BEREZKO IKASKETEN ARAUDIA
IV. ERANSKINA
KREDITUAK AITORTZEA
1. artikulua.- Definizioa.
Kredituak aitortzea da ontzat hartzea ikasleak beste ikasketa batzuetan lortutako kredituak (amaituta edo amaitzeke dituen ikasketetan), eta UPV/EHUn bertan zein beste unibertsitate batean lortutakoak (Estatuan zein atzerrian), hartara, graduondoko berezko titulu bat edo unibertsitate hedakuntzako diploma bat lortzeko ikasketetan burututako kreditutzat hartzeko. Kredituak aitortuz gero, titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko ikasleak.
2. artikulua.- Irizpide orokorrak.
Kredituak aitortzeko unitatea ikasketa planean jasotako irakasgaia izango da, eta kredituak aitortzean ez da oinarri hartuko irakasgaien edukien arteko antzekotasuna edo iraupena, ezpada gainditutako kredituei lotutako gaitasunak eta jakintzak. Ezin izango da, inolaz ere, krediturik aitortu amaierako lanagatik, tesinagatik edo antzekoengatik.
3. artikulua.- Berezko beste ikasketa batzuetan egindako kredituak aitortzea.
Berezko ikasketen Batzorde Akademikoak hala onartuta, ikasketa horietako ECTS kredituen % 30ra arte aitor daiteke berezko beste ikasketa batzuetan gainditutako kredituengatik, kontuan hartuta horiei lotutako gaitasunak eta jakintzak.
Moduluka antolatutako proposamenetan, prestakuntza programa bateko kredituen % 100 aitor daiteke.
4. artikulua.- Ikasketa ofizialetan egindako kredituak aitortzea.
Graduondoko berezko tituluetan, unibertsitateko master tituluetan (ofizialetan) edo doktoregoan egindako kredituak aitortu ahal izango dira.
Graduko berezko tituluetan, lehenengo edo bigarren zikloko titulazio ofizialetan egindako kredituak aitortu ahal izango dira (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa), edo graduko titulu ofizialetan egindakoak.
Bai batean, bai bestean, gehienez ere ikasketa planaren % 30 aitortu ahal izango da. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari, ehuneko hori handitu dezan. Eskariak behar bezala justifikatuta egon beharko du, eta batzordeak erabakiko du onartu edo ez.
5. artikulua.- Izapideak.
Errektoreordetza eskudunak ezarri eta argitaratuko du ikasturte bakoitzeko epeen eta izapideen egutegia.
Ikasleak berezko tituluaren idazkaritzan aurkeztu behar du kredituak aitortzeko eskaria, errektoreordetza eskudunak ezarri eta dagokion web orrian argitaratu diren epeen barruan.
Dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri akademikoa; bertan jasoko dira gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak.
b) Ikasketa plana edo egindako irakasgaien taula, hala dagokion ikastegiak, sailak edo institutuak egina.
6. artikulua.- Erabakia.
Tituluko Batzorde Akademikoak ebatziko du kredituak aitortzeko eskaria eta ikasleari jakinaraziko dio.
Erabakian ondokoak jaso beharko dira:
a) Aitortuko den kreditu kopurua, kreditu horiek zer irakasgaitakoak diren adierazita.
b) Onartu zaizkion ikasketa planeko irakasgaiak.
c) Eskaerari uko egiten bazaio, aitortu ez den kreditu kopurua, kreditu horiek zer irakasgaitakoak diren adierazita; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.
d) Erabakiaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitateko errektoreordetza eskudunari, jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.
Baliozkotzeei buruzko erabakiak hartu ondoren, baliozkotzeen akta bidaliko zaio Berezko Tituluen Atalari, ezarritako ereduaren arabera.
7. artikulua.- Aitortutako kredituak ordaintzea.
Aitortutako kredituak espedientean jaso aurretik, ikasleak ordaindu egin beharko ditu tasak:
a) Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: dohainik.
b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko Unibertsitateetan eta/edo goi mailako hezkuntza zentroetan egindako ikasketa ofizialengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25.
d) UPV/EHUko berezko beste titulu batzuetan egindako ikasketengatik aitortutako kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25. Salbu eta aitortutako kredituak modulu berekoak badira edo berezko tituluak handitu egin badu kreditu kopurua eta, ondorioz, maila handiagoko beste titulu bat eskaini. Kasu horretan, ez da ordaindu behar.
Salbuespenezko arrazoiak direla medio, ikasle bati ikasketa amaierako lana bakarrik falta bazaio graduondoko berezko ikasketak amaitzeko, eta lan hori egiteko matrikula hurrengo edizio batean egiten badu, aurreko edizioan gainditutako kredituen aintzatespena doakoa izan dadila eska diezaioke Batzorde Akademikoak errektoreordetza eskudunari.
d) Espainiako zein atzerriko beste unibertsitate batean eta/edo goi mailako hezkuntza zentro batean egindako berezko tituluengatik edo beste ikasketa batzuengatik: kredituari dagokion zenbatekoaren % 100.
e) UPV/EHUn etengabeko prestakuntzan egindako ikasketengatik aitortutako kreditua:
- Berezko titulu berean egindako moduluak: dohainik.
- Berezko beste titulu batean edo master ofizialetan egindako moduluak: kredituari dagokion zenbatekoaren % 25.