euskaraespañol

Gaurko irudia

Musika eta irudia: Diskoen karatulak objektu artistiko gisa

Mikel Bilbao Salsidua UPV/EHUko irakasleak Eresbil artxiborako egindako azterlanean, Euskal Herriko ehunka diskoren azalak berreskuratu ditu, horien egile diren artista eta diseinatzaile grafikoen lanak aldarrikatzeko asmoz.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/23

Mikel Bilbao Sasildua Arte Ederretako Fakultatean | Argazkia: Ibai Biritxinaga. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Historian zehar, hainbat ikerketa egin dira sorkuntza lanaren eta sormenaren inguruan, gure kultura ondarearen alderdi adierazgarria baitira. Nolanahi ere, Mikel Bilbaok, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasleak, uste zuen zor bat kitatzeke zegoela binilo diskoen eta CDen karatulekin, eta ezinbestekotzat jo zuen horrelako lanen egileen sormen eta talentua aldarrikatzea. Horregatik, Eresbil - Musikaren euskal artxiboak “Artearen eta diseinu grafikoaren artean. Disko-karatulak” azterlana egitea eskatu zionean, berehala onartu zuen erronka, zalantzarik egin gabe, eta ehunka karatulen ikerketa eta analisi historiko-artistikoan murgildu zen. Ondoren, Eresibilek webgune tematiko bilakatu du ikerketaren emaitza. Lanean jasotako pieza guztiak historiaren parte dira, eta horien iturburu izan ziren produktu musikalen edukiari lotuta daude ezinbestean.

Egungo ikuspegitik aztertuta arraroa irudi dezakeen arren, musika industriaren lehen hamarkadetan, eduki musikala biltzeko euskarri baino ez ziren diskoak eta paper lodiz egindako zorroetan saltzen ziren, azalik gabe. Horrekin lotuta, Mikel Bilbaok dio Alex Steinweiss diseinatzaileak egin zuela binilo disko baten lehen karatula, 1940an. Columbia Records diskoetxeak Smash Song Hits diskoa argitaratu zuen eta salmentak masiboak izan ziren; horrek mugarria markatu zuen diskoetxeek beren produktuak sustatzeko erabiltzen dituzten teknikei zegokienez. “Punta-puntako apeu bisuala izan zen. Irudiei esker, karatularen imajinario hark desira-objektu bilakatu zuen diskoa eta ordura arte kontsumitzaileek euskarri harekin izandako harremana aldarazi zuen”. Halaxe azaldu du Artearen Historia eta Musika Saileko irakasleak.

Karatulak Euskal Herriko kultura bisual eta artistikoaren parte adierazgarria dira. Ikerketak sortzaileen lana aldarrikatu eta azalen bilakaeraren garrantzia azpimarratzen du

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagunduta, Musikaren euskal artxiboak proiektu bat abiatu zuen, hirurogeiko hamarkadatik gaur egun arte argitaratu diren 4.000 disko-karatulatik gora formatu digitalean gordetzeko. Merkaturatu ziren unetik bertatik, lan musikalekin lotu izan dira artelan horiek guztiak, “musikaren eta arte plastikoen arteko elkarreraginaren” isla argi bilakatuta. Bilduma zabal horretatik, Mikel Bilbaok hainbat ale aukeratu zituen diseinuaren kalitate zalantzazkoa, originaltasuna edo sortzailearen adierazgarritasuna irizpide hartuta.  Hala, proiektu osoaren helburu nagusia izan da sortzaileen lana aldarrikatzea eta horrelako piezek izan duten bilakaeraren garrantzia azpimarratzea, Euskal Herriko kultura bisual eta artistikoaren parte adierazgarria baitira.

Karatulen diseinuaren egileei dagokienez, esan daiteke bi profil profesional uztartu direla: “Batzuk artistak izan dira, era puntualean karatularen baten diseinua egin dutenak. Besteak grafistak, sorkuntza aplikatuak egiten diharduten profesionalak, hau da, disko, liburu eta abarren azalak diseinatzen dituztenak. Adibidez, ez dut uste Néstor Basterretxea edo José Luis Zumeta diseinatzaile grafikotzat jo ditzakegunik, zentzurik zorrotzenean. Haien ekoizpenaren zati bat baino ez da karatulena, baina artistak izan ziren funtsean" azaldu du. Gaur egun, eredu dual honek bere horretan jarraitzen du; batzuetan, artista batengana jotzen da era puntualean karatula bat egin dezan, baina, oro har, diseinu grafikoarekin lotura duten profesionalak arduratzen dira lan horretaz.

Bilbaok “Artearen eta diseinu grafikoaren artean” kapituluan azaltzen duenez, artearen nahiz diseinuaren munduan izan diren korronteek eragin nabarmena izan dute diskoen azaletan. “Diskoen azalak abiapuntu hartuta, sakon azter daitezke diseinu grafikoaren historia eta haren korronte ezberdinak, baita musika ekoizpenari lotutako arte adierazpenen forma eta teknikak ere, hala nola ilustrazioa, argazkilaritza…” azaldu du Bilbaok. Gainera, errealitate musikal ezberdinen isla ere badira karatulak. Espainian esterako, 80ko hamarkadan “movida madrileña” mugimendua izan zen postmodernitatearen erreferenteetako bat. Edonola ere, Bilbaok dioenez, Euskadiko egoera oso bestelakoa zen eta, ondorioz, espiritu hark hemen ez zuen lekurik kausitu; "contra movida” antzeko bat sortu zen. “Espainiako gainerako lekuetan Alaska y los Pegamoides taldearen erritmora dantzatzen ziren bitartean, Euskal Herriko errealitate sozioekonomiko eta politiko gogorraren ondorioz, oso bestelako musika sortu eta entzuten zen hemen, eta disko haien irudia ere oso bestelakoa zen, jakina”. Orduan sortu ziren hainbat talde entzutetsu, hala nola Eskorbuto, La Polla Records, Kortatu edo Vulpes.

«Euskal Herriko errealitate sozioekonomiko eta politiko gogorraren ondorioz, hemen sortu eta entzuten zen musika oso bestelakoa zen, eta disko haien irudia ere»

Ikerlanean aipatzen diren izenen artean azpimarratzekoak dira hainbat artista ezagun: Néstor Basterretxea eta José Luis Zumetaz gain (dagoeneko aipatu ditugu), han ziren Juan Luis Goenaga, Rafael Ruiz Balerdi eta Vicente Ameztoy, baita UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko zenbait irakasle ere. Horiek bezain garrantzitsuak dira emakumezko artista eta diseinatzaileen izenak, maiz ahaztuak: Rosa Valverde, Laura Esteve, Estíbaliz Sádaba, Dora Salazar, Itziar Barrio, Susana Rico, Mel Mardaraz edo Eider Corral.

Ikerlanean 600 bat karatula aipatzen dira. Lanean aztertu diren azalen bidez ilustratutako disko guztiek ez zuten lortu arrakasta eta ospea; hau da, bilduman ez dira lan arrakastatsuak soilik jaso, sorkuntza edo diseinu grafikoaren aldetik adierazgarrienak izan ziren lanak jaso nahi izan baitira. Bilbaoren hitzetan, “Sarritan, bat etorri izan dira mugarri musikala eta kalitate grafikoa, baina, ikerlan honetan, aitortza merezi duten lanak berreskuratu eta ezagutarazi nahi izan ditugu, batez ere, emakumeenak, zeinak, zoritxarrez, askoz ere ezezagunagoak izan baitira”.

Bukatzeko… Gai izango zinateke karatularen bat nabarmentzeko?

Oso zaila da hain eremu zabalean baten bat aukeratzea, baina niri izugarri gustatzen zaizkit José Luis Zumetak Mikel Laboaren disko gogoangarri haietarako sortu zituenak (Bat, Hiru [1971] esaterako), edota Eider Corralek azken urteetan egin dituen diseinuetako batzuk.

Eta nolakoak dira gaur egun argitaratzen diren diskoen azalak?

Galdera ona da hori, eta erantzun zaila du. Musika kontsumitzeko dugun modua eta, ondorioz, musika industriaren errealitatea nabarmen aldatu dira azken hamarkadetan. Izan ere, duela hainbat urtetatik, zuzenean deskargatu eta erraz ekoitzi eta merkaturatu daiteke musika, euskarri finko batean argitaratu beharrik izan gabe. Hori dela eta, karatulen presentzia txikituz joan da. Hala eta guztiz ere, aldi berean existitzen dira deskarga digitalak eta bildumazaleentzako edizioak, edo desagertutzat jotzen genituen hainbat euskarri, biniloa kasu. Hortaz, denetarik dagoela esan dezakegu. Nik neuk, tarteka musika deskargatu egiten dudan arren, bereziki gustuko dut euskarri fisikoa eta, zaharkitua dirudien arren, aukeran, nahiago dut disko fisikoa deskarga digitala baino, edo liburua ebook-a baino.