BEREZKO IKASKETEN ARAUDIA
II. ERANSKINA
GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETEN PROPOSAMENA
1. Izena, ezin izango da izan Gobernu Kontseiluak onartutako beste ikasketa batzuen berbera, eta ezin izango du nahasterik sortu beste titulu ofizial batzuekin.
2. Zuzendari akademikoa, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea izango da, eta titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Berezko master baten zuzendari izateko, doktore titulua izan beharko da. Ikastegi atxikiek irakatsitako tituluen kasuan, ikastegi horretako langile bat izan daiteke zuzendari akademikoa, edo UPV/EHUko kide den zuzendarikide bat izenda daiteke.
3. Unibertsitate arteko berezko tituluetan, unibertsitate bakoitzak izan ahalko du, gainera, bere zuzendari akademikoa.
4. Graduondoko Batzordeak zehaztuta, irakaskuntza programaren ezaugarriak. Besteak beste, honako hauek izan daitezke: kreditu kopurua, ikastaroen eta mintegien edukia eta iraupena, nahitaezko eta hautazko kredituak, teorikoak eta praktikoak, eta horien programa; ikasturte bakoitzeko eskola orduen kopurua; ikasturtearen hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko kanpo praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema; eta, hala badagokio, ikerketa lan edo aplikazio teknikoko lan berezituengatik aitor daitekeen kreditu kopurua.
5. Programa modulutan egituratuta dagoenean, zeintzuk diren modulu horiek, eta ea guztiak gainditzeak tituluren bat eskuratzea dakarren, eta hala bada, zein.
6. Ikasleak zenbat kreditu egin behar dituen titulua lortzeko eta, modulurik badago, modulu bakoitza lortzeko.
7. Zein epetan egin behar diren modulu guztiak amaierako titulua eskuratzeko.
8. Gutxieneko ikasle kopurua proposamenean zehaztuko da, ikastaroaren autofinantzaketa eta bideragarritasuna bermatzeko moduan. Gehieneko ikasle kopurua ikastaroa emateko dauden baliabideen araberakoa izango da.
9. Eskola guztiak euskaraz ematen direnean, 5 ikasle egon daitezke.
Salbuespen moduan, eta batzorde eskudunak gaia aztertu eta onartu ondoren, ikasle gutxiagoko proposamen arrazoituak onartu ahal izango dira.
10. Ikasketetan onartua izateko baldintzak, kontuan hartuta aratuegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak.
11. Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta. UPV/EHUko irakasleen kasuan, irakasle bakoitzak oniritzia eman beharko du parte hartzeko. Irakasle guztien curriculuma erantsi beharko da, eredu arautuari jarraituz osatua.
12. Batzorde Akademikoa osatzeko proposamena. Batzordearen burua zuzendari akademikoa izango da (bat baino gehiago badaude, bakarra proposatu beharko da) eta, gainera, bi kide izango ditu, proposatzen den tituluko irakasleak biak, eta bietako batek UPV/EHUkoa izan behar du. Gutxien dela, batzordekide batek izan beharko du lotura iraunkorra UPV/EHUrekin. Ikastegi atxikiek irakatsitako ikasketen kasuan, ikastegiak berak zehaztuko duen moduan osatuko da batzordea, atxikipen hitzarmenarekin bat.
13. Ikastegiaren, sailaren edo institutuaren baliabide materialak eta giza baliabideak, ikasketa berrien premiei aurre egiteko. Proposamenarekin batera, ikastegiko zuzendaritzak gelak erabiltzeko emandako baimena aurkeztu beharko da.
14. Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.
- Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:
- Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.
- Erakunde publiko eta/edo pribatuen dirulaguntzak.
- Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.
- Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:
- UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.
- UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.
- Administrazio eta kudeaketa lanetan diharduten langileen ordainsariak, hala dagokionean.
- Gastu orokorretarako atxikipena.
- Gainerako gastu orokorrak.
15. Aurrekontuaren desglosea aurkeztu beharko da, ikaslea matrikula daitekeen modulu solte bakoitzerako.