euskaraespañol

Eguneko irudia

EBk aitortu du UPV/EHUren ikertzaileak kontratatzeko kalitatea

Ikertzaileentzat lan ingurune egokia sortzea aintzatesten duen HRS4R kalitate zigilua lortu duen lehen euskal unibertsitatea da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/27

Europako Batzordeak HRS4R aitorpena eman dio Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari. Honako hau Human Resources Strategy for Researchers (HRS4R) programan kokatutako ekimen bat da, eta kasuan kasuko jardueran lan merkatu europar gardenagoa, irisgarriagoa eta bikaintasunean oinarritutakoa lortu nahi duten unibertsitateak eta ikerketa erakundeak estimulatu eta saritzea du helburu. Europan, mota guztietako 599 erakundek daukate aitorpen hori, eta euskal unibertsitateen artean eskuratzen lehena izan da UPV/EHU.

Eva Ferreira errektoreak azaldu duenez, aitorpen honek bi sentimendu eragiten dizkio: gogobetetzea eta konpromisoa. «Gogobetetzea, euskal unibertsitate publikoak ikerketa garatzeko baldintzak hobetzearen alde egin duen esfortzua saritzen duelako, baina, bestetik, baita etorkizunean hobekuntza horrekin jarraitzeko konpromisoa ere. Kontratazio prozesuak hobetzeko prozesuak aplikatzen ari gara, eta ikerketa jarduera sustatzen duten espazioak prestatzeko ahalegina egiten dugu, aurrerapena bultzatuz eta baldintzarik onenak bilatuz, ikerkuntza karrerak ondoz ondoko etapak izan ditzan, estimulu pertsonalak. Horrez gain, nazioartean dugun ikusgarritasuna eta talentua erakartzeko dugun gaitasuna ere areagotu nahi ditugu. Horretarako, HRS4R zigilua tresna erabakigarria izango da».

Europar Batasunak, HRS4R kalitate zigilua ematean, aitortu egiten du UPV/EHUko giza baliabideen politikak Ikertzaileen Europako Gutunean eta Kontrataziorako Jokabide Kodeko 40 printzipioekin lerrokatzeko egindako lana. Gutunak hainbat printzipio eta betekizun orokor ezarri zituen ikertzaileentzat zein proiektuak kontratatu edo finantzatzen dituzten entitateentzat; hala, modu arduratsuan jokatzera eta 40 printzipioen bildumarekin bat egitera gonbidatzen ditu, tartean honako hauek: ikertzeko askatasuna aitortzea; kode deontologikoetan bildutako oinarriak barneratzea; kontuak ematea; jardunbide onak ikerkuntzan, emaitzak jakinaraztea; gizartearekiko konpromisoa; garapen profesional jarraitua; lanbidea aitortzea; bereizketarik ezaren printzipioa; ikerkuntzaren aldeko lan ingurunea sortzea; lan baldintza onak; enplegu egonkorra eta iraunkorra; ikerkuntzan prestakuntzara eta etengabeko garapenera sarbidea; orientazio profesionala; jabetza intelektualeko eskubideak babestea; gardentasuna, etab.

Hortaz, ikerkuntza lana indartu eta lan hori garatzeko baldintzak hobetzea sustatu nahi duten arau eta printzipioen bilduma da, ikertzaileei eta ikertzaileak kontratatzen dituzten eta haien proiektuak finantzatzen dituzten unibertsitate eta erakundeei dagokienez.

UPV/EHUk, aitorpen hau jasotzearekin, arrakastaz burutzen du 2018ko irailean abiarazitako prozesua. Bere webgunean, HRS4R ekimenari buruzko atal bat sortu du UPV/EHUk, eta aitorpena lortzeko baliatutako dokumentu guztiak bertan daude eskuragai. Bidenabar, zigilua berritu arteko hurrengo bost urteetan ezarriko diren hobekuntzak eta aurrerapenak unibertsitateko kideen artean hedatzeko ere balioko du atariak.