euskaraespañol

Eguneko irudia

Tania Arriaga: «Gutxiengoak gustura sentitzen diren gizartea, hori da gizarte osasungarria»

Tania Arriaga Azcárate irakaslea omendu dute 2024ko UniDibertsitate Egunean

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/13

Tania Arriaga Azcárate irakaslea
Tania Arriaga Azcárate irakaslea | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak, 2024ko UniDibertsitate Egunaren testuinguruan, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko (Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saila) Tania Arriaga Azcárate irakaslea omendu zuen, UPV/EHUn aniztasun gaietan izandako ibilbidea dela eta.

Nabarmena da Arriaga Azcárate doktoreak LGTBI+ kolektiboaren eskubideak defendatzeko egindako lan aktibista eta kolaboratiboa, bai irakasle gisa, bai ikertzaile gisa. Zuzendaritzarekin batera modu aktiboan egin du lan GRALen, MALen eta Empar Pineda sarietara aurkeztutako tesien ebaluazioan berdintasuna bermatzeko, 2021ean sariketa hori sortu zenetik.

Film Laburren Lehiaketa antolatzen eta sustatzen du atxikita dagoen fakultatean eta unibertsitatean, eta LGTBI+ gaiarekin lotutako ikus-entzunezko obrak sortzera animatzen ditu ikasleak. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren iritziz, ekintza horrek ikasleen aniztasun arloko prestakuntzari laguntzen eta eragiten dio unibertsitatean garatzen duten ikasketa prozesuan zehar.

Zer esan nahi du zuretzat UPV/EHUk 2024ko UniDibertsitate Egunaren barruan aitortza hau egiteak?

Sorpresa eta poz handia. Inoiz ez nuen pentsatuko UPV/EHUk LGTB kolektiboaren bizimodua hobetzeko egindako borroka eta saiakerak aitortuko zizkidanik. Hemen ikasi nuen, eta duela hogei urte inork ez zuen gaiaz hitz egiten. Eta orain pozik nago, saria existitzen delako, ikusgarritasun handiagoa dagoelako, eta unibertsitatea aniztasunari presentzia eta babesa ematearen alde dagoelako.

Nabaritu dira aldaketak unibertsitatean...

Urteak daramatzat Empar Pineda Batzordean lanean, UPV/EHUko Berdintasun arloko Zuzendaritzarekin koordinazioan, eta ikusi ditugu aldaketa batzuk unibertsitateko bizitzan. Ikasleek haien bizitzako lau urte edo gehiago igaroko dituzten lekuan euren arazoaz interesatzen direla ikustea eta babestuta sentitzea, nabarmentzekoa da.

Badirudi inboluzioa gertatzen ari dela LGBTI+ kolektiboaren eskubideen garapenean. Nola ikusten duzu egoera?

Nire ustez, bizitzaren eta gazteriaren indarrak irabazi egiten die desfasatuta dauden lau aitonari. Uste dut hau geldiezina dela, LGTB bizipena eta aniztasuna geldiezinak direla, eta fidatzen naiz gazteen indarraz.

UPV/EHUko irakasle gisa, nola ikusten duzu gazteen arteko egoera?

Kolektibo horri dagokionez, gero eta jende gehiago ateratzen da armairutik unibertsitatean, bere burua onartzen du, elkar maitatzen dute, elkar topatzen dute... Eta familiek onartu eta babestu egiten dituzte. Ez dago zalantzarik bide luzea dagoela egiteko oraindik; batez ere, adineko pertsonen aldetik. Izan ere, aurreiritzi eta mesfidantza asko dago, eta ez da ongi ulertzen. Horrek, askotan, gaizki ulertuak eragiten ditu. Gelan ikusten dudanagatik, uste dut bizitza osotasunez bizitzeko gogoa duten pertsona irekiak direla gazte gehienak. Hortaz, aniztasuna onartzen eta gozatzen dute.

UPV/EHUren Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean ere parte hartzen duzu, Komunikazioa moduluan, irakasle gisa. Zure ustez komunikazio handiagoa eta hobea behar al da gai horietan, gizarteko desinformazioari aurre egiteko?

Gradu eta master amaierako lanak LGTB gaiei buruzkoak izatea proposatzen diet ikasleei, eta gai horri buruz inoiz pentsatu ere egin ez duen jendeak gaiaren gainean ikertzeko bidea ematen du horrek. Eta kolektiboko pertsonak badira, espazio seguru bat dute, inork zalantzan jarriko ez dituena, mesfidantzarik gabe babestuko dituztena, aurreiritzirik gabe. Erakundeak berak lan horiek ikuspegi horretatik eta babesarekin egin ahal izateko bide ematea izugarri garrantzitsua da. Uste dut UPV/EHUren joera alde egotea eta laguntzea dela... Gutxiengoak gustura sentitzen diren gizartea, hori da gizarte osasungarria. Ez dira mehatxupean sentitzen, eta uste du hori dela bidea.

Agian informazio horrek adin goiztiarrean agertu beharko luke, ikastetxeetan?

Informazioa, hezkuntza, eztabaida, pentsamendu kritikoa... osasuna da; beldurretik aldentzen gaitu, eta bizitza osoagoak izateko aukera ematen digu. Gero eta gehiago jakin, gero eta gehiago hitz egin, gero eta gehiago eztabaidatu, gero eta gehiago ikasi bizitzako alderdi guztiei buruz... orduan eta hobe. Hala dela usteko ez banu, ez nintzateke unibertsitateko irakaslea izango. Informazioak bat etorri behar du pertsonen adinarekin, baina zintzotasunez eta maitasunez hitz egitea, asmo onez, beti da ona.

Zer proiektu duzu orain esku artean?

Une honetan unibertsitatean nabil buru belarri. Lehen parte hartu izan nuen unibertsitatez kanpoko proiektuetan, baina orain unibertsitatean dudan dedikazioa erabatekoa da eta, batez ere, LGTB gaiari buruzko UniDibertsitatea film laburren lehiaketarekin. Orain harremanetan nago Eslovakiako unibertsitate batekin eta Irlandako beste batekin, ENLIGHT proiektuen barruan proiektu bat martxan jartzen saiatzeko, LGTB gaiak, ikasleak, film laburrak eta ikus-entzunezko ekoizpenak lotuko dituena hiru unibertsitateetan.