Historia laburra: fakultatea eta informatikako irakaskuntza
Informatika Fakultatea "gaztea" da, informatikako ikasketak ere gazteak direlako unibertsitatean, baina historia bat du dagoeneko atzean. Atzera begira, 1971ko abuztuaren 9ra jo behar dugu: Informatika Zentroa sortu zen garaian Donostian, Madrilen 1969an sortutako Informatika Institutuaren menpe. Madrileko zentrorako 1971ko ekainean onartutako ikasketa-plana hasi zen eskaintzen Donostian ere, 5 urtetan banatuta: Aplikazioen Programatzailea, Sistemen Programatzailea, Aplikazioen Analista, Sistemen Analista, eta Sistemen Teknikaria.
Fakultatea, gaur ezagutzen dugun moduan, 1976ko martxoaren 4an jaio zen, Espainiako lehenbiziko hiru Informatika Fakultateak sortu zirenean: Bartzelonan (U. Politécnica), Madrilen (U. Politécnica), eta Donostian, une hartan Valladolideko unibertsitatearen menpe. Beraz, Donostia aitzindaria izan da estatuan unibertsitate mailako informatika-ikasketak eskaintzen, garaian Gipuzkoarako eta Euskal Herria osorako unibertsitatea aldarrikatzen ari zirenen aurreikuspen eta dinamismoaren adibide bikaina, zalantzarik gabe.
Garai horietan ari zen sortzen, bestalde, gero Euskal Herriko Unibertsitatea izango zena, bere unibertsitate publikoaren alde herri honek egindako esfortzuen fruiturik nabarmenena. Hala, 1977an, Fakultatea Bilboko Unibertsitatean integratu zen, zeina, azkenik, 1980ko otsailaren 25ean, gaurko UPV/EHU bihurtu zen.
Sortu zenetik, honako pertsona hauek izan dira Fakultateko zuzendaritza lanetan: Josep Miró (71/78), Luis Gurruchaga (78/83), Javier Torrealdea (83), Josu Aranberri (84/85), Javier Torrealdea (85/92), Julio Abascal (92/95), Iñaki Morlán (96/03), Julián Gutiérrez (03/07), Clemente Rodríguez (08), Arantza Illarramendi (08/10), Agustin Arruabarena (11/14) Kepa Sarasola (14/17) eta Alexander Mendiburu (17/gaur arte).
Urteetan zehar, Fakultateko irakaskuntza-eskaintzak jarraitu dio nola ez, irakasten ditugun diziplinen aldaketa-erritmo zorabiagarriari. Hala, 1978/79 ikasturtean, hasierako informatika-ikasketak Lizentziatura bihurtu ziren (5 urte, 2 ziklotan antolatuta), eta geroxeago, 1982/83 ikasturtean, aldaketa batzuk egin ziren ikasketa-plan horretan. 1994/95 ikasturtean, Informatikako Lizentziatura Informatika Ingeniaritza bihurtu zen estatu osoan, eta ingeniaritza hori aldaketa batzuk jasan zituen 2001/02 ikasturtean. Bestalde, 2000/01 ikasturtean, hiru urteko Informatika Sistemen Ingeniaritza Teknikoa abiatu zen. Azkenik, Espainia osoan egin den ikasketa-planen erreforma orokorra dela eta (Bologna plana), aurreko ibilbidea bukatutzat eman zen 2010/11 ikasturtean; hortik aurrera, eskaintza Informatika Ingeniaritzako Graduan kontzentratu da: 240 kreditu eta hiru espezialitate, 4 urtetan banatuta.
Graduondoko prestakuntza ere eboluzionatu da, ohiko doktorego-ikastaroetatik gaurko Master ikastaroetara. Lehen esperientzia Máster en Ciencia y Tecnología de Computadores izan zen, 91-93 urteetan eskaini baitzen. Gaur egun, gure eskaintza askoz zabalagoa da: Ingeniería de Sistemas Empotrados eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (2007/08 ikasturtetik), Sistemas Informáticos Avanzados, Ingeniería Computacional y Sistemas Inteligentes, eta Tecnología de Apoyo a la Autonomía Personal (2009/10 ikasturtetik aurrera). 2014/15 ikasturtean beste hiru proposamen gehituko ditugu: batetik, Informatika Ingeniaritzako Master profesionala, eta, bestetik, Computación de Altas Prestaciones eta Language and Communication Technologies "Erasmus Mundus" Masterrak.
Zentroan egoitza duten sailek -Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala, Lengoaia eta Sistema Informatikoak- "bikaintasunerako aipamena" duten bi Doktorego Programa eskaintzen dituzte.