euskaraespañol

«Kirol prentsa gizonek eta gizonentzat dago pentsatua»

Chantal Reyesek andrazkoen kirolak audientzia handieneko kirol egunkarietan duen presentzia eta tratamendua aztertu ditu UPV/EHUn egin duen gradu amaierako lanean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/26

Irudia

‘Emakumearen kirolaren presentzia eta tratamendua espainiar kirol prentsa idatzian'. Hau da Chantal Reyes kazetaritzako graduatu berriaren gradu amaierako lanaren izenburua. Lanaren bidez, aztertu nahi izan du emakumearen kirolak espainiar kirol prentsan duen presentzia eta tratamendu informatiboa. Horretarako, argitalpen hauetan transmititzen den emakumearen irudia analizatu du, bai eta andrazkoen sexuaz argitara ematen diren informazio kopurua gizonezkoen sexuaz argitara ematen direnekin erkatu ere. Berak egindako ikerketaren ondorio nagusia da "kirol informazioa gizonek gizonentzat pentsatutakoa dela", ikerketaren datuak argi eta garbi agertzen duten bezala.

Chantal Reyesek azaltzen duenez, "gaur egun kirola jendetza eta masa handiko gizarte eta kultur fenomenoa dugu hedabideek duten eraginaren ondorioz". Apeu edo amu handia da prentsa idatzirako, ez soilik kirol kazetei esker, baizik eta, informazio orokorreko egunkarietan ere, orri kopuru handia betetzen baitu. "Hedabideen artean oso kokapen abantailatsuan badaude ere, kirol prentsak ez du sustatzen emakume kirolarien presentzia bere orrietan, kontutan izan behar baita emakumeek informazioen % 10a ere ez dutela jasotzen, nahiz eta -egileak baieztatzen duenez- nazioarteko lehiaketetan lorpen handiak erdietsi". Honen lekuko eta adibide dira waterpolo eta eskubaloiko talde nazionalek eta igeriketan Mireia Belmontek Londreseko 2012ko joko olinpikoetan lortutako zilar eta brontzezko dominak edo gimnasia erritmikoaren espainiar taldeak 2013 eta 2014ko munduko txapelketetan lortutako urreak, beste askoren artean. Reyesek gogoratzen duenez, "nabarmentzekoa da 2014ko saskibaloi mundialean, begirada guztiak gizonezkoen taldeari zuzentzen zitzaizkion bitartean, final laurdenetara besterik ez zen iritsi. Andrazkoen taldea, berriz, finaleraino iritsi zen".

"Oraindik ere gizonezkoen sexuari omen dagozkion lexiko estereotipatua eta jarrera eta balioak zehar darabiltzalarik, andrazkoen kirolak kirol prentsan duen presentzia gainditu beharreko irakasgaia da oraindik". Lan honen bidez, Reyesek egungo ikuspegia erakutsi nahi izan du emakume kirolariak espainiar prentsa idatziaren kirol kazeta nagusietan -Marca, As, Mundo Deportivo eta Sport- izaten duen presentzia eta jasotzen duen tratamenduari dagokionean. Zehazkiago, 5.846 testu analizatu du 2016ko otsaileko astelehen, asteazken eta ostiraletan argitaratuta.

Emakumeak argitalpenen % 6,61ean dira protagonista

Analizatutako 5.846 informazioetatik, Reyesek horietako 386tan beste inon ez du aurkitu emakumearen presentziarik. Guztirako horretatik, emakumeak titularretara dakartzaten testuak erdira ere ez dira iristen. Honek esan nahi du emakumeek protagonizatutako informazioak % 6,61a besterik ez direla, nahiz eta argitalpen horien heren batean gizonezko bat edo batzuekin batera agertu.

Emakumeak protagonista dituzten informazioak ardatz harturik, nabarmentzekoa da horietakoen % 10etik gora kirolaz kanpoko informazioa dakartela. Honen adibide izan daiteke, esaterako, tenislari baten jantzi berriaren diseinuaz jardutea, kirolariaren entrenamenduez, aurrerapenez eta emaitzez aritu ordez. Kirolaz ateko informazioen kopurua, gainera, handiagoa da emakumeen kasuan, gizonezkoenetan baino.

