreko artikuluan adierazitako ziurtagiriez gain, berezko tituluko ikasketetan GAI kalifikazioa lortu dutenek ziurtagiri akademikoa eskatu ahal izango dute Berezko Ikasketen Atalean. Ziurtagiri hori web bidez eskatu ahal izango da, edo eskaria aurkeztuta Berezko Ikasketen Atalean bertan.
XIV. KAPITULUA. AZKEN MEMORIA
45. artikulua. - Aurkezpena eta edukia
1. Ikasketak amaitzean, titulua proposatu edo antolatu duen organoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera. Azken memoria aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.
2. Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:
- Hasierako aurrekontuarekiko aldea.
- Aurrekontuaren behin betiko kitapena.
- Ondasunen inbentarioa.
- Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.
3. Datu akademikoen arloan honako hauek zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua (sexuaren arabera banatuta), inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).
VI. TITULUA UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO BEREZKO IKASKETEN ANTOLATZEA
I. KAPITULUA. UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO BEREZKO IKASKETAK IRAKASTEKO PROPOSAMENAK
46. artikulua. - Proposamenak egin ditzaketen organoak
Errektoreak, errektoreordetza eskudunek, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez ditzakete unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketak irakasteko proposamenak, bai eta EHU taldean dauden erakundeek ere. Proposamenak batzorde eskudunari aurkeztuko zaizkio.
Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo, egitura hori UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak ikasketa hauek eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute
Proposamena EHU taldeko erakundeek unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketak aurkezten dutenean, kasuan kasuko erakundeak UPV/EHUrekin eginda duen hitzarmena aplikatuko da, bai eta ikasketa hauek eman eta kudeatzeko erakunde biek sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute
Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den ikasketen arduraduna; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak.
Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.
47. artikulua. - Proposamenaren edukia
1. Irakaskuntzaren arduraduna izendatzea.
2. Irakaskuntza gida. Bertan honako hauek zehaztu beharko dira: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; eskola orduen kopurua; ikastaroaren hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema.
3. Gutxieneko ikasle kopurua. Ezingo dira izan 5 baino gutxiago, baldin eta ez badira berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako moduluak; halakoetan, haien proposamenean egongo da zehaztuta gutxieneko kopurua.
4. Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta.
5. Prestakuntza antolatzen duen egiturak dauzkan baliabide materialak eta giza baliabideak ikastaroaren premiei aurre egiteko. Proposatzaileak kasuan kasuko baimena eduki beharko du gelak erabiltzeko.
6. Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.
- Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:
- Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.
- Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.
- Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.
- Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:
- UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.
- UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.
- Gastu orokorretarako atxikipena.
- Gainerako gastu orokorrak.
48. artikulua. - Proposamenak onartzea
1. Unibertsitate hedakuntzako ikasketak batzorde eskudunak onartu beharko ditu. Irakatsitako ikasketen edizio berri bat eman nahi izanez gero, aurreko edizioetako memoria hartuko da kontuan. Matrikularen prezioa onartzea Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari dagokio eta organo horrek ezarritakoari jarraituko zaio.
2. Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du aldaketa egiteko baimena.
II. KAPITULUA. IKASKETEN ANTOLAKETA
49. artikulua. - Arduradun akademikoa
1. Arduradun akademikoa UPV/EHUko plantillakoa izan behar da. Beste erakunde batekin batera irakasten diren ikasketen kasuan, bi arduradun akademiko egon ahal izango dira, baldin eta horietako bat UPV/EHUko plantillakoa bada.
Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, zuzendaritza akademikoa ikastegi horretako pertsonala izan daiteke edo UPV/EHUko kide izango den zuzendarikide bat izendatu.
2. Arduradun akademikoaren eginkizunak honako hauek dira:
- Ikasketak emateko proposamena aurkeztea.
- Azken memoria egitea.
- Irakaskuntzaren jarraipena egitea.
- Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.
- Ikasketetan parte hartuko duten irakasleen irakaslanari dagozkion ziurtagiriak egitea.
- Ikasketekin zerikusia daukaten gaiei dagozkien ziurtagiriak egitea.
- Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.
- Ikasleen praktika programaz arduratzea, halakorik badago.
- Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.
3. Arduradun akademikoaren eginkizunak honela mugatuko dira:
- 10 ordu, 10 ECTS kreditu baino gutxiagoko ikastaroetan.
- 20 ordu, 10-20 ECTS kredituko ikastaroetan.
50. artikulua. - Gestio organoak
Ikasketa hauen gestio ekonomikoa zein administrazioari dagokiona kasuan kasuko ikastegi, sail, institutu edo errektoreordetzak edo arduradun akademikoak egingo ditu, bai eta gestio horren mandatua hartu duen unibertsitatearen berezko baliabideak ere.
