euskaraespañol

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak “Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean” izeneko adierazpena onartu du

Adierazpenak, gaurko bileran onartua gehiengoz (40 boto alde eta 2 abstentzio), eskatzen du betetzea Nazio Batuen erabakiak eta unibertsitateak berak hartutako bost konpromiso jasotzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/24

Irudia
Gobernu Kontseilu berria aurkeztu da gaur | Argazkia: Mitxi

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak “Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean” izeneko adierazpena onartu du gaur. Adierazpenak aipatutako organoaren babes osoa jaso du eta bertan baieztatzen da, lehenik eta behin, euskal unibertsitate publikoaren konpromisoa giza eskubideekin, bai eta terrorismo eta indarkeria mota guztien gaitzespena ere, unibertsitatearen Estatutuek eta Kode Etikoak adierazten duten bezala. 2023ko azaroan euskal unibertsitate publikoa argi mintzatu zen munduko hainbat lekutan jazotzen ari ziren gertaera tragikoen aurka, hala nola Errusiak Ukraina inbaditu izana, Hamasek urriaren 7an egindako erasoa, eta horren ostean Israelgo armadak Gazako zerrendako biztanleen aurka egindako erasoa.

Oraingo adierazpenean euskal unibertsitate publikoak honako hau eskatzen du: 1) berehala betetzea Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia, Israelek genozidio ekintzak saihesteko neurriak har ditzala eskatzen duena; 2) Gazako zerrendan laguntza sartzen uztea; 3) biztanleria zibilaren aurkako erasoak eta setioa amaitzea, Israelera armak bidaltzeari uztea, eta bidegabeki bahituta eta giltzapetuta dauden pertsona guztiak askatzea; eta 4) berehalako su etena ezartzea, eta estatu palestinarraren aitorpena.

Neurri zehatz gisa, Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso hauek hartzen ditu: 1) martxan jartzea boluntariotza programa berezi bat, UNRWArekin elkarlanean; 2) errefuxiatuen arretarako unibertsitateak daukan programa zabaltzea; 3) atal berezi bat sortzea EHUguneren barruan, giza eskubideen eta bakearen kulturaren defentsaren inguruan gogoeta egin eta eztabaidatzeko: BakeGune; 4) egitasmo bateratuak abian jartzea CRUEren baitan, Gazan berehalako su etena eskatzeko; eta 5) harreman komertzialak edo akademikoak berrikustea eta halakorik ez ezartzea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Palestinako egoerari buruz Nazio Batuek emandako ebazpenak errespetatzen ez dituztenekin. Bereziki, Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa hartzen du.

Eva Ferreira errektoreak hauxe esan du bere azalpenean: "UPV/EHU terrorismo eta indarkeria mota guztien aurka dago eta konpromiso sendoa du giza eskubideen defentsarekin, haren Estatutuek eta Kode Etikoak adierazten duten bezala.  Modu desberdinetan adierazi dugu munduko hainbat puntutan gertatzen ari ziren horrelako gertaerak arbuiatzen ditugula; hala nola, berriki Errusiak Ukrainan egindako inbasioa. Oraingo honetan horrela egiteko proposamena justifikatzen duen arrazoia da Gazako biztanleria zibila pairatzen ari den sarraskia eta egoera dramatikoa. Ez gaude  ohiko gerra baten edo ohiko gatazka armatu baten aurrean, baizik eta hondamendi humanitario baten eta gizateriaren aurkako krimen baten aurrean. Nazioarteko hainbat erakundek sarraskitzat jo dute Gazaren kontrako erasoa. Horregatik, uste dugu egoera horrek Gobernu Kontseiluko kideen akordio zabala merezi duela gure posizioa argi finkatzeko”.

Esteka honetan ikus daiteke gaur onartutako adierazpenaren testu osoa:

LINK

Gobernu Kontseilu berria eratu da

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaur egin duen saioan organoko kide asko aldatu dira, hauteskunde prozesua burutu ondoren abenduaren 19ko Klaustroan. Prozesu horren bidez talde hauen ordezkariak berritu ziren: 1) ikasleak; 2) irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak; 3) irakasle eta ikertzaile ezdoktore iraunkorrak eta irakasle eta ikertzaile doktore eziraunkorrak; 4) gainerako irakasle eta ikertzaileak; eta 5) teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Talde horien ordezkariez gain, honako hauek osatzen dute Gobernu Kontseilua: errektorea, idazkari nagusia, gerentea, errektoreak izendatutako zortzi pertsona, ikastegietako dekano eta zuzendarien ordezkariak, eta sailetako zuzendarien ordezkariak. Guztira 44 kide dira.