euskaraespañol

Eguneko irudia

Diruaren inguruko moralean eragiten du lan-egoerak

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, langabezian geratzeak aldatu egiten du pertsonek diru-banaketaren inguruan duten morala

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/12

Luis Miller eta Paloma Úbeda

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko eta Nottinghameko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek, PNAS aldizkari zientifiko entzutetsuak bermatutako ‘Moral consequences of becoming unemployed' ikerketan, langabeziak eragiten duen ondorio moral bat aztertu dute, azaldu lezakeena, pertsonen osasun mentalean dituen ondorioekin batera, zergatik urruntzen diren langabeak lan-merkatutik. Ikerketa 151 gazterekin egin zuten, Kordoban eta Bilbon.

Langabezian geratzeak pertsonen portaeran zer eragin duen ulertzea garrantzitsua dela nabarmentzen dute ikerketaren egileek: Luis Miller UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak eta Paloma Úbeda ikertzaileak. Ikerketa ugari egin dira langabezia eta pobrezia depresioarekin, antsietatearekin, estresarekin, ongizate- eta autoestimu-maila txiki batekin, suizidio-tasa altuekin, erailketarekin, alkoholarekin lotutako heriotzekin eta abarrekin lotzen dituztenak. Ikerketa honetan, ordea, ikertzaileek beste ondorio-mota bat izan dute ardatz, eta ondorioztatu dute langabeziak aldatu egiten duela pertsonen morala diruaren banaketari dagokionez. Aipatzekoa da PNAS aldizkari zientifiko ospetsuaren azken edizioan argitaratu dela ikerketa, eta aldizkari horrek, gizarte-zientziei buruzko artikulu gutxi samar argitaratzen dituen arren, garrantzi berezia eman diola honi.

Luis Millerrek adierazi duenez, "oro har, lanaldi osoz lanean ari diren eta ikasten ari diren pertsonek uste dute nork beretzat hartu beharko lukeela irabazten duenaren zatirik handiena eta egokia dela gogorren jarduten dutenek edo produktiboenak direnek gehiago irabaztea. Gure ikerketaren arabera —erantsi du—, langabezian geratzen direnek alde batera uzten dute iritzi hori. Garrantzi handiagoa ematen diote diruaren birbanaketari, eta horrek, ikuspegi sozialetik, zerga gehiago eragingo lizkieke diru gehiago irabazten dutenei, zeintzuekin gastu publiko handiagoa finantzatuko bailitzateke.

"Gure ikerketan —azaldu du Paloma Úbedak—, parte-hartzaileei ez diegu galdetu birbanaketari, zergei edo gastu publikoari buruz, halako galderen erantzunak desbideratu egin baitaitezke elkarrizketatuen beren interesen arabera. Hala, beren interesak zaintzen eta diru-sarrera handiak dituzten lagunek zerga gutxiago ordaindu nahiko lituzkete, eta beren interesak zaintzen eta diru-sarrera txikiak dituztenek, berriz, zerga handiagoak nahiko lituzkete. Benetan ulertu nahi genuena da nola aldatzen den pertsonen iritzia, langabezian geratzen direnean, birbanaketarekin lotuta justua denari buruz, alegia, ulertu nahi genuen ea haien balio moralak aldatzen diren. Ikusi genuen baietz, iritziz aldatzen direla; hots, langabezian geratzean, aldatu egiten dela zuzentasunari eta birbanaketari buruz duten iritzia".

Langabeziarekin, aldatu egiten dute zuzentasunaren eta birbanaketaren inguruko iritzia

Pertsonen justizia-idealak ikertzeko, 18-35 urte bitarteko 151 lagunek hartu zuten parte "justizia distributiboaren jokoan", hau da, zuzentasunarekin eta birbanaketarekin lotuta parte-hartzaileek dituzten balioak eta lehentasunak zehazteko diseinatutako esperimentuan. Bilbon eta Kordoban egin zituzten esperimentuen saioak. Jokoak bi parte izan zituen.