51. artikulua. - Irakasleen arduraldia
1. UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketetan.
2. Ikasketa hauetan irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasle-ikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu ikastaro horietan.
III. KAPITULUA. FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA
52. artikulua. - Finantzazioa
Arautegi honen bidez araututako unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketak autofinantzatu egingo dira beti eta proposamenetan orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.
53. artikulua. - Gestio ekonomikoa
Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehazten dena bete beharko du.
54. artikulua. - Gune organikoak irekitzea eta ixtea
1. Gestio ekonomikoa egiteko, berezko ikasketa bakoitzak arautegi orokorraren araberako Organiko bat izan beharko du; urte naturalean edizio bat baino gehiago egiten bada, bi edizioen organikoa berbera izango da.
2. Berezko Ikasketen Atalak jakinaren gainean jarriko du Kontabilitate Zerbitzua ikasketa onartzen denean eta arduradun akademikoak egingo du gune organikoa irekitzeko eskaria.
3. Gune organikoko lehenengo sinatzailea ikasketen arduradun akademikoa izango da, eta bigarrena organo proposatzaileak aukeratuko du, baina UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da.
4. Berezko ikasketak berezko titulazioetako edo ikasketa ofizialetako moduluak edo irakasgaiak badira, gune organikoa berezko titulukoa edo master ofizialekoa izango da.
5. Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen edizioa behin bukatuta, organikoa irekita egongo da hurrengo urtean gastuen kitapena egiteko edo berezko ikasketei buruzko arautegiko 65. artikuluan zehaztutakoari jarraituz erabiltzeko. Edonola ere, urte hori igarota, organikoa itxi egingo da, eta bertan dirurik geratzen bada, unibertsitatearen kontu orokorrera pasatuko da.
55. artikulua. - Matrikulen diru sarrerak
Matrikularen diru sarrerak campusak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere, aurrekontuari jarraituz.
56. artikulua. - Diru laguntzen sarrerak
Diru laguntzarik jasoz gero ikasketak burutzeko, diru laguntza hori eskatu, gestionatu eta justifikatzearen ardura izango dute ikasketak proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak.
57. artikulua. - Superabita
Edozein superabit gertatzen bada, hurrengo edizioan sor litekeen defizita estaltzeko erabili ahal izango da, aurkeztutako aurrekontuan matrikulen araberako dirusarrera baino txikiagoa delako.
58. artikulua. - Prezio publikoak
Ikasketa hauen prezio publikoak eta ziurtagiriak egiteko tasak Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, gerentziaren txostena aurretik dela, batzorde eskudunaren proposamena ikusita.
59. artikulua. - Gastuen gestioa
Unibertsitate hedakuntzako berezko tituluak eta unibertsitateko ikasketa osagarriak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta aurreko edizioko superabitarekin ordainduko dira, hala balego. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta honako hauek:
Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketetan aplikatuko da UPV/EHUn ekonomia arloan eskumena duen organoak ezartzen duen atxikipena.
Ikasketen irakaskuntzan eta gestioan lanean ari diren UPV/EHUko irakasleei eta AZPko langileei nominaren bidez egingo zaizkie ordainketak, horretarako arautegi espezifikoari jarraituz.
UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean dagoen PFEZaren atxikipena egingo zaie.
Material inbentariagarria, unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen finantzatuz eskuratutakoa, UPV/EHUren ondarea izango da.
Master ofizialetako moduluak diren unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen kasuan, diru sarrerak erabili ahal izango dira masterraren gastuei aurre egiteko, masterrak kudeatzeko arautegiari jarraituz.
V. KAPITULUA IZENA EMATEA ETA MATRIKULA
60. artikulua. - Izen ematea eta matrikula
Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen izena eman eta matrikula ikasketen proposamenean jsotako egiturak egingo ditu.
61. artikulua. - Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era
1. Prezio publikoak osorik ordainduko dira, organo eskudunak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean.
2. Matrikula epeka ordaintzeko eskaria egin ahal izango dio ikasketak proposatzen dituen organoak batzorde eskudunari.
62. artikulua. - Matrikula onartzea eta baliogabetzea.
1. Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketek proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak burutuko dute ikasleen onarpena.
2. Prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan, matrikula baliogabetu egingo da. Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak eskaria eginez gero, eta horrelakoetan itzuli egingo zaio ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.
