euskaraespañol

UPV/EHUk ongi etorria eman die bigarren lauhileko honetan mugikortasuneko 1.200 ikasle baino gehiagori

Guztira 3.000 ikasle inguru hartuko ditu euskal unibertsitate publikoak ikasturte honetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/19

Irudia
Udaberriko Harrera Egunak hiru campusetan egin dira aste honetan | Argazkia: Ibai Biritxinaga. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak ongi etorria eman die bigarren lauhilekoa hiru campusetako batean egingo duten 1.200 mugikortasun ikasleei. Udaberriko Harrera Egunetan, jai giroan, mugikortasuneko ikasleez gain, campuseko ikasleek parte hartu dute. Era berean, ekitaldian ongietorria eman zaie beste unibertsitate batzuetako 1.427 ikasleei, 1.232 nazioartekoei (820 Erasmus+ programan eta 412 UPV/EHUren programetan) eta 195 SICUE programan. Ikasle horiek gutxienez lauhileko bat egingo dute UPV/EHUn. 

“Harrera Egunek-dio Junkal Gutierrez UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak- bilgune bat izan nahi dute, bertoko eta kanpoko ikasleak elkartuta gure unibertsitatearen eskaintzaren berri jasotzeko jai-giroan. Ikasturte hasieran egin ziren lehenbizikoak, eta oraingoa bigarren lauhilekoaren hasieraren aitzakia hartuta antolatu dira. Bigarren lauhilekoan etorritako nazioarteko ikasleei harrera egiteaz gainera, gure ikasleen mugikortasunari buruzko informazio-saioa ere egin da. Programazioa koordinatu da saio horietatik irtendakoan bestelako informazioa ere banatu dezaten EHUkirola edota EHUkultura bezalako zerbitzuek. Laster master astea ere izango dugu UPV/EHUn eta horren berri banatuko da.  Ikasle kontseilua, ikasle taldeak… ere mahai bat izan dute informazioa banatzeko muntatutako azokan. Nolabait, gure unibertsitateko zerbitzuen berri ematea da gakoa, bai bertoko ikasleei, bai kanpotik datozenei. Dena izaten da gozoagoa kultur ekitaldi baten inguruan eta saio guztietan eskainiko zaie parte hartzaileei dela erakusketa gidatu batean parte hartzea, dela musikaz gozatzea, dela hizkuntza gutxituetako animazioez gozatzea. Horretarako gure unibertsitateko campusetako kultura zerbitzuekin eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrarekin koordinatu gara. Horrez gainera, talo-edariak jasotzeko aukera izango da”.