‘Minbiziaren Aurkako Ikaskuntza-Zerbitzua Gela’ sortzea
Gela berria sortuko da Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta UPV/EHUko Arabako Campusak sinatutako hitzarmenaren bidez
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/06
Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta UPV/EHUk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute ‘Minbiziaren Aurkako Ikaskuntza-Zerbitzua Gela’ sortzeko. Egoitza izango du Arabako Campuseko Errektoreordetzan, Unibertsitate-Enpresa eta Ikaskuntza-Zerbitzua gelen eremuan. Hitzarmena sinatu dute Manoli Igartua Olaechea Arabako Campuseko errektoreordeak eta Miren Lourdes Bilbao Larrauri Arabako Minbiziaren aurkako Elkarteko presidenteak.
Azken urteetan, UPV/EHUren Arabako Campuseko zenbait ikastegik (Farmazia Fakultateak, Hezkuntza eta Kirol Fakultateak eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak) interesa erakutsi dute lankidetzan aritzeko Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin, hainbat arlotan: minbiziaren aurkako ikerketan, minbiziaren prebentzioari buruzko hezkuntzan, bizi ohitura osasungarrien sustapenean, jarduera fisikoan eta nutrizioan, eta pazienteentzako eta haien familientzako laguntza psikosozialean.
Hori dela eta, hitzarmen hau sinatu da lankidetza esparru bat eta oinarri batzuk ezartzeko UPV/EHUren eta Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen artean, "Minbiziaren Aurkako Ikaskuntza-Zerbitzua Gela" sortze aldera. Gela berriaren helburua izango da prestakuntza, ikerketa eta dibulgazio jarduerak egitea minbiziaren prebentzioaren eta biziraupenaren alorrean.
"Gela hau sortuz, ikaskuntza-zerbitzua bultzatu nahi dugu, prestakuntza gizarte konpromisoarekin uztartzen duen metodologia. Estrategia berritzaile horren xedea da gure ingurunearen benetako beharrei erantzutea, esperientzia bereizgarriak eskainiz gure ikasleei. Beren aldetik, ikasleek zerbitzu bat eskainiko diote gizarteari; kasu honetan: elkarlana Minbiziaren Aurkako Elkartearekin –nabarmendu du Manoli Igartuak–. Gainera, lagungarri izango da minbiziari buruzko gure ikertaldeen ikerketa bultzatzeko, lankidetza hitzarmen espezifikoak sinatuta".
Zehazki, akordio honen bidez, prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren dibulgazioa sustatzeko ekintzak antolatu nahi dira, minbiziaren aurkako borrokan, eta azterlan eta ikerketa lan akademikoak egin nahi dira, hezkuntza lankidetzarako programen (borondatezko praktikak), gradu eta master amaierako lanen eta doktorego tesien bidez («industria doktoregoa» aipamena duten tesiak batez ere).
Era berean, jardunaldiak, bisitak, mintegiak eta prestakuntza ikastaroak antolatuko dira, bi erakundeen artean, Araban minbiziaren prebentzioari, arretari eta ikerketari loturiko ezagutza sortzen eta zabaltzen laguntzeko. Azkenik, ikasleak bultzatuko dira elkartearen boluntariotza lanetan aritzera, eta haren jarduerak zabalduko dira UPV/EHUko kideen artean.
Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta, bere izenean, Miren Bilbao presidenteak oso positibotzat jo du lankidetza hori, gazteei iristeko aukera ematen dielako, etorkizuneko profesionalekin lehendabiziko harremana ezartzeko aukera ematen duelako elkartearen jarduera eremuetan, horrez gain, minbizia ikertzeko talentua bultzatzen delarik. "Horrelako aliantzen bidez lortu ahal dugu, eta ez beste edozein moduan, paziente eta senide gehiagorengana iristea eta % 70eko biziraupena lortzea. Lankidetza hau oso garrantzitsua da Elkarterako, izan ere, ikasleen artean gaixotasuna gizarteratzea bultzatzen du, gazteen artean boluntariotza sustatzen du, ingurune osasungarriak sortzea sustatzen du, minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzen du lurraldean eta aukera ematen digu geure doako zerbitzuak unibertsitate komunitatean zabaltzeko".
Hitzarmena sinatu ondoren, batzorde mistoa bildu da Arabako Campuseko ‘Minbiziaren aurkako Zerbitzuko Ikaskuntza Gelaren’ urteko Jarduera Plana adosteko. Bertan hartu dute parte Manoli Igartuak, Amaia Inzak, AECC Gelako zuzendariak, Julio María Callejak eta Mirari Aierbek, UPV/EHUren izenean, eta Miren Lourdes Bilbaok, Gorka Orivek eta Monica Morenok, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen izenean.