Lehenbizikoan, ikertzaileentzat egiten dute "lan" parte-hartzaileek, zazpi minutuz. Jokoaren bigarren partean, lau ataletan banatutako erretilu bat ematen zitzaion parte-hartzaile bakoitzari. Erretiluko atal bakoitzak diru-kantitate jakin bat zeukan. Ataletako bat erretiluaren jabe zenari zegokion. Beste hiru atalak talde berean zeuden beste hiru parte-hartzaileenak ziren. Talde batzuetan, jokoaren lehen partean jendeak egindako lanaren araberako ordainsaria jasotzen zuen bakoitzak. Beste talde batzuetan, erretiluetako diru-kantitatea zorizkoa baino ez zen, ez zuen batere zerikusirik norberak egindako lanarekin. Parte-hartzaileek nahieran birbanatu zezaketen dirua erretiluko lau ataletan. Zenbait aukera zituzten: diru guztia norberarentzat hartu, erretilua jasotako moduan utzi edo dirua birbanatu lau parte-hartzaileek amaieran diru-kantitate bera izateko.

"Ikusi genuen lanpostu bat zeukaten pertsonek joera txikiagoa zutela dirua birbanatzeko, bazekitenean jokoaren lehenengo partean egindako lanaren ordaina zela —adierazi du Luis Millerrek—. Aldiz, ia berdintasunean banatzeko joera zeukaten, bazekitenean hasierako banaketak zorizkoak baino ez zirela izan".

151 lagun horiek bi aldiz hartu zuten parte ikerketan: 2013ko udaberrian eta handik urtebetera. Esperimentua errepikatzean, ikertzaileek ikusi zuten ea lehenengo urtean lanaldi osoz lanean edo ikasten ari ziren eta bigarren urtean langabezian geratu ziren lagunak iritziz aldatu ziren zuzentasunaren eta birbanaketaren inguruan.

Langabezian geratu ziren gehienek dirua birbanatu zuten, halako eran non taldeko beste hiru lagunek ia diru-kantitate berarekin bukatu baitzuten, kontuan izan gabe dirua lan eginez irabazi zuten edo zoriz hala egokitu zitzaien.

"Botoa emateko moduan, zergak ordaintzeko moduan edo lan-merkatuan jarduteko moduan, asko eragiten du zenbateraino hartzen den aintzat norberak irabazi duena erabiltzeko eskubide indibiduala —adierazi du Paloma Úbedak—. Nolanahi ere, eragin horiek guztiak zehaztasun handiagoarekin aztertu beharko dira etorkizuneko ikerketetan".

Luis Millerrek ondorioztatzen duenez, "lan-dinamika edota esku-hartze publiko egokienak zein diren jakiteko garrantzitsua izan da ikerketa honen emaitza nagusia, baina, betiere, kontuan izan behar da ondorio gisa aurkitu dugun efektu negatiboa zenbateraino leheneratu daitekeen. Gaur egun, dagoeneko, proiektu berriak ditugu esku artean, argitu nahi dutenak ea langabetuek berreskuratu behar dituzten ahaleginarekin eta produktibitatearekin lotutako balioak —bidean atzean utzi dituztenak—, lan-merkatuan berriz eraginkortasunez sartu baino lehen. Hori hala izango balitz, ikertu beharko genuke nola gertatzen den balio-aldaketa berri hori, bai eta hori gertatzen zer esku-hartze publikok lagundu dezaketen ere".

Informazio osagarria

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Analisiaren Oinarriak II Saileko (Sarriko) irakasle elkartua da Luis Miller eta doktoretza osteko ikertzailea Paloma Úbeda.

Erreferentzia bibliografikoa

  • A. Barr, L. Miller, P. Úbeda
  • "Moral consequences of becoming unemployed"
  • PNAS, April 2016