BEREZKO IKASKETEN ARAUDIA
V. ERANSKINA
BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. KAPITULUA. TITULUAK ETA DIPLOMAK EMATEA
1. artikulua.- Arau orokorra.
Errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, Unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan.
2. artikulua.- Prozedura.
1.- Tituluak eskuratzeko eskariak
1.1- Tituluak eskuratzeko eskariak Berezko Ikasketen Atalean aurkeztuko dira, edota Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko edo Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Interesatuak berak egindako eskaria.
b) NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatea dutenek), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo PASAPORTEAREN fotokopia edo EGOILIAR TXARTELAREN fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).
c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Salbuetsitako pertsonei dagokienez, I. eranskineko 8. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da.
Berezko titulua edo diploma eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Ikasketen Atalak ikasleei. Ziurtagiri horrek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiria ezarritako ereduari jarraituz egingo da.
Tituluak edo diplomak beste titulu edo modulu solte batzuen aitorpenaren bidez eskuratu direnean, halaxe adierazi beharko da tituluaren atzealdean.
1.2- Berezko titulu edo diplomaren bat 93/94 ikasturtea baino lehen egin dutenek, aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
1.- Berezko titulu edo diplomarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Berezko titulurako sarrera ematen duen titulua 1988. urteaz geroztik UPV/EHUn eskuratu dutenek ez dute agiri hori aurkeztu behar.
2.- Tituluak eta diplomak ematea.
Interesdunak berak jaso beharko du titulua edo diploma, inprimatu eta gero, Berezko Ikasketen Atalean. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, eta Berezko Ikasketen Atala dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz atal horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidal dezan titulua: Arabako Campuseko errektoreordetzara, Bizkaiko Campuseko errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzara, Probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.
Salbuespenez, titulua edo diploma ministerio bulegoen bidez ematerik ez duten probintzietan, posta ziurtatuaz igorriko zaio ikasleari eta hark bere gain hartuko ditu dokumentuak paira litzakeen kalteak eta arrazoi horregatik behar izan litekeen bikoiztuaren kostua.
Tituluak jasotzeko prozedura berari jarraituko zaio bikoiztuen kasuan (artikulu honetako 4. atala).
Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna haren bila joan izan gabe, Berezko Ikasketen Atalak hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez. Gainera, jakinaraziko dio titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela, baldin eta epe horren barruan jasotzen ez bada. Titulua edo diploma hautsi egin bada, akta egin beharko da eta Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan gorde.
Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake Unibertsitateko errektoreak. Titulu horietan, dagokion diligentzia adieraziko da aurreko aldeko beheko aldean.
3.- Tituluaren izena titulua lortu duenaren generora, maskulino edo femeninora, egokitzea.
Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.
4.- Bikoiztuak ematea
a) Bikoiztuak ematea, jatorrizkoak hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:
Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek Unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.
Horrelakoetan, interesatuak berak ordaindu beharko ditu tasak.
Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Ikasketen Atalak. Interesdunak ez du tasarik ordaindu beharko kasu horretan.
Berezko Ikasketen Atalak emango dio hasiera bikoiztuak egiteko prozedurari.
b) Bikoiztuak ematea, titulua galdu delako edo lapurtu egin dutelako:
Jatorrizko titulua galtzeagatik edo lapurtzeagatik UPV/EHUren Berezko Tituluen bikoiztuak eman behar izanez gero, interesdunak eskaria egin beharko du, adieraziz zergatik eskatzen duen bikoiztua.
Titulua galdu edo lapurtu izana Unibertsitateari leporatu ahal zaionean, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Unibertsitateak berak. Interesatuak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.
Titulu bikoiztuan jasota agertuko da zergatik bikoiztu den; horretarako, dagokion diligentzia adieraziko da aurreko aldeko beheko aldean.
II. KAPITULUA. ZIURTAGIRIAK EMATEA
3 artikulua.- Ziurtagiriak eskatzea
1.- Berezko titulu bateko ikasketak “Gai” kalifikazio globalarekin gainditzen dituzten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Ikasketan Atalean eta Arabako Campuseko, Bizkaiko Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (93/94 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):
a) Behar bezala beteriko eskaria.
b) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria.
2.- 93/94 ikasturtea baino lehenagoko ikasturteetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.
3.- “Gai” kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Batzorde Akademikoak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu haiek emateko baldintzak.
III. KAPITULUA. ZIURTAGIRI ETA TITULUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK
Ziurtagiriak eta berezko tituluak emateko tasak UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu, batzorde eskudunak proposatuta, eta dagokion errektoreordetzak UPV/EHUren webgunean argitaratuko ditu.