euskaraespañol

Eguneko irudia

Aitor de Vicente Aguirre

Kolageno-osagarrien inguruko egia

Dermatologiako irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/26

Imagen de jcomp en Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gaztetasuna saritzen duen eta zahartasuna gaitzesten duen gizarte honetan, zahartzearen aurkako tratamenduek interes handia piztu dute herritarrengan eta dermokosmetikaren eta elikagaien industrietan. Eta horien artean, kolageno hidrolizatua da azken urteotan gehien eskatu den elikadura-osagarrietako bat. Baina, zein dira haren benetako ondorioak?

Kolagenoak –grezieratik ‘kola’ (goma) eta ‘gen’ (sortzea)–, gorputzeko proteinen % 30 denak, berebiziko garrantzia duen egiturazko funtzioa betetzen du larruazalaren, muskuluen, kartilagoaren eta hezurraren ehun konektiboan. Zelulaz kanpoko matrizearen (gorputzeko zelulak eta ehunak inguratzen eta eusten dituzten molekulen sistema) elementu nagusia da, zuntz elastikoekin, azido hialuronikoarekin eta proteoglikanoak deritzen beste konposatu batzuekin batera (proteinei lotutako polisakaridoak).

Adina eta eguzkia, azal leunaren etsaiak

Arazoa da, 40 urtetik aurrera, larruazalaren kolagenoaren % 1 galtzen dugula urtero.

Horri erradiazio ultramorearen –narriaduraren faktore estrintseko garrantzitsuena da– ondorioa gehitu behar diogu. Eguzkiarekiko esposizioak nahasmenduak eragiten ditu DNAn eta larruazalaren egiturazko makromolekulen oxidazioan. Zuntz elastikoak eta kolageno zuntzak zatitzea eta desantolatzea eragiten du. Horren guztiaren ondorio dira zimurrak agertzea, irmotasuna galtzea eta larruazalaren lehortasuna eta zimurtasuna areagotzea.

Azken hamar urteetan argitaratutako hainbat azterlan eta metaanalisik erakutsi dute ahotik kolageno hidrolizatua kontsumitzea onuragarria izan daitekeela larruazalerako: zimurrak murrizten ditu eguzki argiaren eraginpean dauden eremuetan, larruazalaren hidratazioa areagotzen du, elastikotasuna hobetzen du, kolagenoaren zatiketa gutxitzen du eta haren dermiseko dentsitatea handitzen du. Hala ere, osagarri horien ekintza mekanismoa argitu gabe dago oraindik.

Ikerketa batzuen arabera, kolageno hidrolizatua kontsumitzeak zelulaz kanpoko matrizearen proteinen sintesia handituko luke, dermiseko fibroblastoak (ehun konektiboko zelulak) aktibatzearen eta erradiazio ultramoreak eragindako fotozahartzearen ondorioak geldotzearen bidez. Horrela, oxidazio kaltea gutxitzen da eta zelulaz kanpoko matrize horretako proteinen tolestea hobetzen da.

Hala ere, lan horiek joerak eta mugak dituzte. Lehenik eta behin, ikerketa urriak dira, eta oso heterogeneoak. Laginen tamaina txikia da eta, kasu askotan, konpainia fabrikatzaileek berek finantzatzen eta sustatzen dituzte. Gainera, ez dituzte bereizten kolageno iturriak edo motak, erauzteko metodoak, soluzio edangarriak eta gelatinak, tratamenduaren iraupena edo eguneko dosia.

Nondik ateratzen da?

Jatorriari dagokionez, kolageno hidrolizatua kolageno birkonbinatutik (bakterio, lizun, intsektu, landare edo ugaztunen zeluletatik) edo iturri naturaletatik (animalia eta landareetatik) lor daiteke. Gehiena ugaztunetatik (behietatik eta txerrietatik, kasu) edo hegaztietatik lortzen da.

Ekoizpena eta erauzteko metodoak errazak eta merkeak dira, baina kolageno horietako askoren kontsumoa arrazoi erlijiosoek, kulturalek edo dietetikoek mugatzen dute. Hori da begetarianoen kasua, askotan osagarriak egiteko lehengaiek animalia jatorria izaten baitute. Gainera, zeharkako efektuak oso urriak izan arren, infekzioen iturri izan daitezke, hala nola behien entzefalopatia espongiformea.

Azkenaldian, itsas iturriek atentzioa eman diete ikertzaileei. Arrainen erraiek, buruek eta arantzek hondakin kopuru ikaragarria sortzen dute: 20 milioi tona inguru urtean. Ur bero zein hotzeko arrainen azala, arantzak eta ezkatak aprobetxatzen dira; tartean, hauenak: muxarra, gaizkata, silurua eta mihi-arraina.

Argi-ilunak, baina batez ere ilunak

Dosia gorabehera (2,5 eta 10 gramo artekoa izan daiteke egunean), emaitzak 60-90 egun igaro ondoren ikusi omen daitezke, baina tresna desberdinak erabiltzen dira horiek neurtzeko. Tratamenduaren prezioa 600 dolarrekoa izan daiteke urtean (550 euro inguru).

Benetako eraginkortasuna baloratzeko lehen arazoa da konposatu komertzial gehienek bitaminak, mineralak, antioxidatzaileak, Q10 koentzima, azido hialuronikoa edo kondroitina sulfatoa konbinatzen dituztela, baina onurak kolagenoari bakarrik egozten zaizkio.

Kontsumoarekin batera, produktu horien promozioa ere ikaragarri handitu da sare sozialetan. Dibulgatzaile askok –osasun arloko langileak izan gabe eta egiaztatu gabeko datu zientifikoekin– kolagenoaren onura errealak goraipatu dituzte, baina egiaztatzeko zailak (edo zuzenean gezurrezkoak) diren beste bertute batzuk ere egotzi dizkiote. Horrela, adibidez, baieztatzen da loaren kalitatea eta gogo aldartea hobetzen dituela, urdaileko azidotasunari eta artritisari aurre egiten diela, alzheimerra prebenitzen duela edo osasun kardiobaskularrean eta gastrointestinalean ondorio babesleak dituela.

Propietate horiek zabaltzeak saihestu egiten badu kontsumitzaileak beren gaitzetarako sendagai egokiekin tratatzea, arrisku larriak sor daitezke pertsona horien osasunean.

Argi dago kolageno hidrolizatuaren ondorioak etorkizun handikoak direla, baina azterketa zorrotzagoak behar dira haren erabilgarritasuna zehazteko. Horregatik guztiagatik, ondoriozta dezakegu eguzki iragazkien bidezko fotobabesa edo erretinoideen erabilera (A bitaminaren deribatuak) oraindik ere eraginkorragoak eta errentagarriagoak direla zahartzearen zantzu goiztiarren prebentzioan eta murrizketan, kolageno hidrolizatuaren kontsumoarekin alderatuta.

The Conversation