Filosofiako mintegi irekia. Antonio Casado (EHU): Made in Gipuzkoa: Lankidetzazko Gobernantzarako Ikuspegi Partekatua Eraikiz
Data
2023/10/05, 13:00
Datorren asteko ostegunean, urriaren 5ean, izango dugu filosofia mintegi irekiko kurtso honetako lehenengo saioa. Antonio Casado (EHU) izango dugu hizlari, eta bere hitzaldiak "Made in Gipuzkoa: Lankidetzazko Gobernantzarako Ikuspegi Partekatua Eraikiz" izango du izenburutzat. Saioa euskaraz izango da, eta eguerdiko ordubatean bilduko gara. Oraingo honetan Fakultateko 2.6 gelan elkartuko gara, eta ez, gehienetan egin ohi dugun moduan, Batzar Aretoan.
Made in Gipuzkoa: Lankidetzazko Gobernantzarako Ikuspegi Partekatua Eraikiz
Antonio Casado (EHU)
Herritarren Batzar batean eta ikerketa-ekintza prozesu partehartzaile batean oinarrituta, mintegi honek Gipuzkoako kultura politikoan lankidetzazko gobernantza indartzeko egitasmo bat aztertuko du. John Dewey-ren esperimentazioaren espirituan egiten da, galdera, erantzun eta proposamenen logika deliberatiboa praktikan jarriz, on-line eta on-site. Hipotesia da Herritarren Batzarraren esperientzia kolektiboak ikuspegi partekatua eragiten duela komunitatean, eta horrek politika publikoan eragina izateko eta kultura demokratikoa hobetzeko ahalmena duela. Gure prototipoa (https://gi2030.eus ) ez da Herritarren Batzar bat, “laborategi hibridoa” baizik, non zenbait gaitasun modu aktiboan lantzen diren lurraldean zehar, urte beteko ziklo batean. Tailer arinak eta plataforma digitala erabiliz, eredu honek sektore publikoaren (unibertsitatea barne), sektore pribatuaren, gizarte zibilaren eta komunitate gaitasunen arteko lankidetzazko esperimentuak zabaltzea du helburu.
Gipuzkoa irudikatuz: galderak eta proposamenak
gi2030.eus