euskaraespañol

Atea ireki diote pisua eta gorputzeko gantza murrizteari

Landare jatorriko elikagai eta edari askok berez dituzte erresberatrola eta kertzetina

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/16

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrizio Taldeko ikertzaile Noemí Arias Ruedak bikain cum laude kalifikazioa lortu du' Efectos de la combinación de biomoléculas presentes en los alimentos, ácido linoléico conjugado, resveratrol y quercetina, sobre la acumulación de grasa corporal' doktorego tesia defendatzeagatik (nutrizio talde hori CIBERobn Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiaren Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroan integratuta dago). Ikerketa horren zati handi bat Ekonomia eta Lehiakortasuna Ministerioaren Plan Nazionaleko proiektu batek finantzatu du, eta jada argitaratu da nazioarteko zenbait zientzia aldizkaritan. Gainera, nazioko patente bat sortu du; Industria Jabetzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2015eko martxoan. Mª del Puy Portillo katedradunak eta Mª Teresa Maraculla UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko (Nutrizio eta Bromatologia Arloa) irakasle titularrak zuzendu dute tesia.

Landare jatorriko elikagai askotan (mahatsean, ardoan, tipulan, sagarrean...) berez daude erresberatrol eta kertzetina molekulak; bada, osasunerako beste eragin onuragarri batzuen artean, gorputzeko gantza murrizteko gaitasuna erakutsi dute. Noemí Ariasen doktorego tesian egindako azken lanetan ikusi zen bi osagai horien konbinazioak gantz ehun zuriaren marroitzea deritzon efektua eragiten duela dieta obesogenikoarekin (gantz eta azukre askoko dieta) elikatutako arratoietan. Efektu horrek eta esperimentu horretan bertan behatutako beste batzuek justifikatu ahalko lukete arratoi talde horretan izandako pisu eta gantz murrizketa; beraz, horretan lagundu ahalko luke.

Orain arte, uste zen gantz ehun marroia haur jaioberrietan eta animalia hibernatzaileetan bakarrik zegoela. Ehun horrek bero gisa disipatzen du energia, gorputzeko tenperaturari eusteko (gorde beharrean, gantz ehun zuriak ez bezala); prozesu horri termogenesi esaten zaio. Duela gutxi, helduetan ere aurkitu da prozesu hori, eta deskubritu da alderantzizko korrelazioa dagoela ehun horren kopuruaren eta gorputz masaren indize txikiagoaren artean. Horrek zientzia komunitatearen interesa piztu du.

Orain dela gutxi deskubritu dute marroitzearen prozesua; adipozito edo gantz zelula marroien ezaugarriak dituzten adipozitoak gantz ehun zurian garatzean datza, hain zuzen ere (adipozito beixak edo brite esaten zaie). Prozesu hori aktibatuta, gorputzeko gantza murriztu ahalko litzateke. Noemí Arias kide den ikerketa taldeak lehendabiziko aldiz deskubritu du nahaste horren (erresberatrola eta kertzetina) efektu marroitzailea, Balear Uharteetako Unibertsitatearen lankidetzari esker (zehazki, Andreu Palou katedradunak zuzentzen duen taldeak lagundu du; CIBERobn-ko kide da), eta horrek patentatzea ahalbidetu du.

Argitalpenak eta patentea

Arias N, Macarulla MT, Aguirre L, Milton I, Portillo MP. 'The combination of resveratrol and quercetin enhances the individual effects of these molecules on triacylglycerol metabolism in white adipose tissue'. European Journal of Nutrition, 2015.
Arias N, Macarulla MT, Aguirre L, Miranda J, Portillo MP. ‘Liver delipidating effect of a combination of resveratrol and quercetin in rats fed an obesogenic diet'. Journal of Physiology and Biochemistry, 2015.
Patentea: ‘Composiciones y usos en la activación de la termogénesis'. Erref. zk.: ES2654.6. Industria Jabetzako Aldizkari Ofizialean argitaratua 2015eko martxoan.

 

Argazkiak: UPV/EHU