BEREZKO IKASKETEN ARAUDIA - I. ERANSKINA

BEREZKO IKASKETEN ARAUDIA

I. ERANSKINA

BEHIN-BEHINEKO IZEN-EMATEA, ONARPENA ETA MATRIKULA BEREZKO IKASKETETAN

1. GRADUONDOKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA.

1. artikulua.- Behin-behineko izen-ematea.

UPV/EHUn eskaintzen diren etengabeko prestakuntzako graduondoko ikasketetan matrikulatzeko prozesua abiatu aurretik, behin-behineko izen-emateak egiteko epe bat ezarriko da, halako ikasketak egin nahi dituztenentzat.

Ezarritako epe orokorrean egin beharko da eskaera, behin-behineko izen-ematea egiteko ezartzen den zenbatekoa ordaindu ondoren, hala badagokio. Eskaera online egin behar da, edo ikasketak kudeatzeko ardura duen organoan bertan aurkeztu behar da, kasu bakoitzean eskatzen den dokumentazioarekin batera. Berezko titulu bakoitza eskaintzen duten sail, institutu edo ikastegietako idazkaritzetan entregatuko da dokumentazio hori.

Behin-behineko izen-emateak egiteko epean ikasleen eskariak ez badira heltzen proposamenean jasotako gutxieneko ikasle kopurura, Errektoreordetza eskudunaren baimena beharko da graduondokoa eman ahal izateko, eta, horretarako, matrikulazioa hasi baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Matrikulazioari ezingo zaio ekin, inolaz ere, dagokion baimena izan arte.

2. artikulua.- Ikasleak onartzeko baldintzak.

1. Graduondoko bakoitza emateko proposamenean ezar daitezkeen betekizun gehigarriak gorabehera, Berezko Ikasketen Arautegian adierazitako baldintzak bete beharko dituzte ikasleek, bai eta hurrengo artikuluetan adierazitakoa ere.

2. Atzerriko titulua daukaten ikasleak.

Atzerriko titulua daukaten ikasleek ez dute titulua homologatu beharrik graduondokoa egiteko.

Ikasle horiek honako prozedura bete beharko dute:

Ikasleak, behin-behineko izen-ematea egitean, sarrera eskaria aurkeztuko dio Graduondoko Batzordeari edo egin nahi duen graduondokoaren Zuzendaritza Akademikoko arduradunari, agiri hauekin batera (gaztelaniara itzulita aurkeztu behar dira, frantsesez, ingelesez, italieraz edo portugesez daudenean izan ezik):

b) Titulu ofiziala: graduondoko ikasketetarako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria.

b) Egindako irakasgaien ziurtagiria: izena, iraupena eta kalifikazioa jasota.

Itzulpenik behar izanez gero, honako hauek onartuko dira:

a) Espainiar estatuak atzerrian daukan edozein ordezkaritza diplomatikok edo kontsuletxek egindako itzulpena.

b) Eskatzailearen herrialdeak edo dokumentua egin duen herrialdeak Espainian daukan ordezkaritza diplomatikoak edo kontsuletxeak egindako itzulpena.

c) Zinpeko itzulpena, Espainian behar bezala baimenduta edo erregistratuta dagoen pertsonak egina.

Behin-behineko izen-ematea egiteko prozesuaren barruan, berezko tituluko zuzendari akademikoak ikaslearen espedientea eta aurkeztutako tituluaren egokitasunari buruzko txostena igorriko dio Graduondoko Batzordeari. Horiek aztertu ondoren, Graduondoko Batzordeak erabakiaren berri emango dio titulazioko Batzorde Akademikoari. Aldeko erabakia hartuz gero, beren-beregi adierazi beharko dute ontzat ematen dutela ikaslea onartzea.

Onartuta egonda matrikula egin dutenei UPV/EHUren errektoreak egindako baimena emango zaie.

3. Enpresen edo erakundeen eskariz antolatutako ikasketak direnean, enpresa edo erakunde horietako ikasle guztiak batera matrikulatu ahal izateko neurriak har daitezke, ahal den guztietan.

3. artikulua.- Ikasleen onarpena.

1. Izena emateko epea behin amaituta, titulazioko Batzorde Akademikoak etorkizuneko ikasleak aukeratu eta onartuko ditu.

2. Ikasleak hautatu ondoren, zuzendari akademikoak gestio hauek egin beharko ditu:

a) Ikasleari bere egoeraren berri ematea (onartuta, itxaron zerrendan edo kanporatuta dagoen). Onartutako ikasleek, edozelan ere, berretsi egin beharko dute onarpena.

b) Ikasle ez onartuei jakinarazi egin beharko die zein errekurtso mota aurkez dezaketen erabaki horren kontra, horretarako aukerarik egonez gero.

c) Onartutako ikasleei matrikula egiteko dataren berri ematea.

d) Berezko Ikasketen Atalari matrikula epearen berri ematea, epe hori hasi baino gutxien dela 5 egun lehenago eman ere. Jakinarazpenean jasota ageri beharko da zein egunetan hasiko den matrikula, baldin eta proposamenean zehaztutako data aldatu baldin bada. Bestalde, Zuzendaritza Akademikoak laguntzarik eman badu eskura dituen dirulaguntzen kargura, laguntza horiek jasota ageri dituen akta igorri beharko da.

3. Programa moduluka egituratuta badago eta ikasleak bat edo gehiago egitea eskatzen badu, onarpen agirian zehaztuko da zeinetan izan den onartua, eta, hala dagokionean, zein titulu edo diploma eskuratzeko aukera izango lukeen. Agiri horretan adieraziko da gainerako moduluak egin ahal izango direla ikasketa horiek benetan ematen badira, Berezko Ikasketen Arautegian ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.- Matrikula.

1. Plaza bat lortu duen ikasleak dagokion titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula.

Eskaria behin berretsita, ikasleek matrikula egin ahal izango dute online, titulazio bakoitzerako zehazten den epean.

2. Matrikularekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak Berezko Ikasketen Atalera bidaliko dira.

3. Matrikulak behin-behinekoak izango dira, ikasleek Berezko Ikasketen Arautegian zehazten diren baldintzak eta proposamenean zehaztutakoak betetzen dituztela egiaztatu arte. Matrikula egin denetik hiru hilabete igaro badira eskumena duen errektoreordetzak horren kontra ezer erabaki eta jakinarazi gabe, matrikula onartutzat jo beharko da eta irmoa izango da ondorio guztietarako.

Matrikulak ez baditu betetzen baldintza guztiak, interesatuari horren berri emango zaio eta hamar egun dituela jakinarazi, zuzentzeko. Ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, aurkeztutako matrikula artxibatu egingo da. Interesdunak erantzunik ematen ez badu, matrikula eskaera bertan behera utziko da, horretarako emango den erabakiaren bidez.

4. Erabaki irmo bidez UPV/EHUrekin zorretan dauden ikasleek ezin izango dute matrikularik egin UPV/EHUren berezko ikasketetan.

5. Matrikula ez onartzeko erabakiak arrazoitua izan behar du eta ordaindutako prezio publikoak itzultzea ekarriko du. Erabaki horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari.

6. Matrikula epea behin bukatuta, berezko tituluaren zuzendari akademikoak egiaztatu egin beharko du bete egin dela proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua. Ez bada gutxieneko hori bete, arautegiko 35. artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko dio. Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio eskumena duen Errektoreordetzari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da eskolarik ematen hasi baimen hori izan gabe.Dagozkion aldaketak tituluaren jarraipen-txostenean eguneratuko dira.

5. artikulua.- Matrikula egiteko egunak.

Graduondoko bakoitzeko zuzendari akademikoak finkatuko ditu matrikula egiteko egunak, eta gehienez ere astebete emango da. Matrikula egiteko epea irekitzea eskatzeko, ezinbesteko baldintza da aurkeztutako proposamenean zehaztutako gutxieneko ikasle kopuruak berretsi izatea onarpena.

Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 eguneko epea egongo da.

Adierazitako egunetan edozein aldaketa egiteko, Graduondoko Batzordearen baimena beharko da.

6. artikulua.- Matrikula egiteko lekua eta dokumentazioa.

Onartutako pertsonen matrikula online egingo da, horretarako jarritako aplikazioan.

Matrikularekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau da (postaz bidali behar da Berezko Ikasketen Atalera):

a.  NANaren fotokopia (espainiar nazionalitatea dutenek), nortasun txartelaren fotokopia (Europar Batasuneko beste herrialde batzuetakoek) edo PASAPORTEAREN fotokopia edo EGOILIAR TXARTELAREN fotokopia (Europar Batasunetik kanpokoek).

b.  Berezko titulurako sarrera ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko; edo titulua eskatu izanaren agiria. Titulua UPV/EHUn lortu dutenek 1988a baino oraintsuago, ez dute agiri hori aurkeztu beharrik.

c.  Argazki bat, atzean izen-abizenak idatzita.

d.  Ordainagiria, ondorengo artikuluan adierazitako moduari jarraiki.

e.  Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak.

7. artikulua.- Matrikula ordaintzea.

1.- Zenbatekoa.

Ikasleek ordaindu beharreko matrikularen zenbatekoa automatikoki kalkulatuko da matrikula eskaera egiten den unean, eta, hala badagokio, ikasturtez ikasturte Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezioak finkatu eta prezioetan salbuespenak eta murrizketak izateko baldintzak ezartzen dituen Hezkuntza Sailaren aginduan aurreikusitako matrikula gastu finkoak barne hartuko ditu.

Unibertsitatean beste ikasketa batzuk egiten egonez gero, lehenengo matrikula egitean ordainduko da.

Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, urtean-urtean egin beharko da matrikula, eta urtean urteko matrikulan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordainduko.

Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu aitortutako kredituen tarifak, eta dagokion errektoreordetzak argitaratuko ditu.

2.- Ordaintzeko era.

Matrikula era honetara ordaindu ahal izango da:

a.  Matrikula formalizatzean ematen den ordainagiri pertsonalizatua. Agiri horrekin, hurrengo puntuan adierazitako kontuan egin beharko da ordainketa. Kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ordainagiriaren jatorrizkoa Berezko Ikasketen Atalera bidali behar da. Ikasleak bikoiztua gordeko du, ordaindu izanaren agiri bezala.

b.  Ordainketa pasabidea.

c.  Banku transferentzia. Ikasleak diru sarreraren egiaztagiria bidali behar du Berezko Ikasketen Atalera.

3.- Horretarako jarritako sarrera kontua.

4.- Ordainketa egiteko egunak.

Ezarritako prezioak kopuru bakar batez ordaindu daitezke matrikula formalizatzeko unean, edo bi zatitan, zenbateko berdinetan; kasu horretan, matrikula egitean ordainduko da lehen zatia, eta jarraian adierazitako egunetan bigarrena.

Bigarren zatia ordaintzeko egunak arloko eskumena duen errektoreordetzak ezarriko ditu ikasturte bakoitzean.

8. artikulua.- Tasen murrizketa eta salbuespena.

1.- Tasen murrizketa eta tasak ordaintzetik salbuetsita egotea:

a.  Berezko tituluaren antolatzaileek hala erabakita, dagokion titulurako emandako dirulaguntzetan sartuta egonez gero tasetarako finantzaketa. Besteak beste, EHUalumni deskontua.

b.  Familia ugari berezietako kideek ez dute ezer ordaindu beharko; familia ugari orokorretako kideek, berriz, matrikularen % 50 ordaindu beharko dute. Familia ugari bateko kide izatea egiaztatu behar da Aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia erkatuaren bidez edo fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztuta, biak parekatzeko. Agiriak indarrean egon behar du, eta iraungita badago, berritzeko tramiteetan dagoela egiaztatu beharko du interesatuak.

c.  Ekintza terroristen biktimek eta beren ezkontide eta seme-alabek ez dute ezer ordaindu behar. Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Herritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko Azpizuzendaritza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute; edo, bestela, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programaren babesa dutela adierazten duen erabakia.

d.  Organo eskudunak aitortuta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun edo elbarritasun maila duten ikasleek ez dute ezer ordaindu beharko. Egoera hori Aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiriaren bidez egiaztatu behar da.

e.  Ez dute ezer ordainduko genero indarkeriaren biktimek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean genero indarkeriaren biktimei laguntzeko dauden koordinazio mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren babesean halakotzat jotzen badira, eta artikulu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak eskatzeko eskubidea izango dute haien kargura eta haiekin batera bizi diren 25 urtetik beherako seme-alabek.

f.   Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.

UPV/EHUko berezko tituluetan, pertsona bakoitzak arrazoi bakarra argudiatu ahal izango du tasetatik salbuesteko, eta matrikulatzeko unean dokumentazio hori aurkeztu beharko du.

9. artikulua.- Matrikula baliogabetzea.

1.- Matrikula baliogabetu ahal izango da, Berezko Ikasketen Arautegian ezarritakoaren arabera.

2.– Matrikula egin eta gero, erabakitzen bada ikasketak ez direla emango, honela jokatu beharko da:

- Erabakia antolatzaileek hartu badute, berezko tituluaren zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, matrikula egiteko epea amaitu eta 5 eguneko epean. Jakinarazpen horretan adieraziko da zer tramite egin behar diren ordaindutako prezioak itzultzeko; izan ere, idatzia aurkeztu beharko da Berezko Ikasketen Atalean, adieraziz ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada).

- Erabakia Graduondoko Batzordeak hartu badu, zuzendari akademikoak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakiaren berri izan eta biharamunetik kontatzen hasita. Jakinarazpen horretan adieraziko da zer tramite egin behar diren ordaindutako prezio publikoak itzultzeko, aurreko atalean adierazitako moduan.

2. UNIBERTSITATE HEDAKUNTZAKO IKASTAROAK ETA DIPLOMAK

10. artikulua.- Behin-behineko izen-ematea eta matrikula.

Unibertsitate hedakuntzako berezko ikasketetan, ikasketa horiek proposatu dituen egiturak egingo ditu behin-behineko izen-ematea eta matrikula.

Ikasketen ardura duen organoaren idazkaritzan egingo dira ikasleen matrikulak.

Matrikula epe bakarrean ordainduko da, unitate organikoak horretarako jarritako kontuan. Dena den, matrikularen ordainketa zatikatzeko baimena eman dezake eskumena duen batzordeak.

Ikasleak matrikula baliogabetzeko eskaria eginez gero, horrek ez du eragingo ordaindutakoa itzultzerik, ez bada ikasturtea hasi gabe dagoela.

11. artikulua.- Gastuen gestioa.

Behin matrikula amaituta, ikasketen ardura duen pertsonak tramite hauek egingo ditu:

Ardura duen sailak edo arloak ikasleen izen-ematea eta matrikula egingo du. Onartutako ikasleek dagokion kontuan ordainduko dituzte tasak, eta, gainera, aseguruaren zenbatekoa ordainduko dute (UPV/EHUko beste ikasketa batzuetan matrikulatuta daudela egiaztatzen ez dutenek bakarrik ordaindu beharko dute aseguruaren zenbateko hori, 4 euro).