euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea, munduko 150 unibertsitate gazte onenen artean

Times Higher Education aldizkariak argitaratutako ranking berrian, UPV/EHU duela 50 urte baino gutxiago sortutako unibertsitate onenen artean ageri da berriro ere

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/05

Young University Rankingek prestigio handia du unibertsitate gazteenen lorpenak neurtzeko

Unibertsitate gazteen rankingak (Young University Ranking), garai batean THE 150 Under Rankings deitzen zitzaionak, duela mende erdi baino gutxiago sortutako unibertsitate onenak biltzen ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitatea aurreneko 150en artean jarri du beste behin ere. Times Higher Education (THE) aldizkariaren edizio berri honek hainbat berritasun ekarri ditu; esaterako, zerrenda 200 unibertsitatera handitu du. Metodologia kontu handiz landu dute berriro, eta parametro nagusitzat ezarri dituzte irakaskuntza, ikerkuntza, izen handiko argitalpenetako aipuen adierazlea, nazioarteko ikuspegia eta ezagutzaren transferentziagatik lortutako baliabideak.

Young University Rankingek prestigio handia du unibertsitate gazteenen lorpenak neurtzeko (50 urtetik beherakoenak), eta mundu osoan erabiltzen da sortu berri diren erakunde akademikoak kalifikatzeko.

Times Higher Education Londresen kokaturiko astekari bat da, The Times egunkariari atxikitakoa, eta Erresuma Batuko nahiz mundu osoko goi mailako hezkuntzari buruzko informazioa argitaratzen du. 1971tik 2008ra bitartean egunkari formatuan argitaratu zen, eta orain aldizkari moduan kaleratzen da.

"UPV/EHUk berriro erakutsi du munduko unibertsitate gazte onenen artean dagoela", esan du Nekane Balluerka errektoreak, albistearen harira: "Shanghaiko rankingean ere, 500 unibertsitate onenen artean dago oraindik ere. Hau albiste ona da, esparru akademikoa oso-oso lehiakorra delako; gainera, globalizazioa mugak desegiten ari da, eta ikasleek, graduondoko maila aurreratuetakoek batez ere, gero eta exijentzia handiagoz aukeratzen dituzte unibertsitateak. Badakigu Euskal Herriko Unibertsitateak asko duela hobetzeko, zalantzarik gabe, baina orain arteko aurrerapausoak ere nabarmendu behar ditugu, are gehiago nazioartean ere nabarmentzen dizkigutenean".

Informazio gehiago: https://www.timeshighereducation.com/world-university-rankings/2017/young-university-rankings