Masterraren Gakoak
Egungo harreman ekonomiko, politiko eta sozialek –baita giza harremanen multzoak ere–herrialdeen mugak gainditu eta nazioz gaindiko dimentsio gero eta handiagoa dute.
Alde horretatik, garapen prozesuak eta giza ongizatean eragina duten prozesu gehienak baldintzatuta daude, herrialdeen egitura ekonomiko, politiko eta sozialen gainean gero eta eragin handiagoa duen globalizazioaren mende.
Globalizazioa eta Garapena Masterraren helburua da globalizazioa hainbat ikuspegitatik aztertuko duten ikertzaileak trebatzea.
Prestakuntza programak oinarrizko bi gairen alderdi teoriko-metodologikoak lantzen ditu: globalizazioa, harremanen eta prozesuen mundializazio gisa ulertua, alor ekonomikoan, sozialean, politikoan edo kulturalean; eta garapenari buruzko ikuspegi teoriko nagusiak, arreta berezia jarriz Giza Garapenean eta Garapen Jasangarrian.
Programak garapen estrategiak eta politikak lantzen ditu, garapenerako nazioarteko lankidetzaren egungo erronkak aztertuz, ahaztu gabe nazioarteko lankidetzak bizikidetza baketsua eta garapen globala sustatzeko gizarte tresna gisa duen zeregina.
Ikasleek aukera izango dute espezifikoki aztertzeko garapen prozesuetako alderdi garrantzitsuenetako batzuk: hala nola generoa, pobrezia eta desberdintasuna, ingurumena, tokiko garapena, gobernagarritasuna, gatazkak eta giza segurtasuna.
Master honen bidez zuzenean sar daiteke Garapenari buruzko Ikasketak doktorego programara.