63. artikulua. - Aseguruak
UPV/EHUn matrikulatutako ikasle guztiek «matrikulako gastu finko» batzuk ordaintzen dituzte matrikulan, aseguruarena barne. Kontzeptu hori behin baino ez da ordaintzen, UPV/EHUko titulazio batean baino gehiagotan, ofizial zen berezkoetan, matrikulatuta egon arren.
Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketetan matrikulatuko diren gainerako ikasleen kasuan, zerbitzu eskudunak zehaztuko du honengatik ordaindu beharreko zenbatekoa.
VI. KAPITULUA. EBALUAZIOA
64. artikulua. - Ebaluazioa
7. Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen kasuan, arduradunak ikasleen zerrenda bidaliko du, zehaztuta ikasle bakoitzari eman beharreko ziurtagiri mota (bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria, bigarren hau ebaluazioa gainditu dutenentzat, baldin eta ikastaroan ebaluazio motaren bat zehaztuta egon bada). Zerrenda hau ikasketen arduradunak sinatuko du.
VII. KAPITULUA. ZIURTAGIRIAK EMATEA
65. artikulua. - Bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiria
Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketen eskoletara eta mintegietara joanez gero, «bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «onuraz parte hartzearen ziurtagiria».
66. artikulua. - Ziurtagiriak ematea
Aurreko artikuluan aipatutako bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiriak kasuan kasuko errektoreordetzak emango ditu, eta beste erakunderen batek ere parte hartu badu ikastaroak antolatzeko lanean, ziurtagiriok erakunde horrekin batera eman ahalko dira. Edozelan ere, ziurtagiriak Berezko Ikasketen Atalean erregistratuko dira.
Gizarte Kontseiluak ikasturte bakoitzerako onartzen dituen tarifak ordaindu beharko dira ziurtagiriak eskuratzeko.
VIII. KAPITULUA. AZKEN MEMORIA
Artículo 67.- Presentación y contenido
67. artikulua. - Aurkezpena eta edukia
1. Ikasturte bakoitzaren amaieran, arduradun akademikoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera, gehienez ere hilabeteko epean. Azken memoria aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.
2. Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:
- Hasierako aurrekontuarekiko aldea.
- Aurrekontuaren behin betiko kitapena.
- Ondasunen inbentarioa.
- Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.
3. Datu akademikoen arloan honako hauek zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua (sexuaren arabera banatuta), inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).
VII. TITULUA. HITZARMENAK
Titulu honetan xedatutakoa Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiko 25 f) artikuluan aipatzen den arautegi espezifikoa da, 2009ko apirilaren 24an onartutako arautegia (abenduaren 5eko EHAAn argitaratua).
68. artikulua. - Hitzarmen motak
Arautegi honetan aipatzen diren hitzarmenez gain, hitzarmen mota hauek sinatu ahal izango dira:
1. Unibertsitate arteko lankidetzarako, titulu propioak lortzeko ikasketak elkarren laguntzaz antolatzeko.
2. Lokalen erabilera, finantzaketa edo komenigarritzat jotzen den beste edozein.
3. Beste erakunde edo entitate publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan aritzea, ikasleek kanpoko praktikak egin ditzaten. Hitzarmen horiek UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak Arautzeko Arautegian ezarritakoaren arabera arautuko dira.
69. artikulua. - Izapideak eta harpidetza
1. Batzorde eskudunak horretarako finkatuko dituen hitzarmen ereduekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko ditu ikasketen arduradun akademikoak, eta jakinaren gainean jarriko du batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik.
2. Hitzarmenak ez datozenean bat finkatutako ereduekin, batzorde eskudunak onartu beharko ditu eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko; aipatutako batzordeak baimena emanez gero, ikasketen arduradun akademikoak izenpetu ahalko ditu.
3. Hitzarmena irakasteko proposamenarekin batera izapidetzen denean, honako izapide hauek jarraituko dira:
- Tituludunei zuzendutako graduko ikasketa edo etengabeko prestakuntzarako hitzarmenak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, batera onar ditzan.
- Unibertsitate hedakuntzako ikasketetarako hitzarmenak batzorde eskudunari aurkeztuko zaizkio, aztertu eta onar ditzan, eta legokiokeen errektoreordetzak sinatuko ditu.
4. Berezko Ikasketen Atalak bilduko ditu hitzarmenak sinatzeko beharko diren txosten guztiak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA: UPV/EHUko batzorde eskudunari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.
Graduondoko eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeari ematen zaio arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA: UPV/EHUko batzorde eskudunari ahalmena ematen zaio arautegi honetan zehaztutako hitzarmenetarako ereduak onartzeko, unean uneko errektoreordetzak proposatuta.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA: Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen zirkular, xedapen eta erabaki guztiak, 19. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA: Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan zehaztuta ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA: Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean.