euskaraespañol

Eguneko irudia

Musikaz blai

‘UNIKO Arrasti Musikalak’ zikloa abiatuko da Bizkaia Aretoan, ekainaren 5etik 21era

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/30

Irudia

Euskal musikariek sortutako eta interpretatutako kontzertuak aurkeztuko dira Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoan, ekainean zehar. Unibertsitateak euskal kultura sortu, bizi eta ezagutarazteko egiten diharduen ahalegin gisa hartu behar da ziklo hau. Hala, ekainean zehar, artista gonbidatuek obra bereziak aurkeztuko dituzte, maisuki landuak eta onduak. Estilo desberdinetako taldeak eta obrak ezagutu ahal izango dituzte entzuleek zuzeneko emanaldi horietan.

“Euskal Herriko Unibertsitateak musikarekin itxi nahi du 2023-2024 ikasturtea, eta ekaineko arrasti gozoak aproposak dira musika giroan lagunekin eta lankideekin partekatzeko. UNIKO Arrasti Musikalak unibertsitateak bere komunitateari eta, oro har, gizarteari egin nahi dion eskaintza da: Euskal Herrian azkenaldian sortu diren talde eta ikuskizun bereziak ekarri nahi ditu unibertsitate publikoak Bizkaia Aretora, etxeko eta kanpoko publikoarekin gozatzeko”, azaldu du Beatriz Zabalondok, Bizkaiko Campuseko Euskararen eta Kulturaren arloko zuzendariak. “Musika partekatzea eta gozatzea komunitateari zentzua ematea da, eta ezin dugu ahaztu hemen euskal kulturak batzen gaituela”, gehitu du Beatriz Zabalondok.

UPV/EHUk aurten estrenaituko duen musika-zikloak lau emanaldi bilduko ditu ekainaren 5etik 21era bitartean. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira eta ordubetez luzatuko dira. Gainera, eguraldiak laguntzen badu Menchu Gal terrazan izango dira, bestela, Mitxelena aretoan. Ez hori bakarrik, saio guztiak doakoak izango dira.

Ekainak 5 – ARINEKETAN eta HAATIK: ‘Zaharrak berri’ ikuskizuna

Aspaldiko lagunak izanik, Iñar Sastre (pianojolea) eta Jagoba Astiazaranek (txistularia), euskal musika tradizionala ardatz hartu eta euren modura materialarekin jolasten hasi ziren. 2020an argitaraturiko lehen diskoan euskal dantza tradizionaleko doinu eta erritmoak izan zituzten ardatz, eta, hura jendaurrean aurkezteko, bikotea talde bilakatzea erabaki zuten. 2021eko Euskal Herriko Musika Bulegoa Saria eskuratu zuten. Hasiera hartatik taldekide izan dituzte Xabier Zeberio biolinean, Agate Amilibia biolontxeloan eta Ainara Ortega ahotsean, baita Haatik dantza taldeko kideak ere.

Taldeak euskal musika tradizionala zaharberritzeaz hiz egiten du. “Tradizioan oinarri duten kantak, doinuak zein erritmoak hartzen ditugu eta hauekin jolas egiten dugu, geure unibertsora ekarri eta hainbat musika estilorekin uztartzen saiatu”, azaldu du Jagoba Astiazaranek. Gainera, ekainaren 5ean egingo dute Zaharrak berri disko berriaren ikuskizunaren estrenaildia: ahaztutako abestiei bigarren bizitza eman diete, musika-estilo desberdinen bidez. Ez hori bakarrik, Haatik dantza konpainiako dantzariak ere izango dira eszenatokian.

“Euren burmuinean gordeta dauden zenbait kanta berritzen saiatu gara, euren txikitako oroitzapenak gogora ekartzen, gaur eguneko moldeetan eraberriturik”, gehitu du Jabogak. Horrerataro, “begiak zabalik eta belarriak gogotsu” ekartzeko deia egin du taldeak: “Dantza, kanta, bertso eta musika, denetarik izango dugu”.

Ekainak 14 – SENSEI MUSIC ENSEMBLE: Termodinamika itzulezina

Alex López ‘Sensei’ baxu eta kontrabaxu-jotzaileak zuzendutako proiektua da. Alex, gainera, UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako irakasle dugu. Jazzaren, folkaren eta poparen eragina du taldeak. Hala ere, etiketak baino haratago, taldea marra gorririk gabeko espazioa da, errespetatu beharreko estilorik gabekoa. “Musikaren eta hark gidatzen dituen emozioen inguruan askatusunez esperimentatzeko emaitza baino ez da”, azaldu du Alexek.

Proiektuak musikari handiak biltzen ditu. Alex López, kontrabaxua eta ahotsa; Carla Sevilla, ahotsa; Hilario Rodeiro, bateria eta perkusioa; Raquel Roche, ahotsa; Rubén Salvador, tronpeta eta fliskoronoa; Estíbaliz Moyano, ahotsa; Raúl Vera, gitarra akustikoa eta elektrikoa; Irantzu Garamendi, zeharkakko txirula eta ahotsa; José Luis Canal, pianoa; Julen Izarra, saxofoio sopranoa, altua eta tenorra. Gainera, kontzertuan Iñaki Plaza (txalaparta) eta Kepa Calvo (perkusioa) izango dira gonbidatu bereziak.

Ekainak 19 – TANGUEDIA KUARTETOA: Astor Piazzolaren omenez

Proposamen honetan, Naiara de la Puentek (akordeoia), Ivan Casadok (biolontxeloa), Victor Parrak (biolina) eta Joana Otxoa de Alaizak (pianoa) osatutako laukoteak Astor Piazzolla (1921 – 1992) bandeoinista eta konpositore argentinarraren obrarik apaigarrienak joko ditu.

Piazzolla kontraesan izugarriarekin bizi izan zen: mundu osoan goraipatua izan zen tangoaren berrikuntza eta estilizazioagatik, eta bere jaioterriko Argentinako "tanguera" zaindariek mespretxatu zuen.

 

 

 

Ekainak 21 – JOSERRA SENPERENA eta MAITE ARRUABARRENA: Lied Koadernoa

Joserra Senperenak musikagile gisa egindako ibilbide luzean musika instrumentala da nagusi, blues-jazzetik ganbera-musikaraino edo soinu-bandetaraino. 2022an hainbat garaitako idazle euskaldunen poemak irakurtzen hasi zen.

Poema laburrak dira, gehienak asimetrikoak, hizkuntza ez erretorikoak, maitasunaz, desioaz, egunerokotasunaz, aldarrikapen sozialaz edo naturaz hitz egiten dutenak. Hirurogei bat pieza konposatu zituen eta, haietako gehien gustuko zituen 30ak hautatu, eta Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin —euskal eszenako ahotsik ederrenetakoa— entseatzen hasi zen. Musikagileak poesiatik abestiak idazteko duen premia berezitik sortu da Lied koadernoa, baina haratago doa: Maite Arruabarrenaren interpretazioarekin eta konpositorea bera pianoan dagoela, generoaren eguneratzea eta errebalorizatzea gertatu da, beti publikoa alde izanik.