Kazetaritza generoari dagokionez, emakumearen kirolean berri laburra da gehien agertzen dena, sakonera gutxieneko eta analisi maila txikieneko kazetaritza generoa, alegia; azalpen laburra besterik ez baita, zer eta noiz bezalako oinarrizko galdegaiei erantzuten diena. Emakumeen berri dakarten informazioen ia erdia (% 47,15), albiste laburren generoaren barruan katalogatu dira. Ondoren, albistearen generoa dator, % 31,35 izanik. Gainontzeko generoak zenbaki txikietara mugatzen dira, % 3,11a erreportajearen kasuan eta % 3tik behera elkarrizketa, iritzi eta kronikarenak.

Chantal Reyesek emaitza hobeak antzeman ditu argazkiak aztertzerakoan. Azterketaren ondorioei begira esan daiteke emakumeak protagonista dituzten argitalpenetan, argazkirik izanez gero, argazkiak kasuen erditik gora (% 51,50) lehiaketari dagozkiola. "Hala eta guztiz ere, saio fotografikoetan edo jarrera hartuta egindako argazkiek % 17,96ko ehuneko nabarmena egiten dute, emakumeen argazki gehienak dituen bigarren kategoria delarik. Emakumeen entrenamendurik agertzen duten irudiak % 6,59a besterik ez dira, gainontzeko argazkiek (prentsa aurrekoak, pertsonalak, ospakizunak…) ia % 15a hartzen duten bitartean".

Alderdi baikor gisa esan eta azpimarra daiteke, idatzizko prentsan futbolak % 64,54a hartzen badu ere, andrazkoen kategoria ez beste kontutan hartuta, kirolen banaketa askoz ere heterogeneoa dela. Egilearen esanetan, "emakumeen presentziarik duten informazioen artean, futbolak % 17a hartzen du, atzetik atletismoa eta tenisa datoz, % 11,4az eta % 10,6az, hurrenez hurren. Ondoren saskibaloia, waterpoloa eta igeriketa agertzen dira, gainontzeko kirolen artean % 39,4a osatuz".

Emakumezko kirolarien inguruan transmititzen den irudia estereotipatua da

Balantza zeharo desorekatuta agertzen da gizonezkoen kirolaren aldeko erakustaldi informatibo batekin eta, emakumearen kirolak hedabideetan agertzea lortzen duenean, informazioa eta argazkiak tratatzerakoan erabili ohi diren esklusio eta hizkera sexistari egin behar izaten die aurre. Emakumea eta bere kirola protagonista duten argitalpenetan ohikoak dira erreferentzia sexistak eta estereotipoak eta ez da erabiltzen hizkera neutroa.

Kazetariak dioenez, "nabarmentzekoa ere bada emakumeei deitzeko era, hedabideek emakume kirolariei izenaz deitu ohi dietelarik, gizonezkoei deituraz egiten dien bitartean". Honetara, eta modu konstantean, kirol prentsan, kirolari izatea ez eta emakume izatea balioesten da. "Neskak esatea emakumeei deitzeko eta gizonei gizonak esateak; jarrera iradokitzaileaz diren emakumeen argazkiak erabiltzeak; maila berekoak izanda ere, gizon baten arrakasta emakume batenarekiko lehenesteak eta antzekorik esateak islatzen du informazioak ez direla pentsatu emakumeen ikusmoldetik, ez eta ikuspuntu neutrotik, gizonezkoen ikusmolde hutsetik baizik", Chantal Reyesek dioen bezala.

Gehitzen du azterketak gehienetan ondorio ezkorrak izan dituela, oraindik ere gainditu beharreko erronka asko direlarik emakumearen kirola erabat integratuko bada kirol prentsaren barruan, "matxismoa, sexismoa eta estereotipoak gaindituta".

Egilea

Chantal Reyes (Getxo, 1994) kazetaritzan graduatu zen UPV/EHUn 2016ko ekainean eta hamar bat lortu zuen gradu amaierako lanean Matxalen Legarreta Iza soziologiako doktorea zuzendari zuelarik, aditua dena laneko genero ezberdintasunetan eta eguneroko denboraren banaketan. Reyesen interesak kirol kazetaritzan kokatzen dira, urte askotan saskibaloian aritu baita eta txikitatik jarraitu izan baitu kirolen berri telebistan. Kirol kazetari moduan lan egin nahiko luke, andrazkoen kategorien berri emaile, ahal balitz, prentsa idatzian, bere hondar alea jarriz emakume kirolariak bistaratzen lagunduz. Urrian kirol kazetaritzari buruzko masterra hasiko du Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean eta gustura jarraituko luke gradu amaierako lan honetan aztertu duen gaia ikertzen. Gehien gurako lukeena litzateke joko olinpikoetan kazetari aritzea.

 

Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU.