euskaraespañol

Ondare arkitektonikoarekiko sentikortasuna motel piztu zen Bizkaian

Erakunde publikoek iraun duen ondare historikoarekiko izandako konpromiso ezegonkorra aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/29

Eva Diez Paton
Eva Diez Paton. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Eva Diez Paton UPV/EHUko Letren Fakultateko Artea eta Musikaren Historia Saileko ikertzaileak egindako dokumentazio-lan handiak agerian utzi du nolakoa izan zen Bizkaiko gizartean lurraldeko aberastasun artistiko eta monumentalaz jabetzeko prozesua. Luze jo zuen pizteak, ia 100 urte, eta zenbait gertakari eta izen propio izan zituen akuilu.

“Gaur egun, ia edozeinek aipa dezake bere herri edo hiriko jauregi edo tenplu bat. Baina denboran atzera egiten badugu, XIX. mendera edo XX.eko lehenengo hamarkadetara, irudipen orokorra zen Bizkaia monumenturik eta ondare historiko-artistiko esanguratsurik gabeko lurraldea zela”, dio Eva Diez Paton UPV/EHUko Letren Fakultateko Artea eta Musikaren Historia Saileko irakasle eta lanaren egileak.

Hain hedatuta zegoen uste oker horrek Diez Patonen arreta piztu zuen, eta orduan ekin zion “bilatzeari zer dela-eta sortu zen irudipen hori, eta, batez ere, nola apurtu zen, nolakoa izan zen piztea, hau da, lurraldeko aberastasun artistiko eta monumentalaz jabetzeko prozesua”.

Milaka dokumentu-iturri aztertu ditu bere ikerketan, batez ere monumentuen kontserbazio- eta zaharberritze-espedienteak, bai Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegikoak, bai San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiakoak eta hainbat udal-artxibotakoak. “Artxibo-lan horretan, argitalpenak bilatu ditut, fotografikoak zein idatzizkoak, pizte hori gertatu zen garaikoak, hau da, 1844 eta 1936 urteen artekoak, monumentuen batzordeak sortu ziren urtetik, Gerra Zibila hasi zen urtera arte”, zehaztu du ikertzaileak.

 

Konpromiso pertsonalak erakundeetan

Ikertzaileak azaldu bezala, gertakari jakin batek eragin zuen, batez ere, Bizkaiko gizartean ondare historiko-artistikoarekiko sentikortasuna agertzea: “Historiografia Artistikoa garatzeak, hau da, historiari buruz idazten hasteak, edo monumentuei buruzko monografia txikiak argitaratzen hasteak”. Jabetze-prozesu horretako beste mugarri garrantzitsu bat izan zen ondare-politika sortzera behartutako erakundeak agertzea, hala nola Bizkaiko Monumentuen Batzordea (1844an sortua) edo Euskal Kultura Batzordeko kontserbazio-atala (1921ean sortua). Horrekin batera, museoak agertu izana ere garrantzi handikoa izan zen, “herritarrengan artearekiko nolabaiteko sentikortasuna sortzeko, jendeari interesa, maitasuna, estimazioa piztu baitzitzaion iraganetik datorkigun ondarearekiko”.

Halako erakunde eta instituzioak agertu izana oso garrantzitsutzat jotzen bada ere, benetako sentsibilizazio-lana “pertsona jakin batzuek egin zuten; erakunde haietako kide ziren, baina euren konpromisoari esker egin ahal izan zuen aurrera prozesuak. Pertsona horietako batzuk izan ziren Jesús Larrea, Museo Etnografikoko langile izan zena, Manuel María Smith arkitektoa, erakundeetan konpromiso handia agertu baitzuen, eta zenbait argazkilari, hala nola Manuel Torcida Torre, zeinak argazki-inbentario moduko bat egiteko ardura hartu baitzuen edo Indalecio Ojaguren”, kontatu du Diezek.

Eva Diez Patonek beste elementu arkitektoniko bat ere aztertu zuen bere lanean, euskal baserria: “Garai hartan baserria oso elementu indartsua zen ideologikoki, abertzaletasuna orduan sortu baitzen, eta jakin nahi nuen zer pertzepzio izan zen harekiko, eta politikarik jarri ote zen martxan baserria kontserbatzeko, higienizatzeko eta, oro har, hobetzeko”. 1929. urtean onartu zen baserria babesteko legea, eta, lehenago esandakoaren bidetik, “babes hori bultzatu zuen pertsona garrantzitsuena Andrés de Arzadun izan zen”, dio.

Diezek ikertu duen denbora-tartea Gerra Zibila hasi artekoa izan da, “hortik aurrerako gertakarien interpretazioa bestelakoa izan beharko lukeelako, beste une eta testuinguru batean kokatu beharko lirateke. Baserria babesteko legeari, adibidez, kalte handia egin zioten: ia espediente guztiak ebatzi gabe gelditu ziren, Andrés de Arzadunek berak erbesteratu egin behar izan zuen, atzera bota zizkieten laguntzak mugimenduaren kontrakotzat jotzen zituztenei… Alegia, halako egoerek ez dute loturarik nik aztertu dudan gaiarekin”.

 

Informazio osagarria

Eva Diez Patonek (Bilbo, 1981) UPV/EHUko Letren Fakultateko Artea eta Musikaren Historia Sailean egin du ikerketa, bere doktore-tesiaren barruan. Tesiaren izenburua izan da ‘Alma y piedra. Ideologías, conservación, restauración. Política del patrimonio arquitectónico en Vizcaya (1844-1936)’ (Arima eta harria. Ideologiak, kontserbazioa, zaharberritzea. Bizkaiko ondare arkitektonikoaren politika (1844-1936)), eta zuzendaria Nieves Basurto Ferro izan da, sail bereko irakasle titularra.