euskaraespañol

Asteazkenean hasiko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren probak UPV/EHUn

Batxilergoko eta LHko 12.895 ikaslek egingo dituzte azterketak hiru egunetan zehar, baita nota igotzeko matrikulatu diren aurreko kurtsoetako 506 ikaslek ere

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/05

Irudia
2022ko USE probak Bilboko Ingeniaritza Eskolan | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 12.080 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 815ek hasiko dituzte asteazkenean, ekainak 7, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko (USE) probak. Guztizkoa, 12.895, iazkoa baino % 1 handiagoa da, orduan 12.767 matrikulatu baitziren USE egiteko.. 12.895 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 506 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak.

USE hiru egunetan zehar egingo da, ostiralera arte, hilak 9, hiru campusetan banatutako 39 epaimahaitan.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteazkenean 2023ko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.

Azterketei dagokienez, pandemian sortutako egitura malgua mantendu da.

USEari buruzko informazio guztia: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/2023-use-ohiko-deialdia