euskaraespañol

Eguneko irudia

Lydia Zapata Peña Historiaurreko irakasleari omenaldia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/18

Pertsonal akademikoa, senideak eta lagunak bildu ziren Letren Fakultateko areto nagusian, 2015eko urtarrilean zendutako Lydia Zapata Peña irakasle-ikertzailearen omenezko ekitaldian. Hauek dira omenaldian parte hartu zutenak: Iñaki Bazán, Letren Fakultateko dekanoa; Fernando Plazaola, UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea; Askoa Ibisate, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko zuzendaria; Ignacio Barandiarán, Historiaurreko katedraduna: Álvaro Arrizabalaga, irakasle eta Saileko idazkaria; eta Leonor Peña, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) ikertzailea. Lydia Zapata Peña irakasle-ikertzailearen izen-abizenak zeramatzan plakari estalkia kendu zitzaion, aurrerantzean halaxe izendatuko baita lehen Paleobotanika Laborategia zena.

Lydia Zapata Peña UPV/EHUri oso atxikita egon zen zientzialari lanetan aritutako hastapenetatik, lehenenik ikertzaile eta ondoren irakasle titular gisa (2007az geroztik). Haren ikerketa ildoa Arkeobotanika zen eta, batez ere, Antrakologia eta Karpologia. Batik bat, giza iraupena, landare baliabideen ustiapena eta nekazaritzaren jatorria ikertzen aritu zen, eta industria aurreko gizarteetako etnografi ikerlanak ere izan zituen helburu.

Argitalpen, bidai, kolaborazio franko egin eta Europako ikerketa proiektu bat lortu izanak munduko erreferente bilakatu zuten bere arloan. Bestalde, irakasteko gaitasun handia zuenez, bere ezagutza eta lan egiteko era transmititu zizkien ikasleei, horietako batzuk Euskal Herrian hasitako lanarekin beste erregio eta herrialde batzuetan jarraitzen duten doktoreak dira gaur egun. Haren ikerlan askotxok Euskal Herriko eta Kantabriar Eskualdeko Historiaurrea ardatz izan bazituzten ere, horiei esker lortu zuen nazioarteko hedapena. Beste hainbat herrialdetan ere lan egin zuen, Marokon eta Sirian, kasu.

Ekitaldiaren bideoa

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.