euskaraespañol

UPV/EHUk graduetako plazen kopuruari eutsiko dio 2018/2019 ikasturtean, aldaketa gutxi batzuk eginda

Gizarte funtsaren deialdi berria matrikula ordaintzeko zailtasunak dauzkaten ikasleentzat; joan den urtean ikasturtean, 51 ikasle izan ziren onuradun.

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/27

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak gaur egindako Gobernu Kontseiluan onartu ditu 2017-18 ikasturterako graduko tituluetarako plaza mugak. Zehazki, plaza kopuruak ia berdina izaten jarraituko du gradu guztietan, baina badira hiru salbuespen: batetik, Medikuntzak muga handitu du, 510etik 525era, eta bestetik, Ingeniaritza Mekanikoak eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzak, biak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolakoak, muga 117tik 107ra jaitsi dute. Izan ere, Eskola horrek, datorren 2018-19 ikasturtean, Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza gradu bikoitza emango du, eta 15 plaza eskainiko ditu.

UPV/EHUk 8.654 plaza eskainiko ditu guztira, 2018-19 ikasturtean emango dituen graduko 86 tituluetan. Plaza horiei honako hauek gehitu behar zaizkio: UPV/EHUri atxikiriko hiru ikastegiek eskainitako 250 plaza, Erizaintzako graduan eskainitako 80 plaza (Arabako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan), Enpresen Kudeaketa eta Marketineko graduan eskainitako 100 plaza (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskolan) eta Prozesu eta Produktu Berrikuntzaren Ingeniaritzako graduan eskainitako 50 plaza (Elgoibarko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolan).

Unibertsitate masterrei dagokienez, 2018-19 ikasturtean 106 titulu eskainiko dira, jakintza arlo guztietan, eta guztira 3.661 plaza. Kasu honetan, aipagarria da bi master berriren eskaintza: “Fabrikazio Digitala” masterra, 20 plazarekin, Elgoibarko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolari atxikiriko ikastegian emango dena, eta gaur bertan onartutako “Itsas Inguruneko Energia Berriztagarriak” Erasmus Mundus Masterra, 25 plazarekin. Unibertsitate masterretan izena emateko epea aste honetan bertan ireki, eta maiatzaren 31an amaituko da,  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntz Irakaskuntzetako Irakasleak Trebatzeko Masterrean izan ezik, non maiatzaren 11n amaituko baita izena emateko epea.

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreorde Araceli Garínen iritziz, "gure ingurunearen beharrizanei doitutako eskaintza da, eta aldi berean, geure aurrekontuek ezarritako baliabide mugatuei doitua”.

Gizarte Funtsa

Gobernu Kontseiluak onartu du, halaber, bat-batean egoera ekonomiko txarrean dauden edo egoera ekonomiko txarrean jarraitzen duten UPV/EHUko ikasleei diru laguntza itzulgarriak emateko deialdia, oraindik ordaindu gabe duten 2017/2018 ikasturteko matrikularen zenbatekoa ordain dezaten. Laguntza hori eskudirutan itzuli ahal izango da, onuradunak eta UPV/EHUk aldez aurretik adosten duten eran, edo, haren zati bat bederen, lankidetza jardueren bidez, erakundearekin edo unibertsitatearekin.

Matrikula ordaintzeko zailtasunak dauzkaten ikasleei laguntzeko gizarte funts hori 2013an jarri zen abian, lehenengo aldiz. Azken deialdian, 2016/2017 ikasturtekoan, 51 ikaslek jaso zuten laguntza, eta matrikula ez ordaintzeagatiko zorra, berriz, 54.187 eurokoa zen, guztira. Kopuru horretatik 39.667 euro eskudirutan itzultzea adostu zuten, eta gainerakoa, UPV/EHUrekin hainbat lankidetza jarduera eginez; zehazki, kirol eta berdintasun jardueretan, Unibertsitate Orientazioko Zerbitzuaren azoketan, liburutegian eta kongresuetan emandako 968 orduren bidez.