euskaraespañol

Medikuntzan eta Kirurgian doktorea. UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko irakasle titularra

Luis Carlos Abecia Inchaurregui: «Koronabirusa eta osasun publikoa vs. askatasuna eta erantzukizuna»

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/28

Irudia
Luis Carlos Abecia Inchaurregui. Argazkia: UPV/EHU

Osasun publikoa honela azaldu dezakegu: kolektiboaren ahaleginak administratzeko zientzia eta artea, osasuntsu dagoenaren osasuna indartu, sustatu eta babesteko, gaixotasunak prebenitzeko, gaixotasunak sendatzeko, eta desgaitasunen bat duena birgaitu eta birgizarteratzeko.

Zalantzarik gabe, gutako gehienentzat osasuna da garrantzitsuena bizitzan; osasunik ezean, gainerakoak ez du axola. Ikuspegi horretatik, osasunaren mesedetan egiten den guztiak guztien oniritzia duela dirudi. Ikuspuntu teorikotik, hori hala da eta ezin zaio kontra egin, baina arazoak sortzen dira osasun publikoko ekintza jakin batzuk gizarte errealitate jakin batean gauzatu nahi direnean. Orduan azaltzen dira kontrako iritziak, osasunaren gainetik eguneroko bizitzaren beste alderdi batzuk jartzen dituztenak; esaterako, banakoen askatasuna.

Oso zaila da, ezinezkoa ez bada, banakoaren askatasuna zehatz zedarritzea, are zailago kontuan hartzen bada muga horiek pertsonen araberakoak direla (zein diren sinesmenak, ideia politikoak, maila sozial, kultural eta ekonomikoa, etab.). Alabaina, osasun publikoko neurriak hartzen direnean biztanle talde osoentzat hartzen dira, salbuespenik eta pertsonalizatzeko aukerarik gabe.

Horrenbestez, osasun publikoko jarduera guztietan beharrezkoa da aldez aurretik aztertzea, ebidentzia zientifiko erabilgarriak kontuan hartuta, zer onura lortuko diren neurriokin, eta zer giza eta gizarte kostu izango duten. Ez da lehen aldia itxuraz oso onuragarriak diren ekintzak behin martxan jarrita espero adina onurarik ez dakartela ikusten dena.

Gainera, osasun publikoko funtsezko estrategiatako bat da herritarrek osasun maila gorena lortzea herritarren beraien parte hartze aktiboarekin. Batetik, agintari sanitarioek plan sanitarioak ezarri behar dituzte, planok koordinatu, etab., baina, bestetik, herritarrei haietan parte hartzen utzi behar diete, gauzatu behar diren ekintzen egiazko eragile eta protagonista izan daitezen. Horretarako, herritarren erantzukizuna behar-beharrezkoa da.

Argi dago guztiek ez dutela berdin erantzungo; beti topatuko ditugu arduragabe totalak, adituek emandako aholkuei obedituko ez dietenak. Alabaina, herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskatu behar zaie, gauden borrokaren egiazko protagonistak beraiek direla sentitzeko.

Horren guztiaren oinarrian hezkuntza sanitarioa dago; alegia, Terris-en hitzetan, gaixotasunen eta osasun egoeraren gaineko bigarren iraultza epidemiologikoa. Hezkuntza sanitario horrek bi habe izan behar ditu: lehena, egoerari buruzko informazio argi eta gaurkotua ematea (gaixotasuna dutenen datuak eta hildakoenak hobetzea, iragarpenak egitea, etab.), eta bigarrena, herritarren eskura baliabideak jartzea, prebentzio neurriak hartu ahal izan ditzaten (diagnostiko test gehiago, maskarak, etab.).