Agurra
Donostiako UPV/EHUko Informatika Fakultatea da erreferentziazko ikastegia informatikako eta adimen artifizialeko prestakuntza eta ezagutza teknikoa/zientifikoa jasotzeko; unibertsitate publikoa, ikertzailea, euskal gizartean errotua eta mundura irekita dagoena. Gizartearen zerbitzura dagoen erakundeko kideak garen aldetik, urteko memoria bat egiten dugu, irakaskuntzan, dibulgazioan, ikerketan, nazioartekotzean eta abarretan egindako lana eta mugarri garrantzitsuenak biltzen dituena.
Irakaslez osatutako taldeak (100 irakasle) aukera ematen dizu informatika osatzen duten jakintza arlo guztietan prestakuntza profesionala jasotzeko, prestakuntza proiektu propio, parte hartzaile eta eleaniztun baten bidez, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza metodologiak erabiltzen diren irakasgaiak tarteko.
Gure fakultateak Adimen Artifizialeko Gradua eta Informatikaren Ingeniaritzako Gradua eskaintzen ditu. Azken horrek hiru espezialitate ditu aukeran: Konputagailuen Ingeniaritza, Konputazioa eta Software Ingeniaritza. Bi graduok gaztelaniaz eta euskaraz ematen dira. Izan ere, fakultateak konpromiso eta inplikazio berezia du euskararekin, eta, horren ondorioz, hainbat ekimen bultzatu eta horietan parte hartzen du, baita teknologien arloan euskararen erabilera bultzatu ere.
Bestalde, zenbait irakasgai ingelesez ere ikasi ahal izango duzu gradu batean zein bestean. Eta bereziki, nazioartekotze ibilbide bat eskaintzen dizu Informatika Ingeniaritzako Graduak.
Graduaren ondoren zure prestakuntzarekin jarraitu nahi baduzu, oso zabala da graduondoko unibertsitate masterren eskaintza: Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak, Sistema Txertatuen Ingeniaritza (Prestakuntza Duala); Language Analysis and Processing, ingelesez; eta Erasmus Mundus - Language and Communication Technologies, ingelesez. Master horiek maila goreneko jarduera profesionalerako edo ikerketara bideratutako doktorego programa batean jarraitzeko ateak irekitzen dizkizute.
Fakultateak bi alderdi garrantzitsu zaindu eta sustatzen ditu, prestakuntzari estuki lotuta: lan merkatuarekiko harremana eta ikerketa. Lehenengoari dagokionez, 100 enpresa eta erakundek baino gehiagok praktikak, gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak eskaintzen dizkiete gure ikasleei, aukera paregabea lan munduarekin lehen harremana izateko. Bestalde, fakultateak 5 unibertsitate enpresa gela ditu, erreferentziazko enpresa eta erakundeekin lankidetzan aritzeko guneak hainbat arlotan: Eurohelp, Innovae, BCAM, Sherpa.ai eta Multiver Computing. Ikerketa fakultatearen ezaugarri bat da. Alde batetik, irakaskuntzaren eskaintza aberasten du gradu eta master amaieretako lanetarako punta-puntako irakasgaien eta proposamen berritzaileen bidez. Bestetik, askotariko ekosistema batek (18 talde, 155 ikertzaile, 65 proiektu/urte) ateak irekitzen dizkio kalitateko master eta doktoregoko prestakuntza bati, zure etorkizun profesionala I+G+B arloan garatzeko aukera emango dizuna.
Informatika Fakultateko zuzendaritza taldeak eta bertan lan egiten dugun guztiok animatu egiten zaitugu gurekin batera parte hartzera abentura honetan: zure sormen eta irudimen guztia garatu ahal izango duzun arlo batean trebatu, mundu berri bat sortu, gune bat zientziak eta teknologiak bat egiten duten mugan.
Azkenik, Fakultatearen jatorriari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, EHUko Informatika Fakultateko historia irakurtzea gomendatzen dizut.
Alexander Mendiburu
UPV/EHUko Informatika Fakultateko dekanoa
Kontaktua
Posta-helbidea: Manuel Lardizabal pasealekua, 1 - 20018 Donostia - San Sebastián
Web helbidea: www.informatika.ehu.eus
Posta elektronikoa: info-dif-fiss@ehu.eus
Telefonoak:
- 943 018027 - Arantxa Vázquez, Dekanoaren idazkaria
- 943 015563 - Lorena Pérez-Lafarga, Ikastegiko teknikaria