euskaraespañol

UPV/EHUren ADIERAZPENA

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/16

Atzo eguerdian, UPV/EHUko Arabako Campusaren inguruan, gazte talde murritz batek autobus bati eraso eta kalte handiak egin zizkion. Euskal unibertsitate publikoak sentitzen du honek zuzenean eragiten diola, ez bakarrik garraiobide horrek zerbitzua ematen diolako campusari, baina baita autobusean egindako pintadetan iragartzen zelako elkarretaratze bat, errektoretarako hauteskundeen egunerako deitu ei dutena, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan.

Lehendabizi, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak erabat gaitzetsi nahi ditu indarkeriazko jokabide hauek. Ondasun publikoak hondatzea pertsona guztien ondarea hondatzea da. Ondare hori komunitatearen zerbitzuan dago: inork ez dauka suntsitzeko eskubiderik, eta hala egiten duenak kontuak eman beharko ditu horregatik.

Bigarrenik, azaroaren 24an UPV/EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeak izango dira, bai eta fakultate eta eskoletako gobernu eta ordezkaritza organoetarako hauteskundeak ere. Inork ezin dezake kolokan jarri unibertsitateko kideen boto eskubide legitimoa.  Gutxiengo bortitz batek ezin ditzake ezeztatu irakasle-ikertzaileen, administrazio eta zerbitzuetako langileen eta ikasleen oinarrizko eskubideak. Beraz, unibertsitateak bizikidetzaren aldeko deia egiten du, eta datozen hauteskundeak normaltasun demokratikoan eta pertsona guztien errespetuan egin daitezen eskatzen du.

Leioa, 2016ko azaroaren 16a